Irlandako hamabi apostoluak (irlanderaz: Dhá Aspal Déag na hÉireann, ingelesez: The Twelve Apostles of Erin) santu egin zituzten VI. mendeko hamabi irlandar fraide dira, Clonardeko abadian San Finnianen irakaspenak jaso zituztenak.[1]
Clonardeko abadia, Meath konderri modernoko Boyne ibaiaren ertzean kokatua, monasterio-eskola nagusietako bat izan zen kristautu berri zen Irlandan. Irlandar kristautasuneko pertsonaiarik esanguratsuenetako batzuk bertan ikasi zuten VI. mendean zehar. Esaten da abadiako batez besteko ikasle kopurua 3.000 bat ikaslekoa zela. Horien artean, San Finnianek abadian hezi zituen ikasleetako hamabi ezagunenei Irlandako hamabi apostoluak deritze. [1]
XVII. mendean jasotako tradizioa da. Hamabi santuok Dá apstol décc na hÉrenn (Irlandako hamabi apostoluak) testuan taldekatu zituzten, irlandera modernoko izenburua Dhá Aspal Déag na hÉireann izanik. Testua Mícheál Ó Cléirighen 1629ko eskuizkribu batean gorden zen (Brusela, Belgikako Errege Biblioteka, MS 2324-2340).[2]
Narrazioak Irlandako hamabi apostoluak elkartzen ditu San Finnianen etxean egindako festa batean, horien artean lore magiko bat agertzen dela. Orduan, haien artean adosten dute batek lorearen sorterrira bidaia bat egitea eta hautatua zozketaz erabakitzen dute. Zozketa Birreko Brendan zaharrari zozketa egokitzen zaionean, bera baino gazteagoa den izen bereko Brendan moccu Alta doa bere ordez. Brendanek pertsona asko ezagutzen ditu eta abentura ugari bizitzen ditu.