Hawala

Hawala edo hewala (arabieraz: حِوالة‎ḥawāla, euskaraz: «transferentzia»), baita havaleh persieraz[1] eta xawala edo xawilaad[2] somalieraz ere, funts-transferentzia informaleko sistemetako bat da. Hawala hitzak "transferentzia" edo "kablea" esan nahi du arabiar banku-jargan. Euskarazko "abal" hitzak, gaztelaniazko, katalanezko eta frantsesezko aval, edo italierazko vallo hitzak hawala hitzarekin lotura zuzena dutela dirudi.

Hawala sistema funtsak toki batetik bestera transferitzeko kanal informal bat da, «hawaladar» izeneko zerbitzuen hornitzaileen bidez. Oro har, transakzio gehienak herrialde garatuetan bizi diren langile etorkinek egiten dituzte, eta sistema garapen bidean dagoen herrialde batetik funtsak bidaltzeko ere erabil daiteke, nahiz eta transferentziaren helburua desberdina izan.

Hawalaren erakargarritasuna kostu txikienak izatea, azkartasuna, dokumentazio gutxi, segurtasun handiagoa eta finantza sistema formala baino burokratikoagoa ez izatea dira.[3] Bestalde, «hawaladar»rek (abal-emaileek) kobratutako komisioak sistema formalekoak baino txikiagoak dira, askotan kanbio-tasak sortutako diferentzialetatik ateratakoak. Sistemaren bizkortasuna mekanismo operatibo erraz batek bultzatzen du: telefonoz, faxez edo e-mailez ematen zaizkie ordenak korrespontsalei, eta 24 orduko epean funtsak etxean jasotzen dituzte.

Nola funtzionatzen duen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hawala transakzio baten azalpena

Irudian, Hawala nola funtzionatzen duen azaltzen dugu: (1) bezero bat (ezkerreko aldean) hiri bateko «hawaladar» batera hurbiltzen da (X) eta diru kopuru bat (gezi gorria) ematen dio (B, eskuineko aldea), beste leku batean entregatzeko instrukzioekin. Diruarekin batera, pasahitz baten antzeko zerbait zehaztu ohi du, dirua eskuratuko duena identifikatzeko (gezi urdinak). (2B) «Hawaladar X»-ak «Hawaladar M»arekin harremanetan jarriko da eta hitzemandako pasahitzaz informatuko dio. Gero, ordaintzaileak (A) hartzaileari (B) pasahitzaren berri emango dio. Hau «Hawaladar M»ra hurbildu eta adostutako pasahitza (2a) esango dio. Pasahitza zuzena bada, «Hawaladar M»-k B hartzaileari (3b) transferitutako kopurua emango dio, normalean komisio txiki baten truke. «Hawaladar X», funtsean, «Hawaladar M»ren enpresari dirua zor dio; beraz, «Hawaladar M»ak konfiantza izan behar du «Hawaladar X»ek zorra kitatzeko emandako hitzaz.

Eragina ekonomian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funts-transferentzia informaleko sistemek makroekonomian ondorio zuzenak eta zeharkakoak dituzte. Sistema horiek eragin handia dute ordainketa-balantzetan, bai transakzioak hasten dituzten herrialdeetakoan, bai horiek jasotzen dituztenetakoan. Transakzio horiek ofizialki erregistratzen ez direnez, dibisa-bidalketak ez dira erregistratzen herrialde baten aktiboaren edo bestearen pasiboaren gehikuntza gisa. Bestalde, funts horien igorleek eta hartzaileek zergarik ordaintzen ez dutenez, haien jarduerek ondorio garrantzitsuak dituzte diru-sarrera fiskaletan. Askotan, transakzio horiek kapitalek ihes egiten edo zuritzen edota terrorismoa finantzatzen laguntzen dute.[4][5]

Agintari ekonomikoek ezin dute transferitutako diru kopurua zehaztu, baina ordainketa-balantzatik eta immigrazio datuetatik sortutako kalkuluen arabera, milaka milioi dolar mugitzen direla suposatzen da. Herrialde batzuetan hawala debekatuta dagoen arren, ezinezkoa da funts-transferentzia informaleko sistemak modu eraginkorrean kontrolatzea, sinpleak eta anonimoak direlako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «How Iranians are avoiding sanctions» Financial Times.
  2. (Ingelesez) Thompson, Edwina. (2013ko iraila). Safer corridors rapid assessment — Somalia and UK banking. Erresuma Batuko Gobernua, 5 or..
  3. (Gaztelaniaz) «Una vieja forma de mover dinero» El País 2001/10/14.
  4. (Gaztelaniaz) Martín de Pozuelo, Eduardo. (2014/04/05). «Cae una red de financiación de terroristas y narcos en España» La Vanguardia.
  5. Müller, Sebastian R.. (2006). Hawala. An Informal Payment System and Its Use to Finance Terrorism. (Broschiert - Dez. ISBN 978-3865506566..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]