Kopa menstrual


Bi tamaina desberdinetako kopa menstrualak

Kopa menstruala edo hileko-kopa[1] hilekoan odola biltzeko baginan sartzen den ontzia da. Hilekoa kudeatzeko beste metodo batzuek ez bezala, tanpoiak eta konpresa higienikoak adibidez, ez du likidorik xurgatzen, baina barruan metatzen du atera eta bota aurretik[2]. Produktu berrerabilgarria da eta latexez, silikonaz edo elastomero termoplastikoz eginda dago[3]. Erabilera segurua bermatzeko, erabiltzaileak eskuak desinfektatu behar ditu sartu eta kentzerakoan, ez utzi kopa barruan egoten hamabi ordu jarraitu baino gehiagotan eta hilekoaren hasieran eta amaieran kopa desinfektatu behar du[4]. Kopa menstrualak 99 herrialde baino gehiagotan eros daitezke[5], nahiz eta erabilera-tasa baxua izaten jarraitzen duen[6].

"Zaku katameniala"ren lehen patente ezaguna

Kopa menstrual baten antzeko lehen gailu "zaku katameniala" da, 1867an, Chicagon, S. L. Hockertek patentatua. Barne eta kanpoko erabilerarako bost egitura elkartuz osatuta zegoen. Baginaren barruan gomazko poltsa edo zaku leun moduko bat jartzen zen. Gomaz, urrez, zilarrez edo Hockertek egokitzat jotako beste materialez egindako eraztunak zerbixa inguratzen zuen eta zakua lekuan eusten zuen. Azken honi hari bat lotzen zitzaion. Haria baginako kanaletik irten, gorantz okertu eta sabelaldean erabilitako kuxin batean amaitzen zen. Gailu osoa aldaka gainean loturiko gerriko baten bidez eusten zitzaion gorputzari. Poltsaren barruan belakiak jartzen ziren odola xurgatzeko[7].

XIX. mendean zehar, barne bildumagileen patenteak aurkezten jarraitu zuten. 1876an George E. Johnstonek, Chicagokoa ere, kanpoko zaku bati atxikitako kopa bat asmatu zuen[8]. 1884an, Hiram G. Farrek metalezko kopa bat deskribatu zuen[9]. Gailu honen iragarkia American Druggist aldizkari estatubatuarran agertu zen "umetoki-euskarri" izenarekin[10]. 1892an, Julius J. Wernierek hodi teleskopikoen bidez luzera erregula zezakeen biltzaile bat asmatu zuen[11]. Hiru urte beranduago Philip W. Dautrichek sarrera bikoitzeko poltsa bat asmatu zuen. Gailu honek, baginako kanalean sartuta, umetokiari eusten zion eraztun formako mutur lodiarekin. Jarioa isur ez zedin, beste muturrean erabiltzaileak ireki zezakeen euskarria zegoen edukia husteko[12]. 1898an, Seth Beachek esfera formako gailu bat proposatu zuen[13].

XX. mendearen lehen hamarkadetan, diseinu gehienek gerrikoak edo kanpoko euskarriak erabiltzeari utzi zioten, eta barne erabilerarako egituran berritzera mugatu ziren. 1903an, Lee H. Mallaleiuk eraztun uzkurtua, tunel itxurako gailua eta isuriak saihesteko balbulaz osatutako kopa bat deskribatu zuen[14]. 1907an, Louise Nelsonek mutur irmoa zuen pesario bat patentatu zuen hilekoa kudeatzeko gailu gisa[15]. 1917an, John Jorgensonek metalez egindako kopa baten maketa proposatu zuen[16]. Urtebete beranduago, Lester E. Norquistek kopa luze baten formako gailu katameniala patentatu zuen, alboko irekidura batzuekin eta eraztun formako eranskin leun batekin. Gailuaren barruan material xurgatzaile bat erabiltzea gomendatu zuen egileak, esaterako belaki bat[17]. 1928an, Emil Spardelek plegatzeko gai zen kopa bat deskribatu zuen[18]. 1932an, Lester J. Goddardek "ontzi baginala" erregistratu zuen. Aurrekoetan ez bezala, asmatu zuen gailuan ez zuen zulorik, kalitate oneko kautxu sintetiko biguneko pieza bakar batez egina zegoen eta Goddardek zehazten zuen ez zuela umetokiarekin kontaktuan jarri behar[19]. Arthur F. Hagedornen 1935eko patentea Goddarden asmakizunean oinarrituta zegoen[20]. Botoi formako kopa bat erregistratu zen urte hartan John Robert Manegolden izenean[21].

Lehen modelo komertzialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkadan, kopa menstrualen lehen modelo komertzialen ekoizpena hasi zen. Lehenengoak The Dainty Maid Inc-ek fabrikatutako Daintette Cup (Middlefield, Connecticut) eta Foldene Inc-ek fabrikatutako Foldene Cup (Cleveland, Ohio) izan ziren. Biek oso molde antzekoa zuten baina kolorez eta tamainaz desberdinak ziren[22][23]. 1937an, Leona Chalmers asmatzaile eta aktore estatubatuarrak, kautxu bulkanizatuz egindako kopa bat patentatu zuen[24]. Tassette markarekin kaleratu zuen produktua, baina Bigarren Mundu Gerran kautxu faltak kopen ekoizpena oztopatu zuen[25]. Gainera, medikuntzaren sektoreen kezka zegoen gailu horien segurtasunaren eta "himena haustea, (emakumea) sexualki estimulatzea eta promiskuitatea bultzatzea"-ren inguruan[26]. 950ean Chalmersek bigarren modeloa dokumentatu zuen, materialaren konposizioan aldaketak eginez[27]. Garai hartako beste modelo bat Adele Gordonek 1952an asmatutako "tranpa katameniala" izan zen[28].

Robert Oreck enpresaburuak Tassette Inc. enpresa sortu zuen Chalmersek asmatutako kopa Tassette izenarekin merkaturatzeko[29]. Kopak merkatuan sartzea lortu zuen arren, publikoak erresistentzia erakutsi zuen gailu genital bat garbitu eta berrerabiltzearen ideiari eta botatzeko eta tanpoiak erabiltzearen aldeko apustua egin zuen[30]. 1963. urtearen amaieran, Tasette enpresak finantza-zailtasunak izan zituen eta kopa berrerabilgarria merkatutik kendu zuen[30]. 1969an Oreckek antzeko enpresa bat fundatu zuen, oraingoan Tassaway Inc izenarekin eta Tassaway kopa jarri zuen saltzeko. Aurrekoa ez bezala, modelo hau botatzekoa zen[29]. 1973 hasieran itxi zen arte, enpresa honek berrogei milioi kopa saldu zituen AEBetan[30].

1960ko eta 1970eko hamarkadetan, sexu iraultzarekin eta antisorgailu hormonalen agerpenarekin lotutako panorama sozial berri batek kontsumo-ohitura berriak sortu zituen, batez ere konpresa higienikoak baino gehiago tanpoiak erabiltzea nahiago zuten emakume gazteen artean[26]. 1965 eta 1971 artean Barbara M. Waldronek Chalmersen modeloarekin oinarritutako bi kopa patentatu zituen: lehenengoak ezargailua zeukan[31] eta bigarrena berrerabilgarria zen[32]. 1974an, hileko periodo osoan etenik gabe erabiltzeko modelo bat patentatu zen[33].

Merkatuan ezartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadan, tanpoien salmentak behera egin zuen AEBetan shock toxikoaren sindromearen kasuengatik. Horrek irtenbide alternatiboen bila zebiltzan kontsumitzaileen sektorea sortu zuen, kopa menstruala barne. Beste faktore batzuk hilekoarekin lotutako ekologiari eta espiritualtasunari buruzko ideiak izan ziren[34]. 1987an Lou Crawford The Keeper latexezko kopa fabrikatzen hasi zen, gaur egun ere salgai dagoen modeloa[26]. 2002an, Erresuma Batuan, Mooncup silikonazko kopa menstrual berrerabilgarria merkaturatu zen[35]. Gaur egun, 200 marka inguru daude 99 herrialdetan[5].

Kopa menstrualen tamainak

Batez besteko kopa menstrualak 6 zentimetro ditu luzera eta 4,2 zentimetroko diametroa dauka zatirik zabalenean[36]. 10 eta 38 zentimetro kubiko arteko biltegiratzeko ahalmena du[36]. Produktu honen aurkezpenek forma, diseinu eta tamaina desberdinak dituzte. Modelo egokia aukeratzeko, gorputzarekin erlazionatutako faktoreak hartu behar dira kontuan, hala nola adina, erditze baginalak, azpil diafragmaren muskuluen indarra, baginako kanalaren luzera eta fluxuaren batez besteko bolumena. Horren arabera, kopa bat aukeratu behar da. Aukeraketa erabiltzaileak mediku batekin batera egin dezake[37]. Kopa bat 10 urtera arte berrerabil daiteke[6]. Objetu pertsonala da eta ezin da besteekin partekatu[38].

