Imane Khelif | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aïn Sidi Ali (en) , 1999ko maiatzaren 2a (25 urte) |
Herrialdea | Aljeria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | boxeolaria |
Parte-hartzailea
| |
Altuera | 178 zentimetro |
Imane Khelif (arabieraz: إيمان خليف, ʾĪmān Khalīf) Aljeriako emakumezko boxeolari afizionatua da. Aljeria ordezkatu zuen 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan, Tokion, eta 2024ko Udako Olinpiar Jokoetan, Parisen, non urrezko domina lortu zuen bere kategorian, 66 kiloetan.[1] [2]
2024ko bere partehartze olinpikoa polemika handi baten pizgarri izan zen, beraren kontrako eraso transfoboak tartean, nahiz eta Khelif ez den pertsona transgeneroa[3], Aljerian transgeneroa izatea debekatua dago, sexua edo generoa aldatzea ere debekatua dago eta ez dago tratamendurik sexu-trantsizioa egiteko.
Tiaret Probintziako herri txiki batean jaio zen, Aljeriako ipar-mendebaldean. Hasiera batean futbolean aritzen zen, baina gero boxeora aldatu zen. Lehen urteetan txatarra saltzen aritu zen, entrenamenduetarako autobusa ordaintzeko dirua lortzeko. Bere familiak ez zuen onartzen neska bat boxeoan aritzea[4].
2018an Munduko Emakumeen Boxeo Txapelketan hartu zuen parte, eta Karina Ibragimovak kaleratu zuen. 2019an 33. geratu zen, Natalia Xadrinak kaleratua. Aljeriaren ordezkaria izan zen 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan, non Kellie Harringtonen kaleratu zuen final laurdenetan[5][6].
2022an IBAren Munduko Emakumeen Boxeo Txapelketan lehenengo Aljeriar emakumea izan zen finalera iristen, Chelsey Heijnen kaleratu eta gero[7]. Amy Broadhurstek garaitu zuen finalean.
2023an berriro iritsi zen IBAren Mundu Txapelketa finalera, baina kaleratu egin zuten, arrazoi medikoak argudiatuta. Beranduago adierazi zen testosterona gehiegi zuela bere gorputzean[8]. Beste adierazpen nabarmen bar orduan izan zen, IBAko presidente Umar Kremleven arabera, DNA test bat eginda "XY kromosomak zituela" eta ezin zuela emakumeekin batera lehiatu[9]. Telegram kanal batean idatzitako testuan zabaldu zen salaketa hori. Ez testosteronaren datua ez kromosomena ez du IBAk harrezkero datuekin baieztatu.[10] Khelifek errekurtsoa sartu zuen arren, IBAk debekatu zion emakumeekin boxeatzea[11]. 2023an, NBOk IBA bere antolakuntzatik apartatu zuen gero, ustelkeria kasuak leporatuta kirol federakunde horri.
Khelifekin batera Lin Yu-ting Taiwango boxeolariak ere IBAren debeku eta salaketa berdinak jasan zituen.[10]
2024an Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Khelifi baimena eman zion 2024ko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, mediku azterketa guztiak beteta. NBOk adierazi zuen Khelif emakumezko bat zela, baita ere bere pasaportearen arabera, eta hau ez zela "transgenero" baten kasua. 66 kg azpikoen txapelketan hartu zuen parte[12]. Angela Carini italiarrarekin borroka egin zuenean, minutua baino gutxiago behar izan zuen Carini garaitzeko, eta orduan piztu zen polemika, Cariniri "gizon batek" irabazi ziolako mezuak zabaldu ziren hedabide eta sare sozialetan, adibidez Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak esan zuen Khelifen "ezaugarriak gizon batenak" zirela.[13] Izatez, Carini-Khelif borroka izan aurretik Italian Khelifen kontrako susmoak hauspotu zituzten Matteo Salvini Italiako gobernuko presidente-orde eskuindarrak eta beste batzuek.[14] Khelifen ustezko maskulinitatea, borrokatzen duenean ez dagoela lehia justurik eta, oro har, kirol olinpikoaren woke jarrerak kritikatu zituzten Carinik galdu eta gutxira hainbat pertsona ezagunek hala nola, Elon Musk, Javier Milei eta J. K. Rowlingek; eta Espainian Isabel Diaz Ayusok.[15]
Jazarpenari aurre eginez Khelifek lehiaketan jarraitu zuen, azken garaipenera arte. Final laurdenetako borrokaldian Anna Luca Hamori hungariarra garaitu zuen 5-0ko emaitzarekin,[16] gero finalerdietan Janjaem Suwannapheng tailandiarra eta finalean Yang Liu txinatarra.[17]
Garaipena Aljeriaren aldeko zaletuen presentziarekin egindako final batean izan zen,[2] eta poz eta amorruz erreakzionatu zuen Khelifek urrea irabazitakoan, bere ohore eta duintasuna defendituz, eta IBA gogor kritikatuz.[18]
Jokoetako bere kirol jarduna amaitutakoan, jazarri zutenen kontrako salaketa judiziala jarri zuen Frantzian Khelifek, eta Algeriara itzultzean milaka herritarren ongi etorria bizi izan zuen, eta Abelmajid Tebboune presidentearen eskertza pertsonala ere bai.[19] [20]