Jim Cummins (irakaslea) | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Dublin, 1949 (75/76 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa Irlandako gaelera |
Jarduerak | |
Jarduerak | pedagogoa eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Torontoko Unibertsitatea |
James Patrick Cummins[1] (Dublin, 1949ko uztailaren 3)[2][3][4], Jim hipokoristikoarekin ezagunagoa, Torontoko Unibertsitateko irakaslea da Hezkuntzako Ikasketetarako Institutuan, Ontarion. Torontoko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako Ontario Institute for Studiesen irakasle ibili da, non ingeleseko ikasleen hizkuntza ikaskuntza eta literatura garatzen lan egiten zuen[5]. Hizkuntza kontuetan, ingeleseko ikasleak hizkuntza osagarri gisa alfabetatzeko metodologietan-eta lan egin izan du. 1979an, Cummins-ek BICS eta CALP akronimoak asmatu zituen irakasle bati ikasle baten hizkuntza gaitasuna ebaluatzen eta kalifikatzen laguntzen dioten prozesuak izendatzeko. Bere ibilbide akademiko luzea da eta bere arloan asko aipatzen den egilea da.
Cumminsek psikologia ikasi zuen Irlandako Unibertsitate Nazionalean[6]. 1974an Albertako Unibertsitatean Hezkuntza Psikologian doktoratu zen[7]. Cumminsen lan akademikoaren helburu nagusietako bat izan da irakasleei erakustea nola jokatu ikasleekin euren lehen hizkuntza eskolako komunikazio hizkuntza nagusia ez denean. Cumminsek erakutsi zuen nola erabili ikasleen lehen hizkuntza ikasgelan bertan aktibo gisa. Jim Cumminsek bigarren hizkuntzaren irakaskuntzari buruzko lan asko idatzi eta aurkeztu ditu, eta arlo honetan mendebaldeko erreferente nagusietako bat da.[8]
Honoris causa doktore izendatu zuten Letra eta Humanitate Zientzietan, New Yorkeko Bank Street College-n, 1997ko maiatzean.
Mendebaldeko Euskal Herriko Hezkuntza Saileko arduradun batzuen gonbita onartuz[9][10], edo Gaztelueta Fundazioaren gonbita onartuz[11] bisita bat edo beste egin izan ditu Euskal Herrira.
Hizkuntzen didaktika arloan Jim Cummins da, agian, oraindik ere, egilerik aipatuena, batez ere 1980ko hamarkadan sortutako corpus teorikoagatik. Hona hemen Cummins-ek ikertu eta defendatu zituen zenbait hipotesi[12]:
BICS hizkuntza bateko jatorrizko hiztun normal guztiek lortutako oinarrizko komunikazio-gaitasunari dagokio[16]. Kognitiboki ez du gehiegi eskatzen. Ikasleek ingurune informaletan erabiltzen duten hizkuntza-erregistroa da, adibidez, patio edo kafetegi batean erabiltzen den hizkera. Cumminsen eta Virginia Collierren ikerketen arabera, normalean, gutxi gorabehera 1 eta 3 urte bitartean behar izaten dira hizkuntza-ikasleek BICS komunikazio-trebetasunak garatzeko, baina horretarako ikasi nahi duten hizkuntzarekiko nahikoa harremana izan behar dute.
(Esate baterako, EAEn, euskara oso gutxiagotua dagoen inguruneetan, kalkulatu egin da D ereduko euskara ikasleek euskararekin duten harreman-denbora, esnatuta igarotzen duten denboraren % 15etik beherakoa izaten dela. Euskara ikasteko eskola izan ohi delako euskararekin harremanetan egoteko aprobetxatzen den denbora bakarra).
CALP lengoaia abstrakzio aurreratuak modu sofistikatuan erabiltzeko gaitasunari dagokio. CALP komunikatzeko hizkuntza-erregistroa ingurune akademiko batean erabiltzen da[17]. Pentsatzeko eta hizkuntza ikasteko tresna gisa erabiltzeko gaitasuna da CALP. Cummins eta Virginia Collier ikerketen arabera, K-12ko ikasleek 5-7 bat urte behar izaten dituzte bigarren hizkuntzan CALP gaitasun maila eskuratzeko, baldin eta ikasleak ikasi beharreko hizkuntzan alfabetizazioa jasotzen badu. Hizkuntza natibo sendorik ez duten ikasleek maiz 7 eta 10 urte bitartean behar izaten dituzte bigarren hizkuntzan CALP eskuratzeko.
