John Doe (gizasemea) eta Jane Doe (emakumezkoa) pertsona baten benetako izena ezezaguna denean edo nahita ezkutatzen denean ingelesez erabiltzen diren izenak dira.[1][2][3] Ingelesezko tradiziotik nazioarteko hainbat kulturetara hedatutako izena, gizaseme ezezaguna izendatzeko erabili ohi den izena da John Doe. Legea Estatu Batuetan aplikatzeko testuinguruan, izen horiek erabiltzen dira, maiz, identitatea ezagutzen ez den edo berresten ez den gorpu bat izendatzeko. Izen horiek maiz erabiltzen dira, beste testuinguru batzuetan, "edozein pertsona" hipotetikoa izendatzeko, John Q. Public edo Joe Public izenak bezala. Aurreko izen horien aldaera asko daude: John Roe, Richard Roe, Jane Roe, Baby Doe eta Janie Doe/Johnny Doe (haurrentzat).
Antzinako Erromaren terminologia juridikoaren arabera, "Numerius Negidius" eta "Aulus Agerius" izenak akusatu hipotetiko eta eskatzaile hipotetikoekin erabili ziren.[4]
Ingelesez "John Doe" (edo "John Do") eta "Richard Roe" (John Roerekin batera) izenak aldizka erabili ziren Ingalaterrako tresna juridikoetan, posizioa eta jurisdikzioa arautzen duten baldintza teknikoak betetzeko, Edward III erregearen erregealdia (1327–1377) garaietan dagoeneko, agian. Doe eta Roeren aukeren justifikazioa ezagutzen ez den arren, iradokitako herri-etimologia asko daude.[5] Erdi Aroko zuzenbide ingeleseko auzietan parte hartzen duen pertsona baten fikziozko beste izen batzuk hauek izan ziren: John Noakes (edo Nokes) eta John-a-Stiles (edo John Stiles).[6] Oxfordeko Ingeles Hiztegiak dioenez, John Doe "auzi-jartzailearen fikziozko maizterrari emandako izena da, Richard Roe fikziozko akusatua kanporatzeko ekintza mistoan (orain Erresuma Batuan zaharkitua)".[5]
Euskaraz ere John Doe ezizena, bere horretan, ingelesez, erabili izan da. Gutxiago erabili da Jane Doe aldaera.
Librezale taldearen foroetan behin baino gehiago eztabaidatu da John/Jane Doe bere horretan uztea lokalizazioetan edo, itzultzekotan, euskarazko ordainik egokiena zein izan litekeen[7]. Esate baterako John/Jane dikotomia apurtzeko bi generoetarako erabilgarri izan daitezkeen izenak proposatu dira... Abizen laburrak, abizen oso ohikoak, D- letrarekin hasten diren abizenak... Oraingoz taldean ez da inoren proposamena nagusitu.