Komunztadura

Gaztelaniazko artikuluen, izenen eta adjektiboen arteko genero- eta numero- komunztadurak, ingelesezko hiztunei azalduak.

Komunztadura, gramatikan, esaldi berean loturik dauden hitz batzuen artean gertatzen den kideko morfemen arteko adostasuna da. Normalean, hitzen flexioak aldatuz egiten da[1].

Kategoriaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza bakoitzean, komunztadurak kategoria gramatikalen araberakoak dira.

Genero eta numeroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen inguruko hainbat hizkuntzatan, generoari, numeroari eta kasuari dagokien lotura gertatzen da izen-sintagmako izenaren, adjektiboaren eta artikuluaren artean (adibidez, izena singularrean agertzen bada, adjektiboak ere singularrean egon behar du).

Esate betarako, gaztelaniaz, el gato pequeño ("katar txikia"), la gata pequeña ("kateme txikia"), los gatos pequeños ("katar txikiak"), las gatas pequeñas ("kateme txikiak") izen-sintagmetan, artikuluen, izenen eta adjektiboen artean genero eta numero komunztadurak daude. Frantsesez ere halaxe da: aurreko izen-sintagmak, hurrenez hurren, le petit chat, la petite chatte, les petits chats eta les petites chattes dira.

Euskal izen-sintagmak ez du horrelakorik; alde batetik, euskaraz ez dagoelako genero gramatikalik eta, bestetik, kasu-marka sintagma osoari behin bakarrik eransten zaiolako[1].

Deklinabide-kasuak dituzten hizkuntzetan, kasuaren komunztadura ere gertatzen da. Adibidez, alemanezko der gute Mann ("gizon ona", nominatiboan) eta des guten Mann(e)s ("gizon onaren", genitiboan).

Euskaraz kasuak ditugun arren, ez dago alemanaren antzeko komunztadurarik: -ren morfema (genitiboa agertzen duena) izen-sintagma osoari gehitzen zaio behin eta ez dago beste flexio aldaketarik.

Aditzak eta pertsona

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pertsonen komunztadura-markak euskarazko agintezko aditzetan.

Europako hizkuntza gehienetan, subjektu eta aditzaren artean ere gisa bereko komunztadura gertatzen da, pertsonaren arabera. Hona frantsesezko adibideak, partir ("abiatu") aditzarekin, indikatibozko orainaldian:

  • je pars
  • tu pars
  • il part / elle part
  • nous partons, edo on part
  • vous partez
  • ils partent / elles partent

Passé composé deritzan aditz-denboran (euskaraz, orainaldi eta lehenaldi [+ bukatua] adierazten du, hau da, abiatu naiz / nintzen formen berri ematen du), komunztadurak konplexuxeagoak dira:

  • je suis parti ("abiatu naiz", gizonezko batek esana)
  • je suis partie ("abiatu naiz", emakumezko batek esana)
  • tu es parti ("abiatu haiz", "abiatu zara", gizonezko bati esana, hika)
  • tu es partie ("abiatu haiz", "abiatu zara", emakumezko bati esana, hika)
  • il est parti ("abiatu da", gizonezko bati buruz esana)
  • elle est partie ("abiatu da", emakumezko batez esana)
  • nous sommes partis ("abiatu gara", gizonezko batzuez, edo gizon-emakumez osatutako talde batek esana)
  • nous sommes parties ("abiatu gara", emakumezko batzuek esana)
  • on est partis ("abiatu gara", gizonezko batzuek, edo gizon-emakumez osatutako talde batek esana)
  • on est parties ("abiatu gara", emakumezko batzuek esana)
  • vous êtes parti ("abiatu zara" gizonezko bati esana, zuka)
  • vous êtes partie ("abiatu zara", emakumezko bati esana, zuka)
  • vous êtes partis ("abiatu zarete", gizonezko batzuei edo gizon-emakumez osatutako talde bati esana)
  • vous êtes parties ("abiatu zarete", emakumezko batzuei esana)
  • ils sont partis ("abiatu dira", gizonezko batzuez, edo gizon-emakumez osatutako talde bati esana)
  • elles sont parties ("abiatu dira", emakumezko batzuez esana)

Euskal aditzak, ordea, perpausean ager daitezkeen hiru sintagmarekin (NOR, NORI eta NORK sintagmekin) gordetzen du komunztadura. eta lotura hori aditzari hiru sintagma horiei dagozkien morfemak erantsiz gauzatzen da, aditz trinko zein perifrastikoetan. Pertsona anitzeko komunztadura hori are nabariagoa da georgieraz, Kaukosoko hizkuntza ergatibo batean (hurrengo esaldiotan, pertsonen komunztadura markak bereizi ditugu, georgierazko aditz trinkoetan zein euskarazko laguntzaileetan):

v-khed-av > Ikusten d-u-t
g-mal-av-en > ezkutatzen za-it-u-z-te edo ezkutatzen za-it-u-z-te-te
a-chuk-eb-s > emango d-i-o (+ zero marka)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «komunztadura - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-05-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]