Ikertzailea ikerketa bat burutu edo ikerketa batean parte hartzen duen norbait da, hau da, ezagutza bilatzeko, gertaerak edo erlazioak argitzeko proiektu bat aurrera daramana. Ikertzaileak irakaskuntzan edo eremu akademikoan, industrialean edo gobernukoetan lan egiten du, baita erakunde pribatuetan ere (irabazi-asmoarekin edo gabe), eta ikerketa zientifikoa izaten da bere jarduera nagusia.
Zaila da ondo zehaztea zer den ikertzailearen ofizioa edo bere profila, ikerketa-eremuak anitzak direlako eta jardueraren praktikan denen artean desberdintasun esanguratsuak daudelako. Hasieran, ikerketa ez zen jotzen benetako lanbide edo ofizio moduan, kalifikatzaile moduan baino ez zen erabiltzen.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) Frascati manualean argitaratu zuen moduan, askotarikoak dira ikertzaileen jarduera motak: «Ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta sistema berriak sortzearekin lotuta dagoen espezalista da, edota horrelako proiektuen kudeaketaz arduratzen dena».[1]
Berariazko ikertzaile ofizioaren sorrera gizarte-esparruan espezializazio-zereginak azaldu zirenean gertatu zen. Aspaldian asmakizunak eta ezagutzak proba eta errore metodoa aplikatzearen ondorio izan baino ez zen, eguneroko bizimoduan eta mundu osoan zehar.
Francis Bacon-rekin, XVII. mendean, hasi zen Mendebaldea ikerkuntza antolatu eta sistematizatuaren interes ekonomiko eta politikoez jabetzen. Geroago zientzia-akademien fundazioak erakutsi zuen gero eta interes handiagoa zegoela estatuen aldetik ikertzaileen lanaz, esparru trukerako esparru bat eskainiz, baita edonolako gizarte-aitorpena ere.
ikertzaileen hierarkia sozialaren eboluzioa eta ikerkuntza-lanen izaeraren eboluzioa batera gertatu ziren, eta beren emaitza metodo zientifikoaren mailakako sortzea izan zen iraultza kopernikarretik abiatuta.
Berariazko ikertzaile lanpostuak, estatuak berak edo enpresa pribatuek finantzaturik, zertxobait geroago sortu ziren, XIX. mendean, eta abiada bizian garatzen dira XX. mendean. Aurreko mendeetan, ikerketa zientifikoa jarduera nagusi bati eransten zitzaion, adibidez, hezitzaileari edo ingeniariari.
Erakunde zientifikoak edo ikerketa-erakundeak zientziaz eta ikerkuntza zientifikoaz aritzen direnak dira. Oso lotuta daude hezkuntzako erakundeekin eta eremu ekonomiko eta politikoekin. Natur zientziekin eta zientzia fisikoekin bakarrik identifikatzea ohikoa den arren.