Helmut Heissenbüttel | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Wilhelmshaven eta Rüstringen, 1921eko ekainaren 21a |
Herrialdea | Alemania |
Heriotza | Glückstadt, 1996ko irailaren 19a (75 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: pneumonia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, antzerkigilea eta ipuingilea |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Alemaniako hizkuntza eta literatura akademia Berlingo Arteen Akademia |
Mugimendua | Gruppe 47a |
Genero artistikoa | saiakera |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Helmut Heissenbüttel (Rüstringen, Wilhelmshaven, Alemania, 1921eko ekainaren 21a - Glückstadt, Alemania, 1996ko irailaren 19a) alemanezko idazlea izan zen.
Arkitektura, artearen historia eta filologiako ikasketak egin zituen, Dresdenen eta Leipzigen 1942tik 1945era bitartean, eta Hanburgon 1946tik aurrera. 1955ean, Claasen argitaletxean hasi zen lanean, irakurle gisa, eta 1957an, Stuttgarten, Süddeutscer Rundfunk irratian. Beste sari askoren artean, 1990ean, Schleswig-Holstein Arteen Saria eta Austriako Literatura Sari Nazionala jaso zituen.
F. Mon, E. Gomringer eta Heiinz Gappmayrrekin batera, Heissenbüttel poesia konkretuaren sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zen. Hasieran, hizkuntza tresna gisa erabili ordez, jolas gisa erabiltzeko saio abangoardista besterik ez bazen ere, beste definizio bat eta beste zentzu bat eman zien literaturaren mugei eta aukerei, lehenengo argitalpenetan bertan argi geratu zen bezala: Kombinationen (1954, Konbinazioak) eta Topographien (1956, Topografiak).
Poesia-molde tradizionala ez zen egokia berak lortu nahi zuenerako, eta, beraz, molde batere ez konbentzionalak erabiltzea proposatzen zuen, muntaketaren, pilaketaren eta antzeko beste metodo batzuen bidez, hizkuntza-inbentarioa egiteko.
Poesiaz gainera, saiakerak idatzi zituen, literaturari buruzkoak gehienak: Über Literatur (1966, Literaturaz), Textbücher 1-6 (1960-1967, Testuliburuak 1-6). 1970ean Projekt Nr. 1 (1. proiektua) argitaratu zen, izenburu bereko liburu-sail bateko lehenengoa, irekitako bideari jarraitzeko asmoz. Liburu horien bidez Heissenbüttel gertaera sozialak, historikoak eta politikoak islatzen saiatu zen, irakurleak bakarrik zehaztu behar dituen formak erabiliz. Beste lan batzuk: Textbuch 10. Von Liebeskunst (1986, 10 testuliburua. Maitatzeko arteaz), Fünf Kommentare und sechs Gedichte (1987, Bost iruzkin eta sei poema).