Iknofosilak organismoen bizitzaren arrasto fosilizatuak dira, hala nola haiek eraikitako gordelekuak, egindako ibilbideak, oinatzak eta gorotzak, betiere organismo horiexen gorputz edo egiturarik azaltzen ez dutenak. Hareharrietan aurkitzen dira iknofosilik onenak, baita kareharrietan eta eskistoetan ere.
Antzinako iknofosilak aztertzen dituen zientzia Paleoiknologia da[1]. Zaila izaten da espezie zehatz batekin identifikatzea, baina orokorrean taxoiarekin lotu daiteke. Ezaugarri identifikagarriak badituztenez iknogenero eta iknoespezietan sailkatzera iristen dira. Sedimentu berean agertzen diren iknofosilen elkarteak iknofacies deitzen dira. Lehorreko animalien oinatzei iknita esaten zaie[2].
Grekerazko ikhnos hitzak "bidea" esan nahi du[3], beraz iknofosil kontzeptua "bide fosilizatua" izango litzateke.
Izaki bizidunen jardueraren aztarna fosilak dira eta hainbat alderdi erakusten dizkigute, hala nola, izaki horien portaera, ingurunearekin zuten harremana eta sustratuaren beraren ezaugarriak. Iknofosilen gehiengoa fosilik uzten ez duten gorputz biguneko izakiek egindakoak dira, horregatik da bereziki garrantzitsua iknofosilen azterketa, izaki horiei buruzko informazio iturri bakarra baitira. Leku eta garai zehatz batetako ingurumen baldintzak ezagutzeko datu osagarri garrantzitsuak bihurtzen dira horrela.
Iknotaxon batek denbora luzean zehar irauten du eta ingurumen baldintza tarte estuan. Ez du esan nahi izaki bera denbora luze hortan existitu izan denik, bai ordea txoko ekologiko bera konstante mantendu dela, eta berau okupatzen zuten izakiek antzeko jokabidea izan dutela.
Iknotaxon konplexuak ere badaude, animalia ezberdinen arteko erlazio trofiko berak azaltzen dituztenak; komentsalismoa edo harraparitza kasu. Gaur egungo Nephrops norvegicus eta Goneplax rhomboides dekapodoek eta Lesueurigobius friesii arrainak elikadura galeria sareak eratzen dituzten gisara adibidez[4] edo beste kasu bat da Jaxea nocturna krustazeoarena Maxmuelleria lankesteri poliketoaren galeriekin bat egiten duena haren elikagai soberakinak jateko. Iknofosilen artean antzeko egiturak ikertu diren arren zaila izaten da zehatz mehatz interpretatzea.
Organismo berak iknofosil mota desberdinak sor ditzake, jarduera mota desberdinak dituzten izakien kasua da. Lokomozioa, elikadura, harraparitza, atsedena, zelata... Jarduera bakoitzak bere iknofosil propioa uzten du.
Adibide argiena trilobiteena da: Cruziana motako iknofosilak sortzen zituzten lurrean arrastaka elikagai bila ari zirenean, Diplichnites harearen gainetik ibiltzen zihoazela uzten zuten aztarna da eta Rusophycus hareatan "ohea" egin eta atseden hartzen zutenean[5]. Batzuek galeriak eraikitzen zituzten eta Cheiichnus motako iknofosila sortzen da.
Bost jokamolde nagusitan bereizten dira iknofosilak:[6]
Hauetako bakoitzak azpitaldeak dituzte, generotan eta espezietan ere sailkatzen direnak.
Adolf Seilacher paleontologo alemaniarrak 1960. hamarkadan sorturiko kontzeptua da eta sedimentu berean edo ondoz ondoko sedimentuetan aurkitzen diren iknofosil elkarketak izendatzeko erabiltzen da[8]. Seilacherrek lau iknofacies zehaztu zituen baina dagoeneko hamalau identifikatu dira[9]. Espezie esanguratsuenak edo ugarienak ematen dio izena iknofacies bakoitzari.
Honako hau da iknofacies-en sailkapena gaur egun:[7][10]
Iknofosilak informazio iturri oso garrantzitsuak dira, alde batetik izaki bizidunaren jarduera eta jokamoldearen berri ematen dutelako eta bestetik gorputz biguneko animalien inguruko informazio iturri bakarra direlako[12]. Azkenik sedimentuen trinkotasunaren eta sedimentazio ingurunearen berri ematen dutelako. Horrekin garai eta toki hura ingurune itsastarrean edo ez-itsastarrean zegoen iradoki dezakete.
Iknofosil gehienak itsasoko sedimentuetan aurkitzen dira[13]. Sakonera txikiko sedimentuetan egindako bideak kontserbatzea zailagoa izaten da, olatu eta korronteek azkar desitxuratzen dituztelako, sakonera handitan egindakoek ordea baldintza egonkorrak izaten dituzte eta egokiago fosilizatzen dira.