Kopa bat sartzeko, erabiltzaileak eskuak higienizatu behar ditu. Tolestu behar da, eta puntatik sartu lehenik, ezargailurik gabeko tanpoi baten antzera. Sartzea erraztu daiteke urarekin bustiz edo uretan oinarritutako labaingarri bat erabiliz. Kopa zerbixetik zentimetro gutxira egon behar da[37].

Kopa menstruala sartzea

Kopa kentzeko, erabiltzaileak berriro ere eskuak garbitu behar ditu eta ondoren hatz lodiarekin eta eraztun-hatzarekin kopa hartu behar du oinarritik -ez muturretik- eta estutu xurgatzea aske uzteko. Edukia kentzen denetik berehala komunera isurtzen da[37].

Kopa sartzeko posiziorik egokiena erabiltzailearen araberakoa da, adibidez, zutik edo hanka bat altxatuta egotea[39].

Odoljarioaren hasieran eta amaieran kopa desinfektatu behar da. Prozesu hori materialaren eta fabrikatzailearen argibideen araberakoa da[39].

Ez dago nazioarteko estandarrik edo kalitate-proba espezifikorik kopa menstrualak ekoizteko[40]. Hala eta guztiz ere, kalitate oneko materialak erabiltzearen inguruko nolabaiteko adostasuna dago industrian[41].

2019an, The Lancet medikuntza aldizkariak argitaratu zuen kopa menstrualei berrogeita hiru azterlanen berrikuspena eta ez zuen erlazio zuzenik aurkitu honen erabileraren eta gaixotasunen garapenaren artean[6].

Kopa menstrualen erabileraren eta pelbiseko gaixotasun inflamatorioaren edo endometriosiaren arteko korrelazioa frogatzen duen nabaritasunik ez dago[6].

Ikuspegi soziokulturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Neska ikasle keniar batek kopa menstruala nola erabili azaltzen (2016)

Kopa menstruala ugalketa- eta sexu-osasuneko politika publikoen tresna gisa erabiltzen da, eta eskola absentismoaren aurkako borrokan, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan[6].

Nepalen, kopak erabiltzen dira chhaupadi erritua saihesteko estrategia gisa. Sinesmenak adierazten du emakumeak hileko garaian "zikinak" direla, beraz, odoljarioaren egunetan etxola txikietan isolatuta egoten dira. Kopak gorputzaren barruan isuria zuhurki biltzen duenez, emakumea "garbia" dela hauteman dezake[42].

Ziberaktibismoan, kopa menstrualen irudi grafikoak erabiltzen dira ekintza ekologistak eta ekofeministak sustatzeko[43].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Copa menstrual» Elhuyar hiztegia.
  2. (Gaztelaniaz) Jiménez, Lourdes. (2016). «Las 'piradas' que hablan de la menstruación» Diagonal.
  3. (Ingelesez) Weir, Caitlyn Shaye. (2015). «Discussion» In The Red: A private economic cost and qualitative analysis of environmental and health implications for five menstrual products. , 52 or..
  4. (Ingelesez) Eveleth, Rose. (2022). «The Best Menstrual Cup» The New York Times.
  5. a b (Ingelesez) Turns, Anna. (2019). «The women taking the plastic out of periods» The Guardian.
  6. a b c d e (Ingelesez) Eijk, Anna Maria van; Zulaika, Garazi; Lenchner, Madeline; Mason, Linda; Sivakami, Muthusamy; Nyothach, Elizabeth; Unger, Holger; Laserson, Kayla et al.. (2019). «Menstrual cup use, leakage, acceptability, safety, and availability: a systematic review and meta-analysis» The Lancet 4: 379..
  7. (Ingelesez) «Hockert» Google Patents.
  8. (Ingelesez) «Improvement in catamenial sacks» Google Patents.
  9. (Ingelesez) «Menstrual receptacle» Google Patents.
  10. (Ingelesez) Goldberg, Johanna. (2016). «“Solving Woman’s Oldest Hygienic Problem in a New Way”: A History of Period Products» HYAM.
  11. (Ingelesez) «Gatamenial sack» Google Patents.
  12. (Ingelesez) «Catamenial sack» Google Patents.
  13. (Ingelesez) «Catamenial sack and womb-supporter» Google Patents.
  14. (Ingelesez) «Catamenial sack» Google Patents.
  15. (Ingelesez) «Pessary» Google Patents.
  16. (Ingelesez) «Catamenial device» Google Patents.
  17. (Ingelesez) «Catamenial appliance» Google Patents.
  18. (Ingelesez) «Catamenial appliance» Google Patents.
  19. (Ingelesez) «Vaginal receptacle» Google Patents.
  20. (Ingelesez) «Sanitary appliance» Google Patents.
  21. (Ingelesez) «Catamenial receptacle» Google Patents.
  22. (Ingelesez) Finley, Harry. (1998). «Daintette, an early cup» Museum of Menstruation and Women's Health.
  23. (Ingelesez) Finley, Harry. (1997-2006). «Foldene (1930s-1940s?, U.S.A.)» Museum of Menstruation and Women's Health.
  24. (Ingelesez) «Catamenial appliance» Google Patents.
  25. (Ingelesez) Finley, Harry. (1997-2006). «Leona Chalmers possibly produces the first commercial menstrual cup, around 1937» Museum of Menstruation and Women's Health.
  26. a b c (Ingelesez) Renault, Marion. (2019). «Menstrual cups were invented in 1867. What took them so long to gain popularity?» Popular Science.
  27. (Ingelesez) «Menstrual cup» Google Patents.
  28. (Ingelesez) «Catamenial trap» Google Patents.
  29. a b (Ingelesez) Finley, Harry. (1997-2006). «Women Tossed Away the Tassaway» Museum of Menstruation and Women's Health.
  30. a b c (Ingelesez) O'Donnell, Kelly. (2017). «The whole idea might seem a little strange to you: Selling the menstrual cup» The Society for the History of Technology.
  31. (Ingelesez) «Vaginal cup and means for inserting same» Google Patents.
  32. (Ingelesez) «Vaginal cup having radially arranged internal supporting ribs» Google Patents.
  33. (Ingelesez) «Menses collector» Google Patents.
  34. (Gaztelaniaz) Felitti, Karina Alejandra. (2017). «Cíclica y la copa menstrual argentina: historia, propuestas y desafíos del movimiento Maggacup» IISE: 40. ISSN 2250-5555..
  35. (Ingelesez) Stevens, Jenny. (2019). «‘People were revolted’: how Mooncup bust period taboos and built a big success» The Guardian.
  36. a b (Gaztelaniaz) Arenas-Gallo, Camilo; Ramírez-Rocha, Gabriela; González-Hakspiel, Laura; Merlano-Alcendra, Catalina; Palomino-Suárez, Daniela; Rueda-Espinel, Santiago. «Aceptabilidad y seguridad de la copa menstrual: revisión sistemática de la literatura» Revista Colombiana de Obstetricia y Ginecología 712: 165-173..
  37. a b c (Ingelesez) Scaccia, Annamarya. (2019). «Everything You Need to Know About Using Menstrual Cups» Healthline.
  38. (Ingelesez) Hyttel, Maria; Faldt Thomsen, Camilla; Luff, Bianca; Storrusten, Halvor; Nyakato, Viola Nilah; Tellier, Marianne. (2017). «Drivers and challenges to use of menstrual cups among schoolgirls in rural Uganda: a qualitative study» Waterlines (Practical Action Publishing) 362: 109-124..
  39. a b (Ingelesez) Galan, Nicole. (2019). «Menstrual cups: Everything you need to know» Medical News Today.
  40. (Ingelesez) Adams, Anna. (2020). «Menstrual cup misuse 'can cause pelvic organ prolapse'» BBC News.
  41. (Ingelesez) Poirier, Phil. (2019). Guide to Menstrual Hygiene Materials. New York: Unicef jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-02-16).
  42. (Ingelesez) Capper, Stephanie. (2018). «Menstrual cups are helping Nepal's girls avoid the deadly Chhaupadi ritual» Australian Broadcasting Corporation.
  43. (Gaztelaniaz) Ramírez Morales, María del Rosario. (2019). «Ciberactivismo menstrual: feminismo en las redes sociales» PAAKAT 917 ISSN 2007-3607..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]