Idazkera paleohispanikoak Iberiar penintsulan sortu eta alfabeto latinoa idazketa-sistema nagusi bihurtu aurretik erabili ziren idazketa-sistemak dira. Gutxienez, K.a. V. mendetik (agian K.a. VII. mendetik) aurrera eta K.a. I. mendearen amaiera arte edo K.o. I. mendearen hasiera arte[1] erabili ziren.
Alfabeto greko-iberikoa izan ezik (alfabeto greko joniarraren egokitzapena), gainerako eskritura paleohispanikoek ezaugarri tipologiko bereizgarri bat dute: balio silabikoa duten zeinuak dituzte kontsonante herskarietarako (d, g, p, t, k..), eta balio alfabetikoa duten zeinuak gainerako kontsonante eta bokaletarako. Idazketa-sistemen sailkapenaren ikuspuntutik, ez da alfabetoa ez eta silabarioa, baizik eta normalean erdi-silabario gisa identifikatzen den erdibideko idazkera mota. Signario edo zeinu-multzoa izendapena ematen zaie.
Beheko tauletan ikus daitekeen bezala, fonema batzuk ez dira bereizten hauetako idazkera batzuetan. Adibidez, zeltiberiar ez dualean, zeinu berdinez idazten dira fonema hauek: BA eta PA, BI eta PI, PE eta KE, GA eta KA, DA eta TA, eta abar. Ipar-ekialdeko idazkera iberikoan, bereizten ez direnak dira: G eta K, D eta T[2] (P-rik ez dago iberieraz). Sistema dualetan kontsonanteak hobeto bereizten dira; idazkera mota horiek ez dualak baino zaharragoak dira.
Jatorriari buruz ez dago adostasunik: ikertzaile batzuen ustez, haien jatorria soilik feniziar alfabetoari lotuta dago; beste batzuentzat, berriz, sortzeko unean, alfabeto grekoak ere eragina izan zuen.
Hizkuntza paleohispanikoek Iberiar Penintsulan bertan sortutako eskritura erdisilabiko hauek nahiz alfabetatze kolonialak erabili zituzten, hala nola greko joniarra edo latina.[3]
Idazkera paleohispanikoak sailkatzeko eta izendatzeko hainbat proposamen egon dira, ez oso ezberdinak euren artean. Gehienetan, hiru multzo handitan banatzen dira: Ipar-ekialdeko iberikoa (edo Levanteko iberikoa), Hegoaldeko iberikoa (edo hego-ekialdeko iberikoa) eta hego-mendebaldekoak.[2] Izan ere, nahiz eta signario (zeinu-multzo) guztiak antzeko zeinu-errepertorioa erabili, zeinuek adierazten dituzten balioengatik bereizten dira argi eta garbi.
Zeltiberierak Ipar-ekialdeko iberikoaren moldapen bat dira, eta bi bereizten dira: ekialdeko zeltiberikoa eta mendebaldeko zeltiberiera. Egile batzuek ipar-ekialdeko iberikoarengandik bereizten dituzte.[2] Ebro iparraldean, oraindik identifikatu ez den beste zeinu-multzo bat dago. Hegoalde mendebaldeko idazkeren kasua korapilatsuagoa da, zeinu asko ez baitira oraindik ondo bereizten.
Ia erabat deszifratuta daude.[4]
Ingurune geografiko horretan, baskoien hiriak barne hartzen dituena, garai horretarako ohikoak diren signario iberiarretan eta zeltiberiarretan agertzen ez diren hainbat zeinu identifikatu dira, edo agertzen direnean, kasu esk bakan batzuetan da eta ez dute soinu berdina transkribatzen. Hizkuntza iberiarra edo zeltiberiarra ez den beste hizkuntza edo hizkuntza batzuen zeinuak idazteko erabiliko zela uste da[5] eta Javier Velaza nafar epigrafistak, hizkuntza baskonikoaz hitz egin du.[6] Zeinu horiek, txanponetan agertu dira, eta azken aurkikuntza Irulegiko eskuan izan da. Zeinu berezi horiek hauek dira:
Hegoaldeko zeinu-multzoak erabiltzen dituzten inskripzioak, batez ere, Iberiar penintsularen hegoaldean agertu dira, kontserbatutako guztizkoaren %5, eta gehienak eskuinetik ezkerrera idazten dira:
Idazkera mota hauek hainbat objektutan agertzen dira, hala nola txanponak, abegi-oneko teserak, beti ere, testu motzetan. Piezak sarritan hautsita egoten dira eta testua ere bai.