Ixkiriot handia, frantsesez gros manseng, Ipar Euskal Herriaz gain, Okzitaniako hainbat eskualdeetan, hala nola Gaskoinian eta Biarnon, hazten den mahats zuria da, ardo lehorrak egiteko usatzen dena. Irulegiko ardo zuriak egiteko erabiltzen da ixkiriot ttipiarekin batera. EAEn txakolina egiteko hondarribi zuriaren osagarri gisa baliatzea legez onartuta dago[1]. Okzitanian Pacherenc du Vic-Bilh, Côtes de Gascogne, Floc de Gascogne eta Jurançon ardo zuriak produzitzen dira ixkiriot handia erabiliz.
Ixkiriot handiak ixkiriot ttipiak baino ekoizpen handiagoak ematen ditu. Alabaina, ematen duen ardoa ez da horren dotore eta abertasa[2].
Ixkirior handiak zapore biziko ardoak ekoizteko ahalmena du, azidotasun handia dutenak eta arbeletxe-, irasagar-, espezia- eta lore-kutsua. Mahatsak sortzen duen ardo-motan uztaren momentuak garrantzi handia du. % 11,5-12ko alkohol potentzialarekin biltzen denean, lortzen den ardoa oparoagoa fruta freskoen eta loreen kutsuan. Ondoren, % 12,5-13,5eko alkohol potentzialarekin, zaporeak askoz biziagoak eta indartsuagoak izango dira. Azal lodia izan arren, mahatsa kontuz prozesatu behar da ardotarako. Ixkiriot handiaren zukua beste mahats zuri batzuena baino ilunagoa da, eta horrek esan nahi du kolore iluneko eta urre koloreko ardoak emateko joera duela mazeratzean azalarekin kontaktu txikia izanik ere. Mahatsa oso modu zakarrean kalkatzen bada edo azala denbora luzez mahatsa ukitzen uzten bada., produzitzen den ardoa oso latza izango da eta tanino eta polifenol gehiegi izango ditu[3].