Leiopus nebulosus | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Cerambycidae |
Leinua | Acanthocinini |
Generoa | Leiopus |
Espeziea | Leiopus nebulosus Linnaeus, 1758 |
Leiopus nebulosus Cerambycidae familiako kakalardoa da. Europan zabaldurik dago eta Euskal Herrian ere aurkitzen da.[1][2]
Lineok deskribatu zuen Zientziarako 1758. urtean Cerambyx nebulosus izenarekin.[3]
250 urtetan zehar Leiopus linnei espeziearekin nahastu izan da, harik eta 2009an Henrik Wallin, Ulf Nylander eta Torstein Kvamme entomologoek bigarren hau espezie bereizi gisa deskribatu zuten arte. Gaur egun L. linnei Europa erdialdean aurkitzen dela zehazten da eta L. nebulosus aldiz Europako kostaldean.[4]
Tamaina txikia duen kakalardoa da, arra 5-9,2 mm artekoa eta emea 6,4-9,5 mm artekoa. Gorputzak kolore ilunak eta marroi argiak txandakatzen ditu era lauso batean. Elitroen erdialdean marra ilun nabarmen batek zeharkatzen du.[4]
Antenak oso luzeak dira, gorputza baino luzeagoak, eta segmentatuak. Segmentu bakoitza kolore argiaz hasten da eta kolore ilunaz amaitu, antena marratuen itxura emanez.
Kakalardo polifagoa da eta habitat ugaritan aurkitzen da, baso hostozabalean, baso mixtoan, parkeetan eta lorategietan. Helduak ilunabarrean edo gauez ateratzen dira. Eroritako hosto, adar eta enbor hiletan aurkitzen dira.[4]
Helduak maiatza eta abuztua artean ikusten dira. Emeak eroritako adarretan edo zuhaitz hiletan jartzen ditu arrautzak. Handik jaioko diren beldarrek azala edo azaletik gertu dagoen zura jaten dute. Diametro txikiko zein handiko adarretan elikatzen dira eta udaberrian pupa eratzen dute berariaz zulaturiko ganbera batean.[4]