KV44 | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Egipto |
Egiptoko gobernadore-herria | Luxor Governorate |
Hiria | Luxor |
Koordenatuak | 25°45′00″N 32°36′51″E / 25.75°N 32.6143°E |
Arkitektura | |
Dimentsioak | 6 () m |
Azalera | 22,59 m² |
KV44 Egiptoko Erregeen Haranean dagoen hilobi bat da, Niloren mendebaldeko ertzean, egungo Luxor hiri inguruan. Ekialdeko haranaren iparrekialdean dago, KV4ren hegoekialdean, eta ondoan KV45 du. 1901ean aurkitu zuen Howard Carterrek Theodore M. Davisentzat lanean ari zela.
KV44 Egiptoko XVIII. dinastiaren erdialde ingurukoa da, eta nekropoli honetako beste hilobi asko bezala, ez da errege batena. Are gehiago, baliteke errege familiako kide bakar batena ere ez izatea, baizik eta bere izena iritsi ez zaigun noble boteretsuren batena. Hilobiak sarrera putzu bat (A) eta bertan lurperatutako pertsonaren hondarrak egongo liratekeen areto bakar bat baino ez ditu. Bi gelak amaituak daude, baina, Erregeen Haraneko ez erret hilobietan ohi den bezala, ez daude apainduta.
Aurkitu zuen unean Howard Carterrek tokiko "zaborra"ren (hala deitu zuen) artean ontzi kanopo eta zeramikaren hondarrak zeudela nabaritu zuen, baita lore girlandak eta zazpi momia ere (horietako hiru haurrenak) gehienak bendaje eta sarkofagorik gabe. Gorpu hauek 1991n atera ziren Donald P. Ryanek Pacific Lutheran Universityrentzat eginiko indusketan, eta, aztertuak izan ondoren, litekeenena Egiptoko XXII. dinastiako lurperaketa sarkin batenak izan zitezkeela ebatzi zen. Dirudienez, tokia gutxienez hiru emakumek erabili zuten Osorkon I.aren erregealdian.
Ez da ezagutzen jatorrian norentzat eraiki zen hilobi hau, baina Aanen apaiza izan zitekeela pentsatzen da, Amenofis III.aren erregealdiko pertsonaia garrantzitsu bat, gainera Yuya eta Tuyu boteretsuen semea zena, eta, beraz, Tiy erreginaren eta Aÿ faraoiaren anaia. Alabaina, ez dago hau baieztatzen duen ezer, Aanenek berarentzat hilobi bat eraikiarazi zuela ezagutzen bait da, gaur egun TT120 bezala katalogatua, Erregeen Haranetik urrun.