Jack Harkness

Jack Harkness
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaRussell T Davies
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
Sexuagizonezkoa
Jardueracon artist (en) Itzuli
time traveller (en) Itzuli
Familia
Bikotekidea(k)Ianto Jones (en) Itzuli
Captain John Hart (en) Itzuli
Bestelakoak
Superbotereahilezkortasun

Jack Harkness kapitaina Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, John Barrowmanek antzeztu zuena. Telesailaren aro berriko Doktorearen bidaia-laguna izan zen eta arrakasta zuela ikusirik Torchwood spin-off telesaileko protagonista izan zen[1].

Pertsonaiaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Russell T Davies gidoigile eta ekoizleak dio abizena Marvel komikietako Agatha Harkness pertsonaiarengandik hartu zuela. Atal bakarrerako pertsonaia zen, iruzurgile eta beldurtia izango zena eta atalaren amaieran heroia bihurtuko zena. Baina atalaren amaieran zalantza utzi zuen ea pertsonaia zintzoa zen ala gaiztoa.

Izan ere Jack Harkness kapitainaren pertsonaiaren izaera oso konplexua baita. Haurrek gustuko zuten pertsonaia izan nahi zuen baina baita helduen gustukoa ere. Heterosexuala ez den lehenengo pertsonaia nabarmena ere bada Doctor Who telesailean, izan ere omnisexual kontsideratzen baitu bere burua, ez soilik bisexuala, arraza estralurtarrak ere atsegin dituena baizik[2]. Doktoreak dio 51. mendean hori oso ohikoa dela, gizakiak mende asko baitaramatza estralurtarrekin bizikidetza osoan. Jack Harkness kapitainaren izaera horrela deskribatu izan da: "Xarmangarri letala[3], itxura politekoa eta oso liluragarria, maite-jolasetan dabilena, maltzurra, azkarra eta akziozko gizona"[4]. Torchwood spin-off telesailean pertsonaia ilunagoa da, telesaila helduei bideratuago baitago.

Jack Harness kapitainak Doktoreak bezala denboran zehar bidaiatzen du, baina hau gizaki soila da, Doktorearen jainkotasun izaera hori ez du. Bestalde ez du arazo etiko edo moralik etsaiak hiltzeko, horretan Doktorearen erabat aurkakoa da. Jack Harknessek esaten du Doktoreak egin ezin dituen gauzak berak egiten dituela, esate baterako haur gutxi batzuk hil milioika bizitza salbatzeko.

Bigarren Mundu Gerra garaiko beroki luze bat darama jantzita. Zientzia fikziozko pertsonaietan ohikoa den janzkera da. Militar izaera ematen dio, hortik kapitainaren izendapena.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Jack 51. mendeko "Denboraren Agentea" zen. Halako batean harrapatu egin zuen etsaiak eta "Denboraren Agentziak" haren bizitzako azken bi urteak ezabatu zizkion oroimenetik. Horretaz jakitun eta haserre, Denboraren Agentzia uztea erabaki zuen eta beste pertsona baten identitatea hartuz (Jack Harkness kapitainarena hain zuzen ere) iruzurgile bidea hartu zuen.

"The Empty Child" (2005) atalean agertu zen lehenengo aldiz. Bigarren Mundu Gerrako Londresko bonbardaketen erdian azaldu zen eta bederatzigarren Doktorearekin eta Rose Tyler laguntzailearekin elkartu zen[4]. Hark jakin gabe, 51. mendeko gaixotasun bat ekarri zuen XX. mendera eta Londresen zabaltzen hasia zen. Doktoreak izurritea gelditzea lortu zuen eta Jackek hark egindakoaz konturatuta eta Doktorearekiko esker onez, lehertzear zen bonba hartu eta bere espaziontzian eraman zuen espazioan leher zedin, horrela heroia bihurtuz. Azken unean Doktoreak Jack salbatu zuen eta bonba espazioan lehertu zen.

John Barrowman aktorea Jack Harkness kapitainaz jantzita.

"Bad Wolf" izeneko atalean, Rose eta Doktorearekin bidaiatuko du TARDIS espaziontzian eta Satellite 5 plataforman daleken aurka borrokatuko da. 200.000 urtea da. Atal horretan dalekek hil egingo dute Jack. Bitartean Rose Tyler denboraren zurrunbiloan sartuko da eta energia kopuru izugarria jasoko du. Energia hori erabiliko du Jack kapitaina pizteko, baina piztu soilik ez, hilezkor bihurtuko du[5]. Doktoreak Rose Tylerrek duen energia hori guztia xurgatuko du eta hurrengo atalean eraberritu egingo da. Jack Satellite 5 plataforman utzi zuten.

Torchwood spin-off telesaila sortu zen 2006an. Jack Harkness kapitaina hilezkorra da eta XX. mendeko Lurrean dago harrapatuta. Torchwood Institutuan ari da lanean eta Gwen Cooper du laguntzaile. Bien artean maitasun istorio bat dagoela dirudi baina Jackek Ianto Jones generalarekin sexu harremanak izango ditu eta hor hasiko da ikusten bisexuala dela eta aurrerago omnisexuala.

Torchwooden lehenengo denboraldia amaitzerakoan Doctor Who telesailera itzuli zen, "Utopia" (2007) atalean. Itxuraz aldatutako Doktorea aurkituko du, hamargarren Doktorea da, eta haren laguntzailea Martha Jones da[5]. Elkartzen direnean esaten dio Doktoreari Satellite 5 plataformatik denbora manipulatzaile bat erabilita XXI. mendera alde egin nahi izan zuela, baina daleken erasoan kaltetu egin zen eta 1869ra iritsi eta ondoren XX. mendera joan zela, eta ordutik berarekin berriz elkartzeko zain egon dela[1]. Hurrengo ataletan The Masterren aurka borrokatuko dute Jackek, Dktoreak eta Marthak eta irabaztea lortuko dute. Jackek Torchwood Institutura itzuli behar du eta elkar agurtzerakoan Doktoreari galdetzen dio ea hilezkor izanda, baina aldi berean zahartu egiten bada, zein izango den haren etorkizuna. Zera ere aipatzen dio; gaztaroa Boeshane penintsulan igaro zuela eta "Boeren aurpegia" ezizena jarri ziotela. Honek zalantza sortzen du ea bera ote den etorkizun hurrunean Doktoreak eta Marthak ezagutu zuten Boeren aurpegia izeneko estralurtarra[6].

Jack Torchwood Institutura itzultzen denean ikusten du hura egon ez den tartean taldeak lanean jarraitu duela[7]. Jacken aspaldiko kidea den John Hart kapitaina ezagutuko dute eta ordutik aurrera Jack galderaz josiko dute haren bizitza nolakoa zen jakin nahian. Flashbacketan ikusiko da benetako izena Javic Piotr Thane dela eta Boeshane penintsulan izandako eraso estralurtarrean Jacken aita Franklin hil zela eta Gray anai gaztea galdu egin zuela[5]. Gray berriz agertuko da eta esango dio estralurtarrek luzaroan torturatu zutela eta Jackenganako gorrotoz eta mendeku gosez Jacken taldekideak hilko ditu. Torchwood telesailak 2011 arte iraun zuen eta bestelako abenturak bizi izan zituen.

Hamar urteko tartearen ondoren Jack Harkness Doctor Who telesailean agertu zen berriz. "Fugitive of the Judoon" (2020) atalean Doktorearekin kontaktua egin nahi du. Doktorea direlakoan haren laguntzaile guztiak aurkituko ditu, Graham O'Brien, Ryan Sinclair eta Yasmin Khan. Laguntzaileek esanda Hamairugarren Doktorea emakumezkoa dela jakingo du eta hari honeko mezu hau emateko eskatuko die: "Cyberman bakartia".

"Revolution of the Daleks" (2021) atalean itzuli zen. Doktorea Judoon poliziaren gartzelatik aterako du eta denbora zurrunbiloaren manipulatzailea berreskuratuko du. Bide batez Lurraren aurkako daleken eraso bat geldiaraziko du Doktorearekin eta haren laguntzaileekin elkarlanean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Captain Jack Harkness - Characters - The Doctor Who Site» thedoctorwhosite.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  2. «Interview with John Barrowman of "Doctor Who" | TV Show Recaps, Celebrity Interviews & News About Gay & Bisexual Men | AfterElton.com» web.archive.org 2011-04-29 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  3. (Ingelesez) The lethal charm of Captain Jack. 2005-05-20 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  4. a b (Ingelesez) «A man's man» The Age 2005-07-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  5. a b c (Ingelesez) «Jack Harkness» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  6. (Ingelesez) Bruce, Amanda; Elvy, Craig. (2019-08-24). «How Jack Harkness Becomes The Face Of Boe in Doctor Who» ScreenRant (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  7. «The Canadian Press: 'Torchwood' and Capt. Jack Harkness ready to return for new season» web.archive.org 2008-01-27 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]