Klima-aldaketaren ondorio psikologikoak klima-aldaketak gizabanakoen ongizate mental eta emozionalean izan ditzakeen eraginak dira. Taldeengan eta haien portaerengan izan ditzakeen eragin orokorragoekin ere erlaziona daitezke. Ondorio hauek era ezberdinetan ager daitezke eta adin eta jatorri guztietako pertsonei eragin.
Klima-aldaketaren ondorio psikologiko narbamenenetako batzuk honakoak dira: ekoantsietatea, atsekabe ekologikoa, haserre ekologikoa eta solastalgia.[2] Atseginak izan ez arren, emozio horiek beti ez dira zertan kaltegarriak izan eta naturaren degradazioaren aurrean erantzun arrazionala ematen lagun dezakete, egokitze-ekintza bultzatuz.[3] Hala ere, beste eragin arriskutsuago batzuk ere izan ditzakete osasunean, trauma osteko estresaren nahasmendua (TOEN), esaterako, sute masiboak zuzenean ala erreportajeen bidez ikustearen ondorioz.
Klima-aldaketaren ondorio psikologikoak ulertzeko saiakerek XX. mendeko eta baita lehenagoko lanetan dituzte aurrekariak, Industria Iraultza bezalako aldaketek ekarritako giro fisiko eta sozial aldakorrarekiko erantzunak aztertzen zituzten lanetan, hain zuzen ere.
Zehazki klima-aldaketarekin lotutako ondorio psikologikoen ikerketa enpirikoa XX. mendearen amaieran hasi zen,[4] eta XXI. mendeko lehen hamarkadan ohikoagoa bilakatu zen. 2010. hamarkadaren hasieratik, gero eta psikologo gehiago eskatzen ziren klima-aldaketaren ondorio psikologikoak ulertzen laguntzeko. Nahiz eta psikologoek ia ez zuten parte hartu lehenengo bost IPCC txostenetan, gutxienez bost psikologok lagundu zuten IPCC-ren Seigarren Ebaluazio Txostena osatzen, 2022an publikatu zena.
2020rako, psikologia klimatikoaren arloa zabaldu egin zen eta hainbat azpiarlo hartu zituen; psikologo klimatikoek Nazio Batuekin, gobernu nazional zein tokikoekin, enpresekin, GKEekin eta gizabanakoekin egiten dute lan.[1][5][6][7]
Klima-aldaketak ondorio psikologikoak hiru modu ezberdinetan eragiten dituela proposatu da: zuzenean, zeharka edo kontzientzia psikosozialaren bidez. Kasu batzuetan, banakoak hiru moduetako bat baino gehiagok batera eragin ditzakete.[8][9][7][10]
Muturreko fenomeno meteorologikoak bizitzeak, hala nola urakanak, uholdeak edo baso-suteak, nahasmendu emozional ezberdinak eragin ditzake. Ohikoena epe laburreko estresa da, normalean azkar gainditzen dena. Batzuetan, ordea, nahaste kronikoak ager daitezke, bereziki fenomeno bat baino gehiago bizi dutenen artean, trauma osteko estresa, nahasmendu somatoformea eta epe luzeko antsietatea bezalakoak. Ordena eta segurtasuna berrezartzeko agintarien erantzun azkar batek nabarmen murriztu dezake, pertsona gehienentzat, epe luzera edozein ondorio psikologikoren arriskua. Hala ere, lehenagotik gaixotasun mentalak dituzten pertsonek, zerbitzuak baldintza meteorologikoengatik eteten badira eta beharrezko arreta jasotzen ez badute, are kalte handiagoak jasan ditzakete.[7][8][9][11]
