Ginezeo (grezieraz: gynaikonitis/γυναικωνῖτις edo gynaikeion/γυναικεῖον)[1] Antzinako Greziaren etxe handietan emakumeentzako egokitutako gela edo saloia zen. Espazio horretan emakumeak bakarrik sartzen ziren: emaztea, alabak, neskameak. Gizonentzako pareko gelak andron izena zuen.[2] Gizonezko bisitariek ere ezin zuten ginezeoan sartu.[3]
Normalean etxearen alde babestuenean egoten zen. Hasieran bigarren solairuan egokitzen zen. Beheko solairuak gizonentzat izaten ziren. Dena dela, denboraz, etxeak era aberatsagoz egiten zirenean, ginezeoa lehen solairuko atzealdean egoten zen, beraz gizonentzako solairu berean.
Batez ere hirietako etxeak oso zabalak izaten ziren. Bi alde izaten zituzten: gizonek erabiltzen zutena edo andronitis, eta emakumeek erabiltzen zutena edo gineconitis zein ginezeo. Ate nagusitik thyrorcionen edo pasilu luzean sartzen zen; pasilu horen mutur batean zaldutegiak zeuden eta bestean atezainaren gela. Etxeko atea Apolo Lixias, Hermes edo Merkurioren irudia jartzen zen, apaingarri gisa baina baita ere etxea babesteko. Ginezeo aurretik peristilo edo ezkaratza zegoen: zutabeekin eta atariekin antolatutako patioa; peristiloko hegoaldean ate nagusia zegoen, anta batez apainduta; hortik pastas izeneko espazioan sartzen zen; pastas oso apainduta egoten zen atartea zen. Atarte horretatik ate nagusitik acusen sartzen zen; han etxeko andreak eguna ematen zuen bere lanak egiten. Pastasen baziren beste ate apalagoak, thalamus edo logelan sartzeko eta amphi-thalamus edo gelarurrean sartzeko; azken honetan emakume esklaboak egoten ziren. Peristilo inguruan beste espazioak egoten ziren ere: neskameak lo egiteko, jateko gela...[4] [5]
Antzinako Grezian emakumeak bazterketan bizi ziren: etxetik gutxi ateratzen ziren eta beti zaintzapean egoten ziren. Ondo ikusita zegoen emakumea otzana eta apala izatea.