Juana de Aizpuru | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Valladolid, 1933ko abuztuaren 22a (91 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | galerista eta arte bildumagilea |
Lantokia(k) | Sevilla eta Madril |
Juana Dominguez Manso, ezagunagoa Juana de Aizpuru izenez (Valladolid, 1933ko abuztuaren 22a) valladolidtar bildumagilea, galerista, erakusketa komisarioa, mezenasa eta aitzindaria da. Espainiako arte garaikideren defendatzailea da. Batez ere Andaluzian eta Madrilen garatu du bere lana.
Berak sortu eta proposatu zuen ARCO, estatu mailako arte garaikidearen azoka garrantzitsuena, egitea, 1982an sortu zenetik 1986ra arte gidatu zuen azoka. Arte Garaikideko Galerien Espainiako Elkarteko presidentea izan zen, eta Espainiako Arte Galerien Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea da. 2003an Sevillako Arte Garaikidearen Nazioarteko Biurtekoa (BIACS) sortu zuen, eta lehen zuzendaria izan zen.
Andaluziako alaba kuttuna da, Arte Ederretako Merituaren Urrezko domina du eta Espainiako Arteen eta Letren Ordenako Zalduna (sic) da. Ibilbide profesional artistikoaren saria, Europako Arte Galerien Federazioak (FEAGA) emana, Suitzako Art Basel 2023 Azokaren testuinguruan.
Juana de Aizpuru Valladoliden jaio zen 1933ko abuztuaren 22an, familia dirudun eta kontserbadore batean.[1] Haurtzaroan, aitak Madrilen luxuzko jatetxe bat irekitzea erabaki zuenez, familia hiriburura joan zen bizitzera. Han hasi zituen goi mailako ikasketak Filosofia eta Letretan, eta hantxe piztu zitzaion artearekiko interesa.[1] 1955ean, 22 urte zituela, Juan Aizpururekin ezkondu zen. Ondoren, senarra Sevillara eraman zuten lan kontuengatik, eta Juana Aizpuru berarekin joan zen. Han osatu zuen familia, hiru neskato izan zituen.
Juana de Aizpuruk bere egoera sozial altuan ohi zuen bizimodua zeraman, eta horrek, mundu artistikoarekiko zuen interesari gehituta, Andaluziako hiriburuan egin zuen egonaldian hiriko giro artistikoan murgiltzeko aukera eman zion. Hainbat zirkulu artistikorekin harremanetan jarri zen, eta garrantzitsuena Pasarela izeneko Galeriakoa izan zen; gainera, hiriko artista gazteenen artelanak erosten hasi zen.[2]
Sasoi hartan, Sevillako abangoardia artistikoen erreferentzia-gunea Pasarela galeria zen, 1965ean ireki zenetik arte munduan aurrera egin nahi zuten sortzaile sevillarrek beren burua ezagutzera emateko ia erakunde bakarra izan zutena.[3] Hainbat erakusketa eta lehiaketa egiten ziren lekua zen, eta XX. mende bukaerako Sevillako arte abangoardistarentzat erreferentzia-puntua zen. Kontuan izan behar da hiriko tradizio akademizista eta piktorikoa, eta, hortaz, ez zen erraza Sevillako arte munduan bidea egitea arte garaikidea erakutsita. Azkenik, 1972an itxi behar izan zituen ateak, erakundeen finantziazio eta laguntza faltarengatik.[1] Juana de Aizpuruk galeriarekin zuen harremanari zegokionez, galeria bertan erakusgai zeuden lanen ohiko kolaboratzaile eta erosle bihurtu zen. Hirian sasoi hartan ia esploratu bako merkatua zenez, arte garaikidearen bildumagile bakanetakoa zen eta harreman onak izan zituen erakusten zuten artista bakanekin, hala nola Carmen Laffón, Teresa Duclós edo Luis Gordillorekin.[1]
Pasarela galeria ixtearen ondorioz, Juana de Aizpuruk bere arte-galeria propioa ireki behar izan zuen Canalejas kaleko 10. zenbakian, 1970ean, sortzaile abangoardistek beren lanak saltzeko lekua izaten jarrai zezaten.[1] Galeria horrek 'Juana de Aizpuru' izena hartu zuen eta etorkizun ez oso urrunean hiriko eta herrialdeko une horretako azken joera artistikoen banderadunak izan ziren artista gazteak sustatzeko gunea izan zen. Sevillako eszena kulturala berritu zuten ekitaldi kultural eta artistikoen gune bihurtu zen.[4] Artista berrien sustapenarekiko konpromiso eta inplikazio indibidualaren erakusle izan zen proiektu horren finantzaketa, kanpoko laguntza orori uko egitea eta galeria irekitzea bere izenean zegoen banku-mailegu batekin eta bere funts propioekin, inoren menpe ez egoteko.