Klimaren eta giza portaeraren artean hobekien aztertu den lotura tenperaturaren eta indarkeriaren artekoa da, laborategietan, azterketa historikoaren bidez eta landa-lan zabala eginez ikertu dena. Azterketa ezberdinen arabera, tenperatura altuek pertsonen jarrera okerragotzea eragiten dute, eta horrek indarkeria fisikoa areagotzea dakar, etxeko indarkeria barne. Eztabaida akademikoa dago gehiegizko indarkeria klima-aldaketak eragiten duen graduari buruz, tenperaturaren aldakortasun naturalari kontrajarrita. Munduko leku batzuetan ohiz kanpoko tenperatura baxuak ere eragin ditzake klima-aldaketak, baina horien ondorio psikologikoak askoz gutxiago aztertu dira. Aztertu denaren arabera, ordea, ez da hain litekeena tenperatura baxuek indarkeria tenperatura altuek bezainbeste areagotzea.[7][12][13][14]
Munduko leku guztietan klima-aldaketak nabarmen eragiten du pertsonen finantza-egonkortasunean; esate baterako, nekazaritzaren ekoizpena murrizten du, edo gune bat turismoarentzat erakargarria ez izatea eragiten du. Horrek estres handia sor dezake eta, aldi berean, depresioa eta bestelako gaitz psikologiko negatiboak eragin ditzake. Ondorioak bereziki larriak izan daitezke finantza-estresa gizarte-bizitza nabarmen etetearekin batera gertatzen bada, hala nola kanpalekuetara birkokatzea beharrezkoa bada.[15] Esaterako, Katrina urakanaren ondoren, biztanleen suizidio-tasa, oro har, %300 handitu zen; karabanen parkeetara bizitzera joan behar izan zutenen kasuan, ordea, %1400 baino gehiago. Gobernuen esku-hartze eraginkorrek, finantza-krisi baten estresa arintzeko erabiltzen direnen antzekoek, egoerak ekarritako kalteak gutxiagotu ditzakete. Hala ere, batzuetan hori ez da erraza izaten, batez ere hegoalde globaleko herrialde txiroenetako batzuetan.[9][7][5]
Osasun fisikoa eta osasun mentala guztiz loturik daudenez, klima-aldaketarekin zerikusia duen edozein eragin fisikok eragin zuzena izan dezake osasun mentalean.[16] Ingurumenak jasandako kalteek, adibidez biodibertsitatearen galerak edo baita ingurumen-ezaugarri bizigabeen galerak (itsas-izotza, paisaia kultularak edo ondare historikoak) ere, eragin psikologiko negatiboak izan ditzakete, atsekabe ekologikoa eta solastalgia bezalakoak.[5][1][17][18]
Klima-aldaketak dakartzan arriskuei buruzko informazioak, klima-aldaketak zuzenean eragiten ez dituen pertsonengan ere, antsietatea edo bestelako larritasuna bezalako ondorio psikologikoak izan ditzake. Horrek bereziki eragin ditzake haurrak, eta Gerra Hotzean emandako antsietate nuklearrarekin alderatu izan da. Ekoantsietatea bezalako gaitz psikologikoak oso gutxitan dira tratamendu klinikoa behar izateko bezain larriak. Desatseginak izan eta negatibotzat sailkatuak egon arren, gaitz horiek klima-aldaketaren errealitatearen aurreko baliozko erantzun arrazional gisa deskribatu dira.[7][19]
Klima-aldaketa gero eta nabariagoa den eta biosfera zein giza-bizitzarentzat gero eta mehatxu handiagoa dakarren heinean,[20] horren ondorioz sortutako sentimenduak ikertu beharrekoak dira. Galera, antsietatea, atsekabea eta errua bezalako emozioak klima-aldaketaren mehatxuen aurreko erantzun arrunt gisa hartzen dira.[18][21] Emozio horiek guztiak larritasun klimatikotzat hartu izan dira.[22]
Hala ere, klima-aldaketaren eta horrekin erlazionaturiko gaien aurrean sortzen diren emozioak inkontzienteak edo ez guztiz hautemangarriak izan daitezke, etsipen- eta larritasun-sentimenduak sor ditzakeena, batez ere gazteengan.[23] Hori dela eta, zaila da sentitzen denari izena ematea, eta oro har ekoantsietate gisa izendatzen da, batez ere emozio negatiboek forma larriagoak hartzen dituztenean, esaterako loaren nahasmenduak edo erruminazioa eraginez.
2017an Ameriketako Psikologia Elkarteak "ingurumen-hondamendiaren beldur kroniko" gisa definitu zuen ekoantsietatea.[24] Asko erablitzen den beste definizio bat honakoa da: "giza existentziaren oinarri ekologikoak kolapso-prozesuan egotearen sentimendu orokorra".[1]
Gaitza ez da diagnostiko mediko bat, eta klima-aldaketaren errealitateari arrazoizko erantzun gisa hartzen da; hala ere, kasu larriek eragina izan dezakete osasun mentalean, arindu gabe uzten badira.[25] Frogatuta dago, baita ere, ekoantsietatea klima-aldaketaren ikertzaileek beren ikerketak helarazteko moduagatik sor daitekeela: klima-aldaketa gainditzeko eta gizabanakoek aldaketa bat egiteko irtenbiderik kontuan hartzen ez badute, ezintasun-sentimendu hori areagotzen dute.[26]
Ekoantsietatea emozio desatsegina da, baina moldakorra izan daiteke eta portaera positiboak bultzatu, hala nola informazio garrantzitsua biltzea. Hala ere, arazoak saihesteko nahi gisara ere ager daiteke, eta baita paralizazio moduko bat eragin ere. Pertsona batzuek adierazten dute seme-alabarik ez izatea erabaki dutela klima-aldaketak ekarriko duen etorkizunagatik.[27]
Antsietate ekologikoari emandako arreta azkar hazi zen 2017tik aurrera, eta bereziki 2018ko amaieratik aurrera, Greta Thunbergek bere antsietate ekologikoaren inguruan hitz egin ondoren.[28]
Atsekabe ekologikoa (edo dolu ekologikoa) ingurumenaren hondamendiak ala klima-aldaketak sortzen duen galera-sentimendua da.[29][30][5]
Kriss Kevorkian tanatologoak honela definitzen du atsekabe ekologikoa: "gertaera naturalengatik edo gizakiak eragindakoengatik ekosistemen ingurumen-galerak sortutako min-erreakzioa".[31] Beste definizio bat honakoa da: "bizitako edo aurreikusitako galera ekologikoengatik sentitutako atsekabea, espezieen, ekosistemen eta paisaia esanguratsuen galera barne, unekoa ala kronikoa den ingurumenaren aldaketagatik.[32]
Adibidez, Australiako Koral Hesi Handia gutxitzen ikusi zuten zientzialariek antsietatea eta etsipena sentitu zutela adierazten dute.[33] 2014an, Jo Confinok, The Guardian-eko artikulu batean, honako galdera hau egin zuen: "Zergatik ez gaude oinazez beterik, munduko espezieen eskala industrialeko genozidio bat sortzeko dugun gaitasunagatik?"[34]
Solastalgia neologismo bat da, latineko sōlācium (lasaitasuna) eta grezierazko -algia (mina, larritasuna, atsekabea) hitzez osatua, klima-aldaketak eragindako sufrimendu emozial edo existentziala esan nahi duena. Negatiboki hautemandako ingurumen-aldaketa bezala ere definitzen da. Bereizketa bat egitearren, esan daiteke, batetik, solastalgia negatibotzat hartzen den eta prozesuan dagoen aldaketari lotutako larritasuna dela, eta, bestetik, ekoantsietatea etorkizunean gerta daiteekenari lotutakoa.
Klimak berezkoak dituen beste ondorio psikologiko batzuk gutxiago aztertu dira. Horien artean sartzen dira eko-depresioa eta eko-haserrea, adibidez. Ekoantsietatearen, eko-depresioaren eta eko-haserrearen eraginak bereizi zituen azterketa batek banakoaren ongizaterako eko-haserrea dela onena aurkitu zuen, eta ona dela, baita ere, klima-aldaketa arintzeko ekintza kolektiboan zein indibidualean parte-hartzea bultzatzeko.[35]
Klima aldaketak ez ditu pertsona guztiak berdin eragiten. Biztanleria-talde batzuei, hala nola herri indigenei, umeei edo nerabeei, klima-aldaketak psikologikoki gehiago eragiten diela behatu da. Salbuespen asko daude, baina, oro har, garapen bidean dauden herrialdeetako pertsonak dira klima-aldaketaren eragin zuzena eta horrek dakartzan kalte ekonomikoak gehien jasaten dituztenak.[3]
Klima-aldaketak ondorio izugarriak ditu herri indigenen ongizate psikologikoan, zuzenean eta zeharka eragiten baitie. Askotan haien bizimoduak lurrarekin lotura estua duenez, klima-aldaketak zuzenean eragiten die haien osasun fisikoari eta finantza-egonkortasunari. Gainera, mundu osoko herri indigenen osasun mentaleko arazo larrien eta ingurumen-aldaketen arteko korrelazio kezkagarria frogatu da.[36] Kultura indigenek lurrari egozten dioten loturak eta balioak dakar lurrarekiko kalteek edo bereizketak zuzenean eragiten diela osasun mentalean. Askorentzat, beren herrialdea alderdi psikologikoekin lotuta dago, hala nola identitatearekin, komunitatearekin eta erritualekin.[36] Interkonexio horrek osasunaren ikuspegi holistiko baten berri ematen du, ingurumenarekiko oreka eta lotura espirituala eskatzen dituena, eta klima-aldaketak mehatxatzen duena.[37]
Bestetik, indigenen egoera ukatzen duten gobernuen erantzun desegokiek are gehiago larriagotzen dituzte klima-aldaketarekin lotutako ondorio psikologiko negatiboak. Horrek kultura-homogeneizaziorako arriskua dakar, denentzat berdinak diren klima-aldaketara egokitzeko erabakiengatik, eta baita talde batzuk lekualdatu beharragatik kultura-tradizioak haustearen ondorioz.[36][37] Maila sozioekonomiko baxuagoa duten herrialdeek, eremu sozioekonomiko hobeko eremuetako talde minoritarioek bezala, besteek baino gehiago jasaten dute krisi klimatikoa. Horrek migratzaile klimatikoak sortu ditu, ingurumen-baldintzak okertzeagatik eta katastrofe-klimatikoengatik.[38]
Kultura-jardueran eta gizarte-portaeran emandako aldaketak klima-krisia areagotzearekin batera gertatzen dira. [38] Indigenen kultura aldaketa horren adibide bat da, giza gorputzak inguruko ingurune fisikoa irudikatzen duen heinean.[39] Klima-krisian gertatzen diren kultura-aldaketa horiek osasun mentalean nola eragiten duten ulertzea funtsezkoa da laguntza egokia sortu eta eskaini ahal izateko. Antropologoek funtsezko tresna bat eskaintzen dute klima-krisiak giza osasunean dituen ondorioak ulertzeko. Orain, osasun mentala ez da desoreka biomedikoaren ondorio gisa bakarrik ulertu behar, baita krisi klimatikoaren ondorio gisa ere. Garapen ekonomikoa lehenesten duen ideologia hegemonikoak osasun mentalean eragin izugarria du, eta aurre egin behar zaio.[40] Ondorioek okerrera besterik ez dute egingo, aurreikusi ezinezko ingurumen-hondamendiek okerrera egin ahala. Klima-aldaketak indigenen osasun mentalean duen eragin handia dela eta, funtsezkoa da herri indigenen ikuspegia arreta handiz kontuan hartzea eta psikologia klimatikoaren arloan geroz eta gehiago txertatzea.
Haurrak helduak baino gehiago eragiten ditu klima-aldaketak. Haurren osasun fisikoari eragiten dioten klima-aldaketaren ondorio askok ondorio psikologikoak eta mentalak ere badituzte.[41] Munduko Osasun Erakundearen arabera, klima-aldaketak eragindako gaixotasunen %88 bost urtetik beherako haurrei dagokie.[42] The Lancet aldizkariak osasunari eta klima-aldaketari buruz egindako ikerketa batean, haurrak klima-aldaketak gehien eragiten dituen kategoria direla adierazten da.[43] 14 urtetik beherako haurrek %44 probabilitate handiagoa dute ingurumen-arrazoiengatik hiltzeko,[44] eta hirigunetakoek besteek baino gehiago pairatzen dituzte airearen kalitate kaskarra eta gehiegizko jendetza.[45]
Klima-aldaketak haurrengan dituen eraginen artean osasun mentaleko arazo larriak daude, besteak beste TOEN, depresioa, antsietatea, fobiak, loaren nahasteak, atxikimendu-nahasteak eta substantzien abusua.
2018ko ikerketa baten arabera, funtsezkoa da klima-aldaketak haurrei psikologikoki eragiten dien moduari buruz informazioa biltzea, hiru arrazoi nagusirengatik:[41]
Laguntza eta aldaketa politikorik ezak, komunikabideen arreta areagotzearekin batera, atsekabe ekologikoa eragin du, eta horrek ondorio berezia izan du nerabeen osasun mentalean. Klima-aldaketak nerabeak desberdin eragiten ditu, eta modu ezberdinetan. Modu horietako asko nahasi egiten dira nerabe bakoitzak bere trauma eta larritasuna prozesatu ahala. Lehenagotiko gaixotasun mentalak dituzten nerabeek atsekabe eta larritasun ekologiko handiak izateko arrisku nabarmena dute.[46]
Klima-aldaketak eragindako emozio horiek ez dira zuzenean kaltegarriak nerabearen osasun eta egoera psikologikorako, baina desatseginak dira eta geroz eta arazo larriagoa osatzen dute. Atsekabe ekologikoa, larritasuna, antsietatea eta haserrea dira nerabeen artean gehien sortzen diren emozioak. Psikologoak, bereziki psikologo klimatikoak, zailtasunak izaten ari dira emozio horien iturria aurkitzeko, bai eta behar dutenei laguntza eskaintzeko metodoak bilatzeko, eta oraindik arazorik ez dutenen arazoak prebenitzeko.[47]
Lekualdatzera behartua izatea ohikoagoa bihurtzen ari da klima-krisia handitu ahala. Lekualdatze behartua hondamendi naturalek, elikagaien murrizketak, goseteak, ur eskasiak edo bestelako ingurumenaren ondorioek eragin dezakete.[48] Lekualdatzeak atsekabe eta galera sentimenduak eragiten ditu, leku eroso batetik beste leku ezezagun batera joan beharragatik. Elikagaien murrizketak, goseak eta ur-eskasiak zeharka eragingo diote nerabearen osasunari, beldurra, antsietatea, atsekabea eta galera-sentimendua ekarriz.
Nerabeentzat harremanak garrantzitsuak dira. Lekualdatzeak tentsioak eragin ditzake nerabearen gizarte-harremanetan, eta baita gaitasun sozialak eta harremanak garatzea eragotzi ere. Gatazka komunitarioek ere zeharka eragin dezakete nerabearen osasun mentalean. Komunitateak iritzi kontraesankorrak izan ditzake klima-aldaketari, klima-aldaketaren metodoei eta klima-aldaketaren kontzientziari buruz. Emozio eta egoera negatiboz inguratuta egoteak eragin handia izan dezake garapen-bidean dagoen nerabe batengan. Baliteke beste batzuekin gatazka hori pertsonalki bizi nahi ez izateak eta interakzio sozialetatik urruntzea. Ideia desberdinak izan ditzakete, baina adinaren ondorioz norbaitek entzutea lortzeko arazoak izan ditzakete. Hala, etsipen-, ezintasun- eta beldur-sentimenduak nagusitzen dira.[49]
Klima-aldaketaren eragin psikologikoari buruzko azterketa gehienek ondorio negatiboak aurkitzen badituzte ere, ondorio positibo batzuk ere egon daitezke. Klima-aldaketaren ondorio negatiboen zuzeneko esperientziak aldaketa pertsonal positiboa eragin dezake. Pertsona batzuei, uholdeen eta antzeko ingurumen-gertaeren bizipenak klima-aldaketarekiko ardura handiagoa ekarri diete, klima-aldaketari aurre egiteko asmo eta poertaeretan bilakatzen dena.[18][50][51] Positiboa izan daitekeen zeharkako ondorioen adibide bat finantza-onurak lirateke, uzta handiagoak izan litzaketen nekazari gutxienentzat. Klima-aldaketak nekazaritzan dituen ondorio gehienak oso negatiboak izango direla aurreikusten den arren, zenbait eskualdetako ondorio batzuk onuragarriak izango direla aurreikusten da.[52][53]
Maila pertsonalean, kezka eta antsietatea bezalako emozioak bizitzaren zati normala dira, deserosoa izan arren. Mehatxuak identifikatu eta tratatzen dituen defentsa-sistema baten parte gisa ikus daitezke. Ikuspegi horretatik, antsietatea erabilgarria izan daiteke jendea informazioa bilatzera eta arazo bati buruzko ekintzak egitera motibatzeko.[54][18][55] Antsietateak eta kezkak joera handiagoa dute konpromisoarekin lotuta egoteko pertsonek zerbait egin dezaketela sentitzen dutenean. Agentzia-sentimendua indartu egin daiteke jendeak erabakiak hartzeko prozesu partizipatiboetan esku hartuz. Arazoan eta esanahian oinarritutako arazoei aurre egiteko trebetasunak ere sustatu daitezke. Arazoa ardatz duen arazoei aurre egiteko moduak informazioa biltzea eta norberak pertsonalki zer egin dezakeen jakitea eskatzen du. Esanahian oinarritutako arazoei aurre egiteko moduak informazio positiboa identifikatzea, itxaropen-iturri konstruktiboetan arreta jartzea eta beste pertsona batzuk ere beren zatia egiten ari direla sinestea bezalako portaerak eskatzen ditu.[56][18] Agentzia-zentzu bat, arazoei aurre egiteko trebetasunak eta gizarte-laguntza garrantzitsuak dira erresilientzia orokorra sortzeko.[57][58][59] Hezkuntzari on egin diezaioke kontzientzia emozionalean eta emozioak erregulatzeko estrategien garapenean zentratutako ikuspegi batek.[60]
Gizabanako batzuentzat, klima-aldaketaren aurkako borroka partekatuak eragindako konpromiso handiagoak isolamendu soziala eta bakardadea murrizten ditu.[61] Komunitate mailan, klima-aldaketari buruz ikasteak eta mehatxuari erantzuteko neurri kolektiboak hartzeak altruismoa eta gizarte-kohesioa areagotu, gizarte-loturak indartu eta erresilientzia hobetu dezake. Ondorio sozial positibo hori, oro har, lehendik gizarte-kohesio altu samarra duten komunitateekin baino ez da lotzen, eta horrek komunitate-liderrak bultzatzen ditu erresilientzia soziala hobetzera, klima-aldaketaren ondorioak larriegiak bihurtu aurretik.[5][9][7][62][63]
Psikologoek gero eta laguntza handiagoa ematen diote mundu-komunitateari, klima-aldaketa gutxitzeko ahalegin eraginkorrak antolatzeko erronkari aurre egiten. Lan handia egin da klimarekin zerikusia duen informazioa komunikatzeko modurik onena bilatzen, komunikatutakoak eragin psikologiko positiboa izan dezan eta, hala, jendea arazoari aurre egiten saiatu dadin, defentsa psikologikoak aktibatu beharrean, hala nola ukazioa, arazoarekiko distantzia edo hondamendi-sentsazioa. Komunikazio-metodoari buruz aholkatzeaz gain, psikologoek pertsona mota egokiak komunikatzeak egiten duen aldaketa ikertu dute. Adibidez, Estatu Batuetako kontserbatzaileei zuzentzean, frogatu da klimarekin lotutako mezuak modu positiboagon jasotzen direla ofizial militar ohiek ematen badituzte. Batez ere psikologoak ez diren zenbait pertsona ere klima-aldaketari lotutako arazo psikologikoei buruzko aholkuak ematen aritu dira. Adibidez, Christiana Figueres eta Tom Rivett-Carnac-ek, aurrekaririk gabeko Parisko Hitzarmena (2015) antolatzeko ahaleginaren buru izan zirenek, ordutik hona kanpaina bat egin dute klima-aldaketaren aurreko "baikortasun setatsua" pentsamoldea zabaltzeko, klima-aldaketaren erronkaren aurren izan behar den erantzun psikologikoa dela azalduz.[64][65][66][67][19][62]