Bulkanologian, kolada sumendi-erupzioetan ateratzen den laba fluidoaren geruza da.
Laba koladetan atera daiteke. Kolada, likatasun gutxiagokoa ala handiagokoa izan daiteke, lasterrago mugitzen da jariogunetik hurbil, jariogunetik urruti baino, izan ere, hoztean, likatsuago egiten baita, moteldu eta erabat gelditu arte. Azala gotortzen da aurrena, baina barruan labak urtuta jarraitzen du. Jariogunetik hurbil, sakonera gutxi izaten du koladak, azkar mugitzen delako. Etnaren azken erupzioetako batean, orduko hogeita hamasei kilometroko lastertasuna harrapatu zuen labak zenbait tokitan.
Koladaren azalak hiru forma izan ditzake: pahoehoe, aa, eta gainalde jarraitua.
Aldiz, zepazko aan, azal lodiagoa gotortzen da eta azal hori zatikatu egiten da laba mugitu ahala. Horixe gertatzen da, Etnaren kasuan bezala, laba azkar jaisten denean. Hortaz, bi modutara eratzen da aa hori: tortika edo azal mehe bat hautsi delako (horretarako, labak nahiko laster ibili behar du), edota tortika lodi bat hautsi delako, zeinahi lastertasunean. Beste aa mota bat koladako gasen leherketen eraginez eratzen da.
Aldapa handian behera datorren koladak lastertasun handiagoa hartzen du, tortika hautsi egiten zaio, eta nahas-mahas bihurtzen da berehalaxe. Baina tortika lodia denean, kolada zepazkoa izan daiteke aldapa txikia izanda ere, blokeak aurreraka erortzen baitira kolada mugitu ahala; horrek argitzen duen zergatik dagoen zepazko ohe bat koladen azpian.
Labazko koladen azalak itxura desberdinak izan ditzake. Zenbait alditan, laba jariakorra denean, hanpatu batzuk eratzen dira, hamar bat metroko diametroa eta bizpahiru metroko garaiera dutenak, eta pitzadurak izaten dituzte. Dirudienez, labaren gaineko azala dilatatu delako gertatzen dira hanpatu horiek. Izan ere, beirak, zeina laba bat batean hoztean eratzen baita, bolumen handiagoa hartzen du isurkari forman dagoen labak baino. Aldiz, hozte prozesua motela bada, harkaitz gotorrak laba isurkariak baino bolumen gutxiago hartzen du.
Basaltozko gangen azaleko tortika tupustean hozten da airea ukitzen duenean; horrela bada, bolumena hazten zaio eta hanpatu egiten da. Behin gotortu denean, hoztu egiten da, baina motel, eta orduan ateratzen dira pitzatuak.
Koladek oso itxura topografiko desberdinak izaten dituzte, kolada aurreko topografiaren, laba kopuruaren eta labaren likatasunaren arabera.
Artikulu hau geologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |