Kalkaneoko ezproi

Kalkaneoko ezproi
Deskribapena
Motaosteophyte (en) Itzuli, oin gaixotasunak
exostosis (en) Itzuli
EspezialitateaErreumatologia
Identifikatzaileak
GNS-10-MKM77.30 eta M77.3
GNS-9-MK726.73
DiseasesDB10467
MeSHD036982
Disease Ontology IDDOID:210

Kalkaneoko ezproia orpoko kalkaneo hezurrean sortutako hezur konkrezioa da,[1] erradiografiaz detektatu ohi dena.[2]

Ezproia kalkaneoko beheko aurpegian.

Gaur egunean, kalkaneoko ezproiaren diagnostikorako irizpideak lausoak dira ezaugarri anatomikoei, ehunen deskripzioari eta elkartutako osasun arazoei dagokionez.[1] Deskribapen tipikoenaren arabera, kalkaneoko ezproia hezur honen beheko aurpegiaren barru aldeko tuberositatean sortzen da, baina kanpo aldeko tuberositatean edo sulcus-ean ere aurkitu izan da. Akilesen tendoiaren insertzioan (kalkaneoaren alde dortsalean, alegia) sortutako kaltzifikazioari ere kalkaneoko ezproi esan diezaioke, nahiz eta ezaugarri eta sintomatologia desberdinak izan.[3] Tamainari dagokionez, ez dago adostasunik: autore batzuek 1-2 mmtatik gorako konkrezioak hartzen dituzte kontuan, eta beste batzuendako berriz, konkrezio txikiagoak edo sintoma hutsak nahikoak dira kalkaneoko ezproi diagnostikoa emateko.[1]

Anatomikoki ere, kalkaneoko ezproiek aldaerak dituzte: aurkezpen sinplean, hiruki formako egitura garbia dira, hezurraren ezaugarriekin (azal trinkoa, eta trabekulak); aurkezpen irregularrean, berriz, ertzak ez dira ongi bereizten eta trabekularik ez da ikusten.[1]

Azken ikerketek erakusten dutenez, kalkaneoko ezproi batzuk sortzez kalkaneoaren garapen normalaren aldaerak dira. Gainera, ezproi askok ez dute minik ematen (sintomarik gabeko kontrolen %10-63 artean ezproiak aurkitu dira; orpoko mindunen artean, berriz, %45ean ez dago ezproirik). Horrek esan nahi du, kasuen %50ean ezproiak eta orpoko mina lotuta badaude ere, ezproiak ez direla zetan beti patologikoak izan behar.[1] Are, patologikoak diren artean ere ezproia bera ez ohi da da minaren jatorria izaten,[4] eta gehienetan orpoko minaren arrazoia beste faktoreetan aurkitzen da: oin-zolako burtsa, muskulu eta fasziak, inflamazioa (ezproiaren ingurua handituta egoteak mina sor dezake), haurdunaldia (oinaren karga distribuzioaren aldaketa), nerbio plantarraren neuritisak...[5]

Ezproi patologikoei dagokionez, historikoki ikerlariek arazo hau oin-zolako muskulu eta fasziekin lotu izan dute. Gaur egunean, halere, kalkaneoko ezproiaren sorreran zerikusia duten faktore gehiago kontuan hartzen dira: adina, pisua, generoa (emakumeetan prebalentzia handiagoa), artikulazioen arazoak, faktore genetikoak, oinaren postura (oin planoetan gehiago),[1] takoi altuak erabiltzeko ohitura...[3]

Fisiopatologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oin-zolako faszia.

Kalkaneoko ezproiaren fisiopatologia zehatza ez da ezagutzen. Proposatu diren teorietan endekapena, inflamazioa, trakzioa, trauma errepikatuak edo osteosintesi arazoak aipatu izan dira konkrezio honen sorrera azaltzeko.[1]

Oin-zolako faszia kalkaneoko ezproiarekin lotua badago ere (arazo hau duten pazienteetan nabarmen lodiagoa da), erlazioa ez da zuzena. Kasu askotan ezproia fasziaren baitan garatzen bada ere, ez da beti horrela gertatzen; gehienetan oin-zola baino barrurago egoten da, eta batzuetan kanporago. Kasu horietan muskulu geruzetako batean edo lotailuen insertzioan egon daiteke, konbinazio ezberdinetan. Histologikoki ere, kalkaneoko ezproi-guneen analisietan ez da ehun mota uniformerik ikusten.[1]

Esan beharra dago erradiografikoki kalkaneoan ikusten diren zuriuneek ez dutela zertan hezurrezko ezproi baten irudia izan; zuriune hauek askotan tendinopatien kaltzio pilaketa tipikoak dira, eta bigunak izaten dira (hortzetako pastaren testurarekin).[6]

Kalkaneoko ezproiaren sintoma nagusiak bere inguruko ehun bigunen mina izaten da, bereziki atseden hartu eta gero zutik jartzean. Pazienteak ezin du orpo horren gainean dagokion karga ezarri, eta horrekin lotutako aktibitateek (oinez ibiltzea, korrikan egitea, pisu astunak jasotzea) mina areagotu dezakete.[4]

Diagnostikoa egiterako orduan, orpoko mina eman ditzakeen beste zenbait arazoekin ez nahastea komeni da, hala nola osteomielitis, kalkaneoaren estres fraktura, Haglunden deformitatea edo Sever-ren gaisotasuna.[5]

Ultrasoinu aparatua.