CALP hizkuntza akademiko kognitiboa babesteko lau printzipio garatu ziren Rothenbergek eta Fisherrek 2007an egindako ikerketa batean[18]. Horra:
Jim Cumminsek 1981ean interdependentzia linguistikoaren hipotesia formulatu zuen lehenengoz, eta ondoren, birformulatu ere bai, egokitzapenak eginda[19]. Hipotesi honen arabera, lehen hizkuntzako gaitasunak eragina du bigarren hizkuntzako gaitasunean. Eta alderantziz.
Demagun bi hizkuntza ditugula xH eta yH eta lehen edo bigarren hizkuntza izan daitezkeela biak ere. Orduan, hipotesi honen arabera: “xHn jasotako irakaskuntza xHko gaitasuna bultzatzeko eraginkorra den heinean, gaitasun hori yHra transferituko da baldin eta yHren eraginpean modu egokian egoteko aukerarik bada (eskolan edo ingurunean) eta yH ikasteko motibazio egokirik bada. Norabide bitakoa da eragina.
Teoria honen oinarrian dagoena “azpian datzan gaitasun komuna” da. Norbaitek duen hizkuntza ezagutza adierazten du (pentsatzeko eta komunikatzeko gaitasuna). Ezagutza horrek pertsona horrek dakizkien hizkuntzen azpian datza. Kontzeptuak hizkuntza bidez formulatzen ikasi duenean erlazio horiek bere ezagutzaren parte dira eta dakien edozein hizkuntzatan adierazi edo erabili ahal izango ditu. Ikerketen arabera, azpian datzan gaitasun komun hori ez da pertsona elebidunetan bakarrik gertatzen, pertsona eleaniztunetan ere, kontuan hartzeko faktorea da. Komunikazio konpetentzia bakarra dagoela azpimarratzen dute, ikasitako hizkuntzetan gauzatzen dena.
« | Jim Cumminsek, Chomskyren lengoaiaren unibertsalen teoriari jarraikiz, proposatu zuen hizkuntzen azpiko gaitasun komunaren hipotesia. Hizkuntzek elkarmenpekotasuna dute eta hizkuntza baten gaitasunak besteena sustatzen du. Hori hala da azpiko gaitasun komuna dagoelako. Beste egile batzuek, Canale-k edo Long-ek esate baterako, gaitasun horretan hainbat alderdi ikusi dituzte: gaitasun gramatikal edo linguistikoa, soziolinguistikoa, estrategikoa eta diskurtsiboa, denak komunikatzeko gaitasunaren elementu modura.
Erraza da ondorioztatzea ezagutzaren oinarrizko alderdi batzuk hizkuntza guztietan komunak direla: komunikatzeko mekanismo estrategikoak menderatzea, irakurtzeko eta idazteko oinarrizko estrategiak, testuak planifikatzeko eta berrikusteko prozesu pragmatikoak... Testuen elaborazioa, aldiz, lotuagoa dago morfologia eta lexikoa menderatzeari eta hizkuntza bakoitzari dagozkion sintaxia legeak jakiteari eta erabiltzeari. |
» |
Uri Ruiz Bikandi[20] |
« | [...] hizkuntzaren trataeran, autore ospetsu baten ideiak darabiltzate, Jim Cumminsenak alegia, baina ahaztu egiten zaie autoreak berak egiten duen zehaztapen bat aipatzea; hau da: beti ere hizkuntza hauek ez badaude ukipen-egoeran nagusitasun/menpekotasun estatusean. Honela izatekotan, haurra elebiduntzea nahi badugu behintzat, gutxitutako hizkuntzan eskolatu behar da haurra (murgiltze bidez haur erdaldunak eta hizkuntza gutxituan, euskaraz, euskaldunak). | » |
Lore Erriondo[21] |
![]() |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jim Cummins (irakaslea) |