Greziar papiro magikoak | |
---|---|
Jatorria | |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | antzinako greziera |
Greziar papiro magikoak (Papyri Graecae Magicae latinezko izenburutik normalean PGM bezala laburtua; papyri papyrus-en plurala da) testu multzo baterako termino kolektiboa da. Testu gehienak antzinako grezieraz idatziak dira (baita koptoeraz, egiptoera demotikoz eta abarretan ere) eta Egiptoko basamortuetan aurkitu dira. Nolabait Egipto greko-erromatarraren sinkretismo magiko-erlijiosoari eta bere inguruko eremuari buruz argia ematen duten.
Eskuizkribu hauetako garrantzitsuenetako eta landuenetako bat Mithraren Liturgia izenaz ezagutzen dena da.[1]
Papiro gehienak K.a. I. mendetik IV. mendera bitartekoak dira. Badira VII. mendera iritsi arte iristen dirnak, baina azken denbora-tarte horretako material urri eta balio gutxikoa aurkitu da.
Papiro magikoek osatzen duten multzoa Karl Preisendanz aditu alemaniarrak jaso zuen lehenik XX. mendearen hasieran, eta berak argitaratu zituen bi liburukitan, 1928an eta 1931n. Proiektatutako hirugarren liburuki bat (testu eta aurkibide berriak zituena) Leipzigen izandako Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketan suntsitu zuten.
Testu berriak II. liburukiaren 1974ko edizioan sartu ziren (Preisendanz hil ondoren argitaratua), baina aurkibideak adituen artean soilik zabaldu ziren konposizio-proben kopia xerografiatu gutxi batzuetan. Gaur egun, indizeak zaharkituta daude, PGMak Thesaurus Linguae Graecae datu-basean argitaratu zirenetik eta hainbat komunztadura eta hiztegi argitaratu zituztenetik.
Papiro-zati horietako asko sorginkeria-liburuak, arkanoen ezagutza-gordailuak eta sekretu mistikoak izango zirenen orri edo laburpen osatu gabeak dira. Berreraiki ditzakegun neurrian, liburu horiek bi kategoria handitan sailkatzen dira: batzuk sorginkeria eta idazkera magikoen bildumak dira, bildumagile jakintsuek batuak, interes akademikoa izan zezaketelako edo magiari buruzko ikasketa motaren baterako erabil zitezkeelako; besteak mago ibiltarien lan-eskuliburuak izan zitezkeen, beren arao errepertorioa, kasu guztietarako formulak barne. Sarritan, prestakuntza txikiko magia-erabiltzaileak ziren, eta entretenimenduan eta ikuskizunean jarduten zuten pertsonatzat izan zitezkeen. Ez ziren Egiptoko ohiko magoak bezalakoak, azken horiek prestakuntza handia izan baitzuten eta apaiz-elite errespetatua baitzen. Orriek sorginkeriak, errezetak, formulak eta esaldiak dituzte, hitz magikoekin tartekatuta eta askotan takigrafiaz idatziak, formula ohikoenetarako laburdurekin. Aztikeria horiek gai zabalak hartzen dituzten euren baitan: jainko ilun eta deabruen deialdi ikusgarri eta mistikoetatik, herri-erremedio eta are saloi-trikimailuetara ere hedatzen dira; madarikazio hilgarri izugarrietatik, amodiozko sorginkerietara, ezintasunerako sendabideetara eta gaitz mediko txikiagoetara.
Kasu askotan, hitzen eta esaldien formulazioak erromatar madarikazio oholtxoetan (defixiones edo sorginkeria lotesleak - antzinako grezieraz: κατάδεσμοι-) aurkitutakoen oso antzekoak dira, hala nola ostraka, kutun eta berunezko piluletan inskribatutakoak.
Defixiones horietako batzuk K.a. VI. mendean data daitezkeenez, eta Atenas, Asia Txikia, Erroma eta Sizilia (baita Egipto ere) bezalako leku urrunetan aurkituak izan direnez, jarraikortasun maila bat ikus daiteke PGMen eta madarikazio oholtxoen artean, eta PGMetan oinarritutako azalpen teoriko batzuk mundu grekoerromatar orokorreko kulturaren ikerketan aplika daitezkeela uste dute batzuek .
Papiro magiko helenistikoen erlijioa greziar, egiptoar, judu, babiloniar eta kristauen erlijio-eraginen sinkretismo landua da, Egipto greko-erromatarraren ingurune guztiz bereziak sortuak. Sinkretismo hori osagai askotan ikus dezakegu papiroetan. Sarritan, olinpiar jainko-jainkosei beren egiptoar homologoen atributuak ematen zaizkie, eta alderantziz, jainko egiptoarrak izen grekoen bidez aipatuta aurki ditzakegu. Adibidez, Afroditari (Hathor egiptoarrarekin lotua zena) Neferieris (antzinako egiptoerazko Nfr-iry.t, «begi ederrena» esan nahi duena) izen apotropaikoa ematen zaio.[2]
Eragin kulturalen kakofonia horren barruan, Grezia klasikoko materiala ikus dezakegu oraindik ere, eta, beharbada, "herri-erlijio" eskuragarriagoaren alderdiak identifika ditzakegu, literatura-testu nagusietan gordetakoak baino. Batzuetan, jainko grekoak argi berri baten pean ikusten ditugu, deabruzko jainkoak bezala agertzen dira, piztiak, olinpikoak baino askoz ere ktonikoagoak, eta tradizio ilunago, desegokiago batean dituzte sustraiak, nahiz eta gaur egun, guretzat irudi ez-ohikoak izan. Neurri batean, Egiptoko erlijioaren eragina da, zeinean piztiaren gurtza eta jainkotasunaren izua elementu ezagunak baitziren, eta era berean, ikusten dugu testu magikoen testuinguruak halako jainko gaiztoei egokitzen zitzaiela.