Oso denbora laburrean, Juana de Aizpuruk sortutako galeriak ospea hartu zuen eta nazio mailan erreferente bihurtu zen. Horrek lagundu zuen Sevillako gizarteak joera artistiko berriak onartzen. Gainera, 1977 eta 1983 urteen artean, Andaluziako artista gazteei laguntza eman eta mezenasgo lana egin zuen, "Juana de Aizpuru beka" sortuta.[5][6] Saria Madrilgo Velázquezen Etxean urtebetez egon eta hilero diru kopuru bat jasotzea zen.[4]
Neurri handi batean, Juana de Aizpuruk Espainian egindako lanari esker hasi ziren baloratzen atzerrian hainbesteko indarra zuen arte garaikidea, ordura arte ia ez baitzegoen halako lanak biltzen zituen museorik. Horren adibide izan zen argazkigintzari eman zion sustapena, ordura arte herrialdean guztiz desprestigiatuta zegoen praktika artistikoa. Juana de Aizpururren iritziz, pentsaezina zen tradizio artistiko handiko Espainia bezalako herrialde batek arlo horretako berrikuntzak ez besarkatzea.[1]
Hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar, Juana de Aizpuru munduko beste leku batzuetatik bidaiatzen ibili zen beste hiri batzuetako zirkulu artistikoak ezagutzeko. Basilea edo Parisko arte garaikideko azokak bisitatu zituen, esaterako. Denbora horretan guztian mundu artistikoan murgilduta egoteari eta arteak berarengan piztu zuen interesari esker, Espainiako artearekin eta abangoardiako artistekin konprometitu zen, eta nazioarteko panorama artistikoan koka zitezen lan egin zuen. Hori gertatzeko, pentsatu zuen onena Espainian arte garaikidearen azoka bat sortzea zela, non artistak nazioartean ezagutarazi ahalko ziren eta atzerriko joerak panorama nazionalean sartu. Horrela, merkatu artistikoa maila globalean ideien truke etengabea izango zen, eta Juana de Aizpuru ideia horren aitzindaria izan zen Espainian.
Hasiera batean, Bartzelonan egitea pentsatu zuten, baina Bartzelonako hiriak onartuko ez zuela eta, 1979an proposatu zion IFEMA erakundeari Madrilen nazioarteko azoka bat egitea. Sevillan Francisco Saunay IFEMAko zuzendari nagusiarekin eta Adrian Piera presidentearekin negoziatu ostean, lehen edizioa 1982an egin zen, eta ARCO izena eman zitzaion, Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka, urtero egiten dena. Apurka-apurka, gero eta bisitari gehiago eta artelan gehiago biltzen joan zen, bildumagile eta artearen maitaleentzako derrigorrezko hitzordu bihurtuta.[2] Hitzordu artistiko horrek lortu zuen ospearen eraginez, Juana de Aizpuruk 'Juana de Arco' izena hartu zuen prentsan. Sortu zenetik, zuzendaria izan zen, eta, bere zuzendaritzapean, ARCO galeria nazional eta nazioartekoen erreferentea bihurtu zen. 1986ra arte izan zen karguan. Dimisioa eman ostean, Rosina Gomez Baezak asturiar kultura kudeatzaileak ordezkatu zuen.
