Iñigo Errejón Galván (Madril, 1983ko abenduaren 14a - ) espainiar politologoa eta Podemos, Más Madrid eta Sumar mugimendu politikoetako kide nabarmena izan da. Viento Sur ezkertiar aldizkariko kontseiluko kide izana da.
15-M mugimenduaren giro politikoan 2014an Podemos osatu zenean, bera eta Pablo Iglesias izan ziren alderdi haren aurpegi ezagun nagusiak, eta Podemosen kanpaina-zuzendaria izan zen 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan, alderdiaren lehen agerpen bozetan, zeinean miloi bat boto gaindituta eta 5 europarlamentariorekin, arrakasta handia erdietsi zuten.[1]
2015eko abenduan Espainiako Kongresurako hauteskundeetan 69 eserleku lortu zituen Podemosek, eta osatu zuten talde parlamentarioan bozeramaila izan zen, 2017ko otsailera arte. Hilabete horretan Vistalegre II izeneko biltzarra egin zuen Podemosek, eta partiduko zuzendaritzarako aurkeztu zen Errejón bertan, ordurako Iglesiasengandik aldentzen ari zela politikoki.[2] Iglesiasek irabazi zuen barne lehia hura, eta Errejónen bozeramailetza Kongresuan Irene Monterok hartu zuen.
2019an Podemos utzi zuen eta Más Madrid taldea sortu zuen Madrilgo hauteskunde autonomikoetarako aurkezteko, Manuela Carmena izan zuelarik aliatu nagusi.[1] Talde honek indar handiagoa lortu zuen Madrilgo komunitatean Podemosek baino, baina Más País bere luzapen estatalak ez.
2023an Errejón eta Más País ingurukoak Sumar mugimendura gehitu ziren, eta Espainiako Kongresura itzuli zen, non 2024 Sumarren bozeramailetza izan zuen tarte batez, urrian dimititu arte.[1]
2024ko urrian Kongresuko aulkia eta bere ardura politiko guztiak utzi zituen, salaketa batzuek jazarle eta abusatzailetzat jo zutenean. Salaketa horien artean, Elisa Mouliaa aktorearena izan zen izen-deiturekin agertu zen lehena, sexu erasoak deskribatuz salaketa jarri zuelarik.[3]
Artikulu hau Madrilgo Erkidegoko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |