Koexistentzia adiskidetsua edo Bakezko koexistentzia kontzeptu politikoa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren burua izan zen Nikita Khrustxov (1894-1971) politikariak sortu zuen, Gerra Hotzaren testuinguruan, nazioarteko harremanetan giro berri bat sortzeko asmoz. Kontzeptu honek mendebaldeko historialarien ikuspuntutik, SESBren 1955tik 1962ra doan garaia markatu zuen; sovietar historiografiak, aldiz, 1984 arte zeraman garaiaren iraupena. [1]
1953tik aurrera, Iosif Stalin hil ondoren, SESBren politika aldatzen joan zen. Hazkunde ekonomikoaren babesarekin sobietarrek desestalinizazioari ekin zioten: azpiegiturak bultzatu ziren, bizi-maila hobetu zen eta, nolabait, biztanleriaren mendebaldeko bizi mailara hurbildu nahi zuten. Nazioarteko ikuspuntutik, arma atomikoei esker, SESB seguru sentitzen zen; halaber, Koreako Gerran armistizioa sinatu zen eta Indotxinan bakea. Ameriketako Estatu Batuetan, bitartean, Truman doktrina biolentoa gaindituz, Dwight Eisenhowerrek sobietarren aurrean euste politika erreibindikatzen zuen.
Koexistentzia adiskidetsua ez zuen komunisten ideologiarako kontraesan handirik sortu. Hauentzat, nahita ez, garai batean, herrilade kapitalistak zein komunistak bizikide izan behar ziren eta, testuinguru horretan, mundu mailako gerra batean ez erortzeko, behar-beharrezko zen koexistentzia hori bultzatzea. Azken buruan, sobietarrek gerra baztertu nahi zuten nazioarteko harremanen zailtasunak konpontzeko unean. Leninen pentsamenduan antzeko ideia bat azaltzen zen: behin iraultza Sobietar Batasunean martxan jarrita, politika ekonomikoa izan behar zen mundu mailan komunisten eragina zabaltzeko.[2]
Ideia garbia bazen ere, nazioarteko egoerak sarritan arazoak azaldu zituen planteamendu horrekin aurrera jarraitzeko. Lau gertaera izan ziren bereziki delikatuak:
Ameriketako Estatu Batuekin harremanak, bestetik, ez ziren lauak izan; gorabehera ugari izan ziren. Ofizialki estatubatuarren politika erasorkorra zen baina, hala ere, Khrustxov 1960an Estatu Batuak bisitatu zituen eta, hurrengo urtean, John F. Kennedy, presidente berria, sobietar buruarekin Vienan bildu zen.
Oraintsuago, esaldi horrek, komunismoaren hiztegitik kanpo, mundu osoko diplomazian, bere erabilera badu ere. Adibidez, 2004ko Gabonetako agerraldian, Joan Paulo II.a Aita Santuak "elkarbizitza baketsua" eskatu zuen Ekialde Hurbilean.[3]