Jane Morris | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oxford, 1839ko urriaren 19a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | Bath, 1914ko urtarrilaren 26a (74 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | William Morris (1859 - |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | modeloa eta brodatzailea |
Mugimendua | Prerrafaelismoa |
Jane Morris, ezkondu aurretik Jane Burden (Oxford, 1839ko urriak 19 – Bath, 1914ko urtarrilak 26) brodatzaile ingelesa Arte eta lanen mugimenduaren parte eta arte modeloa, Prerrafaelita taldearen edertasun idealaren eredua izan zen. Bere senar William Morris eta Dante Gabriel Rossettiren modelo eta musa izan zen.[1]
Jane Burden Oxforden jaio zen. Gurasoak, Robert Burden, ukuiluzaina, eta Ann Maizey, etxeko langilea eta arropa garbitzailea zituen. Elizabeth Bessie Burden brodatzailea eta irakaslea zen bere ahizpa.[2]
Jane Burden jaio zenean bere gurasoak St. Helen's Passage-n bizi ziren, St Peter-in-the-East herrian, Oxfordeko Holywell kalearen kanpoaldean (gaur egun plaka urdin bat dauka).[3] Amak ez zekien idazten eta irakurtzen eta seguru asko Oxfordera iritsi zen neskame gisa.
Oso gutxi dakigu Jane Burdenen haurtzaroaz, baina behartsua izan zela ez dago zalantzarik.[4]
1857ko urrian, Jane Burden eta bere ahizpa Bessie Drury Lane Antzerki konpainiaren emanaldi batera joan ziren Oxforden. Bertan, Dante Gabriel Rossetti eta Edward Burne-Jonesek Jane Burden ikusi zuten (Oxforden zeuden Oxford sindikatuko muralak egiten ari ziren artisten artean, Arturoren ipuinetan inspiratutakoak zeudenak). Bere edertasunaz liluratuta, beraientzat modelo lana egiteko eskatu zioten. Rossettirentzat Ginebra erreginaren irudi baterako modelo lana egin zuen eta, ondoren, William Morrisentzat modelo lana egin zuen, La Belle Iseult ('Iseo ederra') lanerako (gaur egun Tate Galleryn dagoena).[5] Garai hartan, William Morris Jane Burdenekin maitemindu zen eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri, nahiz Burdenek onartu zuen ez zegoela Morrisekin maiteminduta.[2]
Jane Burden joskin trebea bihurtu zen, bere kontura ikasi zituen antzinako brodatzeko teknikak eta brodatzaile ezaguna bihurtu zen.[2]
Oxfordeko Northgateko San Migel elizan ezkondu ziren 1859ko apirilak 26an.[5] Ezkondu ostean, Kent-eko Bexleyheathen zegoen Red House (‘Etxe gorria’) izeneko jauregi neomediebal batera joan ziren bizitzera.[6] Bertan bizi zirela, bi alaba izan zituzten, Jane Alice "Jenny" Morris, 1861ko urtarrilak 17an jaioa, eta May Morris 1862ko martxoak 25ean jaioa (hau ere brodatzailea).[5]
Ondoren, Londresera joan ziren bizitzera, Queen Square plazako 26. zenbakira, zeinetan beren diseinu Morris, Marshall, Faulkner & Co. entrepresa ere jarri zuten. Geroago, Kelmscott House erosi zuten Hammersmithen eta bertan bizitzera joan ziren.[5]
Jane Morrisek eta bere ahizpa Bessiek eta bi alabek, bai Jennyk bai eta Mayk, Morris & Co. entrepresan brodatze lana egiten eta gainbegiratzen eta ikuskatzen zuten arren, diseinuak William Morrisen izenean joaten ziren beti, arrakasta komertzialaren izenean.[2] Chaucerren emakume ospetsuak eta Tennysonen idatziak irudikatzen dituzten hiru panel brodatuak, gaur egun Howard gazteluan daudenak, Jane Morris eta berea ahizpa Bessie Burdenek egin zituzten 1880ko hamarkadan.[2]
1871n, William Morris eta Dante Gabriel Rossetti elkarrekin bizitzera joan ziren Kelmscott Manor jauretxera, Gloucestershire–Oxfordshire–Wiltshire konderrien arteko mugetan. William Morris Islandiara joan zen bereahala, eta emaztea eta Rossetti jauretxean laga zituen, etxea atontzen eta uda pasatzen.[5] Jane Morris Rossettiren musa gogokoena bihurtu zen: lotura oso estua zuten eta Jane Morrisek inspiratu zituen Rossettiren poesia eta margorik onenetako batzuk. Haien arteko harremana 1860ko hamarkadaren bukaeran hasita zegoela uste da eta Rossettiren heriotza arte iraun zuen (1882 arte), maila desberdinetan bada ere: Rossetik insomnioaren kontrako droga hipnotikoekin zeukan menpekotasunaren berri izan zuenean, Jean Morrisek distantzia jarri zuen bien artean, nahiz eta kontaktua mantendu zuten.[7]
1883an, Jane Morrisek Wilfrid Scawen Blunt poeta eta aktibista politikoa ezagutu zuen bere lagun Rosalind Howard Carlisle-ko kondesak emandako festa batean.[5] Berehala sentitu zuten erakarpena eta gutxienez 1887rako maitaleak ziren, 1894 arte,[8] ondoren adiskideak izan ziren Jane Morrisen heriotza arte.
Hil baino hilabete batzuk lehenago, Kelmscott Manor erosi zuen Jane Morrisek, bere alaben etorkizuna ziurtatuta gera zedin. Hala ere, bera ez zen han bizitzera itzuli.
1914ko urtarrilaren 26an hil zen Bathen (Brock kaleko 5ean) eta San Jorge elizaren hilerrian dago lurperatuta Kelmscotten.[5]
Rossettik Jane Burden edo Morrisez egindako argazkiak.
William Morrisek egindako arte lanak:
Edward Burne-Jonesek egindako lanak: