Judoon | |
---|---|
Whoniverse (en) | |
Argitalpena | |
Ageri den obrak | ikusi
|
Datu biografikoak |
Judoon Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko fikziozko arraza estralurtarra da. Errinozero itxura duten polizia mertzenario galaktikoa dira. Doctor Who telesailean agertzeaz gain haren spin-offa den The Sarah Jane Adventures telesailean ere agertu izan dira.
Gizaki itxurako gorputza dute baina errinozeroaren buru handia. Kaskoa janzten dutenean burua erabat proportzio gabekoa ikusten zaie. Poliziaren janzkera beltza dute, material gogorrekoa, bota astunak daramatzate. Energia armak erabiltzen dituzte eta instantean erraus ditzakete gizakiak. Esku bakoitzean lau hatz dituzte[1].
Fisiologiari dagokionez odol horia dute eta birika gehigarri bat ere badute, horri esker oxigenorik gabeko ingurunean luzaro biziraun dezakete. Jarrera bortitza eta zorrotza dute legea betearazteko orduan. Gerra taktika oso logikoak erabiltzen dituzten arren ez dira bereziki argiak, izan ere buru handia izan arren burmuin txikia baitute[2].
Polizia militar mertzenarioak dira. Une bakoitzean dauden planetaren legeak zorrotz betetzen dituzte. Antzina Doktorearekin adostu zuten ez zirela Lur planetara sartuko eta ez zutela gizakirik harrapatuko.
"Smith and Jones" (2007) atalean azaldu ziren lehenengo aldiz. Atal hartan Londresko ospitale bat Ilargira eraman zuten, han ezkutaturik zegoen estralurtar gaizkile bat harrapatzeko, esan bezala ezin baitute Lurrean sartu. Ospitale barruan hamargarren Doktorea eta Martha Jones zeuden. Gaizkileak giza odol transfusioak egiten zituenez judoonek ez zuten lortzen identifikatzea. Halako batean Doktorearen odola hartu zuen (gizakia zelakoan) eta horrela harrapatu zuten judoonek. Ondoren ospitalea eta barruan zegoen jendea Lurrera itzuli zuten[3].
Beste hainbat ataletan agertu izan dira, protagonista izan gabe; "The Stolen Earth" (2008), "The Pandorica Opens" (2010) eta "A Good Man Goes to War" (2011). Azken honetan Doktoreak berak kontratazen du judoon talde txiki bat, Strax komandantearekin eta hainbat siluriarrekin batera monjeen indarren aurka borrokatzeko.
The Sarah Jane Adventures telesaileko "Prisoner of the Judoon" (2009) atalean Tybo kapitainaren espaziontziak Lurraren kontra jotzen du eta preso zeraman Androvaxek ihes egiten du. Sarah Jane Smithen laguntzarekin Androvax harrapatzea lortzen du. Une batean taxi auto gidari baten aurka armarekin apuntzatzen du musika altuegi jarrita duelako eta horrek sendotu egiten du Lurrera itzultzeko debekua.
"Fugitive of the Judoon" (2020) atalean hamairugarren Doktoreak judoon bat aurkitu zuen Gloucester hirian iheslari bat harrapatu nahian. Aztarnek Ruth eta Leeren etxera eraman zuten eta Doktoreak lortu zuen Ruthekin ihes egin eta Gloucesterreko katedralean ezkutatzea. Gerora ikusiko da Ruth 13. Doktorearen haragiztatzea dela, Doktorearen antzinako bertsio bat, "Doktore iheslaria" izena duena. Dotore biek ihes egingo dute eta judoonek zin egingo dute kontratua beteko dutela[3]. "The Timeless Children" (2020) atalean judoonek 13. Doktorea atxilotu eta seguritate goreneko gartzelan sartzen dute bizitza osorako sententziapean[4].