Hirugarren mendean, kristautasuna, hein handi batean, Nizea baino lehenagoko gurasoen garaia izan zen; I. eta II. mendeko Elizako Gurasoen ondoren hasi ziren idazten, 325. urteko Nizeako I. Kontzilioa baino lehen.
Badirudi motakotza kristau instituzionala basamortuan hasi zela, III. mendeko Egipton, nolabaiteko martirio bizi baten gisan. Anton Abadea (251-356) - monje ezagunena agian - eta Pakomio (c. 292-348. ) monakotzaren hasierako berritzaileak izan ziren Egipton, nahiz eta Paulo Tesbaskoa (c 226/7-c.341) izan zen lehen kristaua monako moduan bizi izan zela dakiguna. Ordea, badakigu, froga historikoetatik, izan zirela gizabanakoak geroago monakotza deitu zitzaion bizimodua egin zutenak kristautasuna legezkotu aurretik ere.
Anton Abadea izan zen mundua berariaz utzi eta basamortuan monako gisa bizi izan zen lehena. [1] Anton eremita moduan bizi izan zen basamortuan, eta, denborarekin, jarraitzaileak izan zituen, eremita moduan bizi zirenak, hurbil, baina komunitaterik osatu gabe harekin. Horietako bat, Paulo Tebaskoa, bakardade erabatekoan bizi izan zen, Antonengandik hurbil samar, eta Antonek monako akatsgabetzat eduki izan zuen. Monakotza mota horri eremitikoa edo eremita modukoa deitzen zaio.
Monakotza Ekialdean zabaltzen hasi ahala Egiptotik hasi eta Palestina, Siria eta are Asia Txikirainoko eta haragorainoko basamortuetan bizi ziren eremitekin, Basamortuko Gurasoen esanak (apophthegmata) eta egintzak (praxeis) ere jasotzen eta hedatzen hasi ziren, lehenik monako kideen artean, eta gero laikoen artean ere bai.
Arte kristaua berandu samar agertu zen. André Grabar artearen historialariaren arabera, lehenengo kristau irudi ezagunak K.o. 200. urtearen inguruan agertu ziren, nahiz eta literaturan badagoen frogarik lehenago ere erabiltzen zirela irudi txikiak etxeetan. Nahiz eta judu helenizatu askok, antza denez (eta Dura-Europos sinagogan bezala), erlijio-pertsonaien irudiak eduki, Moisesek ezarritako tradiziozko debekuak bazuen oraindik eraginen bat, zalantzarik gabe. Irudiak hain antzinatik gaitzetsirik, nahiz eta teologoek ez zuten inoiz halakorik agindu, eta pertsekuzioari itzurtzeagatik kristau praktikak ezkutuan egin beharrez, arrasto gutxi iritsi zaizkigu hasierako kristautasunari eta haren bilakaerari buruzkoak. Kristau margolan antzinakoenak erromatar katakonbetakoak dira, eta K.o. 200. urtearen ingurukoak dira, datazioaren arabera, eta kristau eskultura antzinakoenak, berriz, sarkofagoak dira, zeinak III. mendearen hasierakoak baitira, datazioaren arabera.
Kristautasunaren aldaerak II. eta III. mendeetan sortu ziren. Nizeako lehen kontzilio ekumenikoa Konstantino enperadoreak deialdia eginik egin zen, Nizean, 325. urtean, eta Arrianismoa gaitzetsi zen orduan. 325aren ondotik, Kontzilioek dogma ortodoxoak formulatu zituzten.
Bibliako kanona, hala, Itun Zaharraren Koine Grezierazko liburuak ofizialki onetsi zirenean hasi zen. Septuaginta edo Hirurogeitamarrak jotzen dira eta onartzen Kristau fedearen oinarri gisa, Itun Berriko Ebanjelioekin, Apokalipsiarekin edo Errebelazioaren Liburuarekin eta Apostoluen Gutunekin batera (Apostoluen Eginkariak eta Hebrearrentzako Gutuna barne) .
K.o 200. urtearen hasieran, litekeena da Origenes Alexandriakoak egungo Itun Berriko 27 liburuak erabili izana, nahiz eta artean ere eztabaidak ziren kanonikoak ote ziren Hebrearren Gutuna, Jakue, Petri II, Joan II, Joan III eta Apokalipsia edo Errebelazioaren Liburua, zeintzuei [2] Antilegomenak baitzeritzen.
IV. mendearen amaieratik, "Elizako Gurasoak" titulua baliatu da doktrina gaietan autoritatetzat aipatzen diren eliztar idazleen talde gutxi gorabehera mugatua izendatzeko. Elizako Gurasoak, hala, hasierako Eliza Kristauko teologo eta idazleak dira, itzala aitortzen zaienak, eta proto-ortodoxiaren garapenean eragin handia izan zutenak. Bi lan mota egin zituzten: teologikoak eta "apologetikoak": azken horiek fedea zedarritzeko lanak ziren, kristautasunaren egiazkotasunaren aurkako argudioak ezeztatzeko arrazoiak baliatuz idatziak. [3]
Grezieraz idatzi zutenei Guraso Grekoak (Eliza Grekoa) deritze.
Klemente Alexandriakoa (150 - 215) izan zen Alexandriako Elizako lehen kide ospetsua, eta itzal handieneko irakasleetako bat izan zen eskola horretan. Filosofo grekoen tradizioak eta kristau doktrina lotu zituen, eta kristau platonismoa garatu zuen. Origenes legez, Alexantriako Eskola Katekistikotik irten zen, eta oso jantzia izan zen literatura paganoan.
Origenes (184 - 253) hasierako kristau jakintsu eta teologo bat izan zen.Tradizioaren arabera, Egiptoarra zen, [4] eta Alexandrian irakatsi zuen, eta bai ere Eskola Kateskistikoa berpiztu, Klemente irakasle izan zeneko hura. Alexandriako patriarka, hasieran, Origenesen alde agertu zen, baina gero egotzi egin zuen, patriarkaren baimenik gabe ordenatzeagatik. Zesarea Maritimara aldatu zen bizitzera, eta han hil zen, pertsekuzio batean tormentua pairatu ostean.
Hebreera bazekiela baliatuz, Septuaginta zuzendua idatzi zuen. Bibliako liburu guztiei buruzko iruzkinak idatzi zituen. Peri Archon ( Lehen Printzipioak ) lanean, kristau doktrinaren lehen azalpen filosofikoa eman zuen. Eskriturak alegorikoki interpretatu zituen, eta estoiko, neo-pitagorikoa eta platoniko baten gisa agertu zuen bere burua. Plotinoren antzera, idatzi zuen ezen arimak hainbat aldi igarotzen dituela gizaki gisa haragitu aurretik, eta heriotzaren ostean, azkenean, Jainkoagana iristen dela. Deabruak ere Jainkoarekin elkartzen zirela irudikatu zuen. Origenesen ustez, Jainkoa ez zen Yahweh, baizik eta Lehen Printzipioa, eta Kristo, Logosa, haren mendekoa zen. Hirutasunaren egitura hierarkikoaz zuen ikuspegiak, materiaren iragankortasunak, "arimen lehenagotiko existentzia miresgarria" eta "hortik heltzen den leheneratze ikaragarria" anatematzat jo ziren VI. mendean.
Hipolito Erromakoa (c. K.o.170-235 ) hasierako kristautasuneko idazlerik oparoenetako bat izan zen. Hipolito, beraz, II. mendearen bigarren zatian jaio zen, Erroman, seguruenik. Foziok, Biblioteka izeneko bere lanean (121 kod.), idatzi zuen hura Ireneoren dizipulua zela, zeina Polikarporen dizipulu bat omen baitzen, eta pasarte horren testuingurutik uste da iradokitzen zuela Hipolitok ere halakotzat zuela bere burua. Alabaina, zalantzazkoa da hori. Gatazkan sartu zen garai hartako Aita Santuekin, eta, aldi batez, talde bereizi baten burua izan zen. Hori dela eta, bera jotzen da lehen Antipapatzat. Alabaina, 235ean hil zen, edo 236an, Elizarekin berradiskideturik, eta martiri.
Latinez idatzi zuten gurasoei Guraso Latindarrak (Eliza Latindarra) deritze.
Tertuliano (155 - 240) 197. urtea baino lehenago bihurtu zen kristautasunera; lan apologetiko, teologiko, eztabaidazko eta aszetikoen idazle oparoa izan zen. [5] Erromatar ehuntari baten semea zen.
Tertulianok salatu egin zituen heretikotzat jotzen zituen kristau doktrinak, baina esan izan da bizitzan geroago Montanismora bihurtu zela, zeina sekta heretiko bat baitzen, zorroztasuna aldarrikatzen zuena. [5] Hiru liburu idatzi zituen grezieraz, eta kristautasun latindarreko lehen idazle handia izan zen: hala, "Eliza Latindarraren Guraso" deitzen zaio batzuetan. [6] Legelaria zen Erroman, ageri denez. [7] Esaten da berak sortu zuela "hirutasun" (trinitas) terminoa Jainkotasunari dagokionez, kristauen hiztegian sartuz (Ordea, Teofilo Antiokiakoak idatzia zuen lehenago "hirutasuna, Jainkoarena, haren Hitzarena eta haren Jakituriarena", eta antzekoa da, nahiz eta ez berdin-berdina, hirutasunaren formularekin alderatuta; orobat, litekeena da harena izatea beste formula hau ere: "Hiru pertsona, substantzia bat", ("tres personae, una substantia" (eta hori koine grezieratik: "treis Hypostases, Homoousios"), eta halaber "vetus testamentum " (testamentu zaharra) eta "novum testamentum" terminoak (testamentu berria).
Apologeticus lanean, lehen idazle latindarra izan zen kristautasuna "vera religio" -tzat (egiazko erlijiotzat) jo zuena eta sistematikoki apaldu zituena Erromatar Inperioaren erlijio klasikoa eta beste kultu onartu batzuk "superstizio" hutsen mailara.
Zipriano Kartagoko gotzaina (200-258) eta lehen idazle kristau handietako bat izan zen. Seguru asko, III. mendearen hasieran jaio zen Ipar Afrikan, Kartagon, behar bada, eta hezkuntza klasiko bikaina jaso zuen han. Kristautasunera bihurtu ondoren, apezpiku bihurtu zen 249an, eta azkenean martiri hil zen, Kartagon bertan.
III. mendean ez zen izan, Dezioren agintaldiraino, inperio osoko pertsekuziorik kristauen kontra. Erromatar Inperioan hirugarren mendeko krisiak eraso zuelarik, ordea, Dezio enperadoreak neurriak ezarri zituen egonkortasuna eta batasuna berrezartzeko, are betebehar berri bat ere, erromatar hiritarrek beren leialtasuna ager zezaten inperioaren kultuari zegozkion erlijio-zeremonien bidez. 212an, hiritartasun unibertsala bermatu zitzaien inperioan libre jaiotako biztanle guztiei, eta Deziok 250. urtean emandako ediktuarekin, zeinak erlijiozko obedientzia ezartzen baitzuen, kristau hiritarrak gatazka zail-zail bati aurre egin beharrean aurkitu ziren: inperio luze-zabaleko supplicatio delakoan parte hartzeari uko egiten zioten hiritarrei heriotza zigorra ezarriko zitzaien. Nahiz eta urtebete baino ez iraun, Dezioren pertsekuzioarekin eten egin zen ordura arteko inperio-politika bat, zeinaren arabera kristauak ez ziren jazarri behar berez desleial balira bezala. Are Dezioren beraren pean ere, kristau ortodoxoak ez ziren atxilotzen, non eta ez zioten uko egiten erromatar erlijio zibikoan parte hartzeari, eta ez zitzaien eragozten kulturako elkartzea. Gnostikoak ez bide ziren jazarriak izan.
Kristautasuna loratu egin zen " Elizaren Bake Txikia " deritzon lau hamarkadako epean, Galienoren (253-268) agintalditik hasita, hark eman baitzuen lehenbiziko tolerantzia ediktu ofiziala kristautasunari buruz. Koexistentziaren garaia amaitu egin zen, ostera, Dioklezianok azken "Pertsekuzio Handia" abiarazi zuenean 303an.
Nikodemiako ediktua Galerio enperadore erromatarrak eman zuen, 311. urtean, ofizialki amaiaraziz Ekialdean kristautasunaren kontrako jazarpena, Dioklezianok abiarazia. Milango Ediktua eman zelarik K.o. 313an, zeinaren bidez Konstantino Handia eta Lizinio erromatar enperadoreek kristau erlijioa legezkotu baitzuten, azkendu egin zen Erromatar estatuaren kristauen kontrako pertsekuzioa. [web 1]
Web-iturriak