Glasgowko Arte Modernoaren Museoa | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Eskozia |
Eskoziako kontseilu gunea | Glasgow City |
Arkitektura | |
Deskribapena | |
Irekitze data | 1996 |
Webgunea | http://www.glasgowlife.org.uk/museums/goma/Pages/default.aspx |
Glasgowko Arte Modernoaren Galeria (ingelesez: The Gallery of Modern Art, Eskoziako gaeleraz: Gailearaidh Ealaín Úr-nósach) Eskoziako Glasgow hiriburuan dagoen museo bat da, GoMA izenaz ere ezagutzen da. Bertako eta nazioarteko arte garaikidea erakusten du bi urtetako proiektuen bidez. A mailako eraikina izendaturik dago.
Royal Exchange Square enparantzan dagoen eraikin neoklasiko batean kokaturik dago. Eraikin hau 1778an eraiki zuen William Cunninghame tabakoaren magnateak. Hasiera batean udaletxea izan zen baina beste hainbat erabilpen ere izan zituen. 1827 eta 1832 artean berriztatze lanak egin eta hainbat elementu gehitu zizkion David Hamilton arkitektoak, zutabe korintiarrak, kupula eta sarrera areto handia.
1996an Arte Modernoaren Galeriak bertan ireki zituen ateak eta ordutik aurrera milioika bisitari izan ditu. 2012 urtean esate baterako 595.977 izan ziren bertan, Glasgow hiri osoaren biztanleria beste.
David Hockney, Sebastião Salgado eta Andy Warholen lanekin batera eskoziar artista modernoen lanak ere badaude, hala nola John Bellany eta Ken Currierenak.
Galeriaren aurrean Wellington dukearen estatua dago, 1844an Carlo Marochettik egindakoa. Ohikoa da trafikio konoa buruan duela ikustea. Urte askotan zehar polizia konoa kentzen ibili da baina berriz azaltzen zitzaion buruan. Dagoeneko gida turistikotan ere azaltzen hasia zenez bertan uzteko erabakia hartu zuten.
2002an UEFAko Txapeldunen Ligako finala Glasgowen jokatzekoa zenez futbol baloiaren diseinua zeukan konoa ezarri zioten eta 2012ko Olinpiar Jokoetan urre koloreko konoa ezarri zioten.