Antzinako bizitzaren zeharkako ebidentziak jasotzen dira. Animalien gorputz atalak lortzen ez diren arren oinatzak, bideak, zuloak eta gorotzak (koprolitoak) eskuratzen dira. Fosil klasikoak ez bezala bizirik zeudela sorturiko aztarnak dira.
Iknofosil ezagunenak dinosauroen oinatzak dira. Iknita izenez ezagutzen dira arroketan agertzen diren oinatzak. Bakarka ager daitezke edo ibilbide bat jarraitzen duten pausuen segidak izan daitezke[14]. Azken hauetatik zientzilariek dinosauroen lokomozio moduak ikertzen dituzte eta orduan gai dira hezurduren eraikuntza egokia zehazteko eta baita haien ibilkera eta hartzen zuten abiadura zehazteko ere. Esate baterako Iguanodona postura desberdinetan irudikatu izan zen baina haren iknitek zehaztu zuten behin betiko Iguanodonaren postura[15].
Ornodunek gainazal bigunean uzten dituzten oinatzek sedimentuen hezetasun maila adieraz dezakete, bai eta haizearen norabidea ere[16]. Iknofosilen asoziazioek itsaso barneko sakonera ere zehazteko balio dezakete[7].
Iknofosilak ugariak dira Euskal Herrian eta baita haren hegoaldean dagoen Iberiar sistemaren iparraldeko mendilerrotan (Cebollera eta Demanda) ere. Oso desberdinak dira ordea, duela 100 milioi urte inguru Euskal Herria ur azpian kokaturik baitzegoen eta Errioxan aldean kostaldea aurkitzen baitzen.
Gaur egun euskal kostaldea dagoen tokian uharte batzuk baziren baina Zumaia esate baterako 1.000 metrotako sakoneran zegoen[17]. Hori dela eta iknofosil ugari aurkitu dira bertan, oso ongi kontserbatu direnak. Zumaiako flyschean aurkitu direnen artean Rotundusichnium zumayensis nabarmentzen da, herriaren izena daramana. Munduan aurkitutako Saerichnites abruptus alerik handiena ere itsaslabarrotakoa da. Beste iknofosil aipagarri batzuk honako hauek dira; Paleodictyon, Zoophycos, Chondrites, Lorenzinia, Scolicia, Helminthopsis, Helminthoida laberyntica, Tapherminthiopsis, Subphylocorda, Belorharpe, Cosmorharpe, Megagrapton...[18] 2018an flyscheko geruza baten erreplika zehatza egin zen. Duela 53 milioi urteko geruza da errplikatu dena eta 50 arrastotik gora aurkitu dira bertan[19].
Barrika eta Sopela arteko itsalabarretan ere iknofosilak aurkitzea ohikoa da[20]. 2012. urtean metro eta erdiko iknofosil bat aurkitu zuten Jaizkibelgo labarretan, hau ere Saerichnites abruptus da eta Zumaiakoa bezain handia da[21].
Garai hartako kostaldea Iberiar sistemaren iparraldean kokaturik zegoen, gaur egungo Cebollera eta Demanda mendilerroetan hain zuzen ere. Horregatik Errioxan eta haren mugakide dien Soriako eta Burgosko eremuetan dinosauroen oinatz ugari aurkitu dira.
Enciso inguruan (Errioxa ekialdean) 1.400 oinatz inguru katalogatu dira dagoeneko 7 eremutan[11]. UNESCOk Biosfera erreserba izendatu zuen eta Dinosauroen parke bat sortu zuten ingurua babestu eta interpretazio zentrua izateko[22]. Errioxako beste hainbat tokitan ere aurkitu dira dinosauroen lorratzak, Soto en Cameros herrian adibidez[23].
Soriari dagokionez Tierras Altas eskualdean aurkitzen dira dinosauroen iknita ugari, El Royotik hasi eta San Pedro Manrique alderaino[24]. Burgoseko probintzian aurkitu diren iknitak Salas de los Infantes udalerriko hainbat herritan kokatzen dira.[25].
Zenozoiko aroan zehar Euskal Herria izango zenaren eremua altxatuz joan zen eta ingurunea erabat itxuraldatu zen. Gesaltza Añana aldean Miozeno garaiko (duela 20 milioi urte) animalien iknitak aurkitu dira. Garai hartan ingurune zingiratsu bat zegoen eskualde hartan. 60 m2-tan 700 iknita inguru daude, bost ugaztun espezieri eta bi hegazti espezieri dagozkienak. Oinatzen ibilbideak elkar gurutzatzen dira. Oso egoera onean dauden iknitak dira eta erreplika bat New Yorkeko Zientzia Naturalen Museoak eskatu zuen, beste erreplika bat Arabako Natura Zientzien museoan aurkitzen da[26].