Hezkuntza-txartel

Hezkuntza-txartela, edo memorizazio txartela (ingelesez, flashcard), memorizatzean lagungarri den txartela da. Txartelak bi aldeetan informazioa du, eta bi informazio horiek nolabait lotuak dira. Informazio horiek mota askotakoak izan daitezke, baina harreman zuzena dutenak, galdera erantzunak edo hitz bera bi hizkuntza ezberdinetan, adibidez. Txartelaren alde bat begiratuz beste aldean idatzia dena oroitzen saiatzen da erabiltzailea. Normalki sortaka biltzen dira, eta tarteka ikusi eta berrikusiz informazioa gogoan finkatzea da helburua.

Hezkuntza-txartelen erabilera ohikoa da hizkuntzen ikasketan (hiztegia ikasteko), baina beste hainbat arlotan ere erabiltzen dira (formulak, datak...) betiere bi informazio lotuz. Metodo malgua denez (bi informazio erlazionatzea eskatzen du, besterik ez), memorizazioa tartean den edozein ikasketa prozesutan erabil daiteke.

Hezkuntza-txartelen eraginkortasuna burmuinaren epe luzeko memoria aktibatzean datza. Informazio bat epe luzeko memorian atxikitzeko moduetako bat, informazio hori tarteka burmuinari gogoraraztea baita. Izan ere, gogora ekartze prozesua da burmuinak informazioa epe luzeko memorian gordearazten duen mekanismoetako bat. Metodoa eraginkorra izateko, hezkuntza-txartelak behin eta berriz erabili behar dira, erabilpenen artean denbora tarteak utziz.

Oinarrian, txartel edo karta sortak noizbehinka hartu eta alde bat begiratuz beste aldea asmatzean datza. Ikasi beharreko informazio berriarekin txartel berriak gehitzen dira sortara, eta erabiltzaileak ongi barneratua duen informazioa duten kartak sortatik kentzen dira. Horrela, sortako kartek ikasketa prozesuan izaera esanguratsua mantenduko dute eta txartel kopurua ez da gehiegi haziko.

Zenbat eta errazago oroitu, orduan eta gutxiago erabiltzen da txartel jakin bat. Zailtasunak agertuz gero, txartel erabiliagoen sortara pasatzen da.

Metodo landuagoetan, txartel sorta ezberdinetan banatzen dira, erabiltzaileak informazioa gogoratzeko duen erraztasunaren arabera. Informazio berriena eta gogoratzen zailena txartel sorta erabilienean biltzen da. Informazio hori errazago oroitu ahala (erantzun zuzena askotan oroituz gero), txartela bigarren sorta batera pasako litzateke. Sorta hau gutxiagotan erabiliko luke erabiltzaileak. Bigarren sorta honetako informazio bat oso errazki oroitzen baldin balu, hirugarren sorta batera pasako litzateke. Azken sorta hau oso gutxitan erabiltzekoa litzateke.

Funtsean, informazio ezezagunena askotan berrikusten da, eta informazio ezaguna gutxitan. Gutxitan berrikusi arren erabiltzaileak azken sortako kartaren bat oroitzeko gaitasuna galtzen ez badu, alde batera utz daiteke. Aldiz, informazioa oroitzeko arazoak balitu, sorta erabiliago batera lekualdatu beharko litzateke dagokion karta.

Metodo honekin bi gauza lortzen dira:

  • Erabiltzaileari informazio barneratua eta ez barneratua sailkatzen laguntzen dio, eta karta bat guztiz alde batera noiz utz daitekeen argiago azaltzen zaio.
  • Informazio barneratuagoa gutxiagotan ikusiz, erronka zailagoa ezartzen zaio burmuinari, epe luzeko memorian artxibatzera bultzatuz.
Hiru karta sortako erabileraren adibidea. Erantzun zuzenen edo okerren arabera kartak beste sorta batera lekualdatzen dira.

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]