Arkeologian, instrumentum domesticum (edo, besterik gabe, instrumentum eta pluralean Instrumenta domestica) ohiko eta etxeko erabilerarako tresnak, erremintak eta bestelako artefaktuak dira (helburu erlijioso, zeremoniazko edo monumentaletarako objektuei kontrajarrita, adibidez). Hilobietan uzten diren objektu horien erreplikak ere biltzen ditu.[1][2] Latinezko hitzak "etxeko tresna" esan nahi du eta Erromatar Legea izan zen termino hori definitu zuena.
Latinezko esamoldearekin, antzinatean giza jardueren egunerokotasuna definitzen zuten tresna, ontzi, lanabes eta ekipamendu materialez ari gara, arlo guztietan, batez ere elikagaien kontsumoan eta merkataritzan, baina baita era askotako beste batzuetan ere (kultu-jardueretan erabiltzen ziren tresnak edo gerra-jardueretarako armak, adibidez). Material batzuen izendapen generikoa da, eta haiek erabili zituzten gizabanakoen jarduerak, ohiturak eta lotura sozioekonomikoak ezagutzeko aukera ematen digute, haiek ekoiztu zituztenetik abandonatu edo suntsitu zituzten arte.
Funtsezkoa da jakitea nola iritsi ziren objektuak kontsumitzaileen edo manipulatzaileen eskuetara, eta nola garatu zen prozesu hori merkataritzaren eta truke-mekanismoen bidez, haien inplikazio politiko, sozial eta ekonomikoekin. Material arkeologikoen eta horren ondoriozko merkataritza-jardueraren azterketa informazio-iturri baliotsua eta erabakigarria da antzinatasuna ezagutzeko.
Instrumentum domesticum-en artean, funtsezko elementuetako bat zeramika da; hain da garrantzitsua ezin jarduera arkeologikoaren «fosil gida edo fosil zuzendari» deitzen baitzaio. Izan ere, XIX. mendetik eta, batez ere, XX. mendetik egindako tipologiei esker, mota zeramikoak identifikatzeak aukera ematen du estratu arkeologikoak datatzeko elementu nagusi izateko, txanponekin eta beste objektu batzuekin batera. Bestalde, zeramika da askotan material arkeologiko ugariena antzinako eta ondorengo bizitokien eta hilerrien edozein indusketa arkeologikotan.[3]
Epigrafian eta paleografian, instrumentum domesticum, objektuak erabili ziren unean edo gertuko une batean objektuaren azalean idatzitako inskripzioak dira. Zentzu horretan, objektu orakularrak (erromatarren sortes-ak, adibidez), talismanak eta idazketa pertsonalak (erromatar eta greziar madarikazio oholtxoak, adibidez) ere agertzen dira. Hala ere, termino hori erabiltzean, ez dira kontuan hartzen, testua eramatea helburu zuten objektuak, hala nola, ohiko oholtxoak (ikus Vindolandako oholtxoak) eta liburuak.[1]