Kevin Christopher O'Higgins, irlanderaz: Caoimhghín Críostóir Ó hUigín, (Stradbally, Laoise konderria, 1892ko ekainaren 7a - Dublin, 1927ko uztailaren 10a) irlandar politikari bat izan zen.
1915ean Irlandar Boluntarioak erakundera elkartu zen eta ondoren Sinn Féin alderdiko kide egon zen. 1918an britainiarrek atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Irlandako Independentzia Gerran zehar lehenbiziko Dáil Éireann (1919-1921) legezkanpoko errepublikar legebiltzarreko parlamentaria izan zen.
Ondoren, Irlandako Estatu Askearen sorrerarekin Irlandako Gobernuaren Justizia Ministroa bilakatu zen. Anglo-irlandar Ituna eta Irlandaren banaketaren aldekoekin lerrokatu zen, Arthur Griffith, Michael Collins eta Eoin O'Duffy buruzagiekin batera Irlandako historiografian "iraultzaile kontserbadoreen" taldea osatuz. Itunaren eta banaketaren alde zegoen Cumann na nGaedhael alderdiko kide egin zen. Irlandako Gerra Zibilean banaketaren aurkako irlandar errepublikarrak gogor borrokatu zituen, denboraldi honetan zehar 72 presoren exekuzioa sinatuz.