Oin-zolako arazo guztietan bezala, gorputzaren pisua faktore garrantzitsua da koadroaren garapenerako, eta hura gutxitzeak konponbidea asko erraztu dezake.[5]

Nahiz eta ezproiaren tamaina aldatu ez, bere inguruko ehunen inflamazioa jeistera zuzendutako teknikek emaitza ona izaten dute.[1] Horren barruan, aktibitatearen ostean orpoa minduta geratzen denean izotzak mesede egingo du; era berean, orpo ingurua handituta badago, hanka altura batean ezarriz edemaren drainatzea erraztuko dugu.[4]

Txoke-uhinek[1] eta ultrasoinuek[7] emaitza ona izaten dute, baita: fonoforesia, iontoforesia, cyriaxen teknika, elektroterapia, ehun bigunen mobilizazioa... Bendajeek erabil daitezke oin-zolako fasziak jasaten duen karga arintzeko.[4]

Tratamendu podologikoa: oin-zolako arku zapal batek ezproiaren gaineko karga handitzen duenez, arkua berreskuratzeko plantillek arazoa konpontzen laguntzen dute,[1] eta orpoa zulatua duten plantillek mindutako ehunen irritazioa gutxitzen.[4]

Tratamendu farmakologikoa analgesiarako eta inflamazioa gutxitzeko erabil daiteke, ahoz edo infiltrazioz hartuta.[4]

Tratamendu hauekin ia paziente guztiak hobetzen diren arren,[5] horrela gertatzen ez denean, oin-zolako fasziaren tentsioa kirurgikoki gutxitzeko aukera dago, baita (behar izan ezkero) ezproia erauzteko ere.[4]

Kirolera itzultzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mina guztiz joateko, atibitate fisikoa ezinbestekoa da.

Behin min koadroa hobetzen hasita, oineko muskulu intrinsekoak indartzen has daitezke, oin-zolako fasziaren funtzioari laguntzeko. Une honetatik aurrera pazientea bere ohiko aktibitatera itzul daiteke progresiboki (alegia: ez dago sintomak guztiz desagertzeko zain egon beharrik, aktibitatean hasteko). Hain zuzen ere, tendoien malgutasuna eta indarra lantzeak arazoaren konponbidea errazten du. Halere, ezinbestekoa izango da ariketan hasi baino lehen erabiliko diren gorputz atalak berotzea, eta ostean luzatzea, Aktibitate mota ere kontuan hartu behar da, ez baita berdina oinak inpaktua jasotzen duen kirola (korrika adibidez) edo inpaktu zuzenik gabekoa (igerian edo bizikletan, adibidez); aktibitateok txandakatu beharko dira orpoaren egoeraren arabera, eta kirolaren intentsitatea ere baxuagoa izan beharko da, gorputzak onartu ahala handituz.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k (Ingelesez) Kirkpatrick, Joshua; Yassaie, Omid; Mirjalili, Seyed Ali. (2017). «The plantar calcaneal spur: a review of anatomy, histology, etiology and key associations» Journal of Anatomy 230 (6): 743–751.  doi:10.1111/joa.12607. ISSN 1469-7580. (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).
  2. (Ingelesez) «Heel and Foot Pain (Plantar Fasciitis)» patient.info (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).
  3. a b Weaver, Martin; Barakzai, Safia. (2010). «Radiography of the Foot» Handbook of Equine Radiography (Elsevier): 19–33. ISBN 9780702028632. (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  4. a b c d e f g h (Ingelesez) «Plantar Fasciitis and Heel Spurs» www.spoc-ortho.com 2018-05-15 (Noiz kontsultatua: 2019-06-25).
  5. a b c d Agyekum, Edward Kwame; Ma, Kaiyu. (2015-06-01). «Heel pain: A systematic review» Chinese Journal of Traumatology 18 (3): 164–169.  doi:10.1016/j.cjtee.2015.03.002. ISSN 1008-1275. (Noiz kontsultatua: 2019-06-25).
  6. (Gaztelaniaz) «Calcificaciones» Carlos López Cubas 2016-08-30 (Noiz kontsultatua: 2019-06-25).
  7. (Gaztelaniaz) Larrañaga, Oier Gorosabel. Orpo azpiko mina | Aixebe & Abante Fisioterapia. (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]