Homoerotismoa sexu bereko kideen arteko erakarpen sexuala da, ar-ar nahiz eme-emea[2]. Kontzeptua homosexualitatearen kontzeptutik ezberdina da: bereziki desioari berari egiten dio erreferentzia, aldi baterako izan daitekeenari, eta homosexualitateak, aldiz, identitate edo sexu-orientazio egoera iraunkorrago bat dakar. XIX. mendeko homosexualitatearen ideia baino askoz ere zaharragoa da, eta arte bisualetan eta literaturaren historian zehar irudikatu edo agertzen da. Arte performatiboetan ere aurki daiteke, antzerkian zein antzeko formetan (adibidez, Wandervogel eta Gemeinschaft der Eigenen).
Antzinako poesiaren lehen garaietatik drama modernoraino aztertu den dikotomia bat da[3]. Horrela, adituek testuinguru historikoa aztertu dute hainbat irudikapen homoerotikoetan, hala nola mitologia klasikoan, Errenazimentuko literaturan, antzinako Greziako margo eta basailuetan eta antzinako erromatar ontziterian.
Nahiz eta homoerotismoa sentimendu interpertsonaletik diferentea izan daitekeen —tradizio artistiko eta performatiboen multzo gisa, non sentimendu horiek kulturan gorpuzten diren eta horrela gizarte zabalagoan adierazten diren—, autore batzuek antzinako autoreengan izandako esperientzia pertsonalen eragina aipatu dute, hala nola, Katulo, Tibulo eta Propertzio beren poesia homoerotikoan.