Gilen Tuterakoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Tutera, XII. mendea |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | XIII. mendea ( urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako okzitaniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, goi-funtzionarioa eta Kalonjea |
Gilen Tuterakoa[1] (okzitanieraz: Guilhèm de Tudèla, fl. 1199-1214) XII. mendean Tuteran jaiotako trobadorea da. Okzitanierazko Cançon de la Crosada Gurutzada Albitarraren kantu epikoaren lehen zatia egin zuen.
Idatzitako kantuko lehen lerroetan bere buruaz ematen dituen datuen arabera Tuteran jaio zela eta maisu zein elizgizon zela esaten du; hitz horiekin ikasketak egin zituela eta eliza katolikoaren barruko urratsak emanak zituela adierazi nahi zen. Geomantzia ere ikasi zuela agertzen da.
Hortik aurrera bere bizitza Okzitanian eman zuen, ezagutzen den heinean. 1199an Montaubanera joan zen; han 11 urtez bizi izan zen. 1210ean geomantziaren bidez etorkizunaz omen zituen ezagutzak bultzatuta Borniquèlera joan zen. Carcingo hiria Balduino Tolosa Okzitaniako Raimundo VI.a kondearen anaiari utzi berria zen. Bizitoki aldaketa honekin -eta baliteke hori izatea tuterarraren helburua- Gilen Balduinoren zerbitzuan hasi zen. Sent Antoninen kalonje bihurtu zen; herri hori Simon IV.a Montfortekoak hartu eta Balduini eman zion apur bat lehenago.
Gilen orduan hasi zen "Gurutzada Albitarraren kantua" idazten. 1210ean hasten den olerkiaren lehen zatia Gilenek 1213an amaitu zuela dirudi, gaur egun ezagutzen dugun eran bederen. Ondo informatuta zegoela igertzen da kontakizunean.
Bere bizitzaz dakiguna 1213-1214an bukatzen da. Urte horretako otsailaren 17an Raimundo kondeak bere anaia Balduin harrapatu eta exekutatu zuen; beraz, nafarraren olerkia Balduin oraindik bizirik dagoela ari zaigu. Gilenek idatzitako zatia 1213ko irailaren 12ko Murètheko guduaren aurretik amaitzen da: Raimonek Tolosa galdu zuen bataila izanik, Balduin irabazi zutenen aldean egotea traidoretzat jo eta exekutatua izateko aitzakia izan zen. Gilen Tuterakoa gertaera horien ostean bizirik bazegoen, episodio horien kontakizuna gelditzeko aginduko zioten seguruenera. Balizko estatu okzitaniar-katalanaren aukera zapuztu eta Okzitaniaren gainbehera markatu zuen guduaren aurrean tuterarra eliza katolikoaren ekintzaren eta Simon Motfortekoaren alde agertzen da baina batailan hil zuten Petri II.a Aragoikoa eta Bartzelonakoa eta katalanak errespetu handiz tratatzen ditu.
Okzitanierazko literaturan zein herrialde honetako historian -bereziki kataroen kontrako jazarpenaz- garrantzi handikoa den Cançon de la Crosada honetako bigarren zatia olerkari anonimo batek egin omen zuen, Saverio Guida ikertzaileak Gui de Cavalhonek idatzi zuelako hipotesia defendatzen badu ere [2]. Gileni dagokionez, Navas de Tolosako guduari buruzko kantua egiteko asmoa izan ei zuen baina ez zuen amaitzeko aukerarik izan.