Urte horietan lan handia egin zuen Juana de Aizpuruk, izan ere, ARCO antolatu behar zuen eta aldi berean bere Sevillako galeria zaindu behar zuen, horregatik bi hirien artean bidaiatzen egon zen etengabe. 1983an galeria berria ireki zuen Madrilen, Barquillo kaleko 44. zenbakian, eta horrekin jarraitu nahi izan zuen mezenas eta artista berrien sustatzaile lanetan. Kontuan hartu behar da zein testuingurutan kokatzen zen hiriburua orduan, Trantsizio eta Madrilgo Movidaren urteetan. Enrique Tierno Galván alkatearen helburu nagusietako bat Madril hiri kosmopolita bihurtzea zen, eta, hortaz, Juana de Aizpururen moduko ekimenak etortzea ondo ikusiak zeuden. Horrela, bildumagileak eta alkateak elkarren ondoan lan egin zuten urte horietan, ARCO eta mota guztietako kultur jarduerak sustatzeko.
Beste alde batetik, 1991n, Arte Garaikideko Galerien Espainiako Elkarteko presidente hautatu zuten (gero, Arte Garaikideko Galerien Partzuergoa deitu zen, eta Espainiako arte-merkatuaren barruan ematen ziren baldintzetan hobekuntzak lortzeko sortu zen). Espainiako Arte Galerien Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea ere izan zen.[2][7]
Andaluziara itzulita, 2003an Sevillako Arte Garaikidearen Nazioarteko Biurtekoa (BIACS) sortu zuen, eta Juana de Aizpuru izan zen lehen zuzendaria. Hala ere, proiektu horrek ez zuen ibilbide luzea izan, hirian harrera ona izan bazuen ere. Erakunde ezberdinen finantziazio eta babes faltak eragin zuen bertan behera uztea. Bestalde, 2004an Sevillako galeria itxi zuen, baina ez zuen inoiz Sevillako hiriburua alde batera utzi. Hiriarekin lotuta jarraitu zuen, eta, zehazki, Sevillan bizi izan zen auzoarekin. Gainera, ez zion utzi hirian kultur proiektuak egiteari eta hiriak lehendik zuen ondarea aberasteari. Horren proba da 26 pieza eman zizkiola Arte Garaikidearen Andaluziako Zentroari, eta hori nahiko ezohikoa zen, Juana de Aizpuruk ez baitzuen bere bildumako lan bakar bat ere galtzen.[1] 2011n, Andaluziako alaba kuttun izendatu zuten, eta bere izendapenean hauxe nabarmendu zen:
"Bere lan aitzindari eta inkonformistak garai hartako Espainian ezin konta ahala molde hautsi zituen, kolore berri eta forma ezinezkoez paletak zamatuz, askatasunez eta itxaropenez beteriko errealitatea marraztuz urte lauso haietako mihise grisen gainean".
Urteetan zehar, Juana de Aizpuru Espainiako arte abangoardistaren irudi bilakatu zen, nazioarteko batzordeetako kide edo lehiaketa artistikoen epaimahaikide. Gainera, bere galerietatik kanpo hainbat erakusketa komisariatu zituen, horien artean 17 argazkilari eta moda, 17 artista-17 autonomia edo Andalucinaciones aipa daitezke.[4]
Juana de Aizpururekin ibilbide artistikoari ekin zioten artistetako batzuk Miquel Barceló, Jose Manuel Broto edo Ferrán Garcia Sevilla izan ziren[2]. Hala ere, horiek ez ziren bakarrak izan, Espainiako eta nazioarteko beste artista batzuekin ere lan egin baitu: Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Argazkilaritza eta Arte Ederren Sari Nazionala, Cristina Garcia Rodero, Cristina de Middel, Elena Asins, Alberto Garcia Alix... Cristina Lucas, Priscila Monge, Montserrat Soto, Tania Bruguera, Pedro Cabrita Reís, Alicia Framis, Jordi Colomer, Pierre Gonnord, Joseph Kosuth, Andrés Serrano, Philipp Fröhlich, etabar. Bere artistekin estatuko eta nazioarteko arte-azoka ospetsuenetan parte hartzen du, besteak beste, Frieze Art Fair (Londres eta New York), Art Basel (Basilea, Suitza), Paris Photo, Art Lima, Estampa, Art Genève.[8]
2023ko azaroan, laurogeita hamar urte zituela, erretiratu eta bere galeria itxiko zuela iragarri zuen. Artxiboak era guztietako sustapen materiala, prentsa eta dokumentazioa biltzen zituen, eta Sofia Erregina Museoari saldua zian zen 96.000 euro ingururen truke.[9]
Juana de Aizpuruk bere bizitza osoan zehar jaso dituen sari guztien artean, honako hauek azpimarra daitezke: