Lindano

Lindano
Formula kimikoaC6H6Cl6
SMILES kanonikoa2D eredua
SMILES isomerikoa
[C@@H]1([C@@H]([C@@H]([C@H]([C@@H]([C@@H]1Cl)Cl)Cl)Cl)Cl)Cl
MolView3D eredua
EponimoaTeunis van der Linden (en) Itzuli
MotaHexakloroziklohexano
Ezaugarriak
Dentsitatea
1,85 g/cm³ (20 ℃)
Disolbagarritasuna0,001 g/100 g (ur, 20 ℃)
Fusio-puntua113 ℃
Irakite-puntua323 ℃ (760 Torr)
Lurrun-presioa0 mmHg (20 ℃)
Masa molekularra287,8601 Da
Erabilera
Tratatzen dupedikulosi eta Hazteri
Arriskuak
Denboran ponderatutako esposizio muga0,5 mg/m³ (10 h, Ameriketako Estatu Batuak)
IDLH50 mg/m³
Eragin dezakelindane exposure (en) Itzuli
Identifikatzaileak
InChlKeyJLYXXMFPNIAWKQ-GNIYUCBRSA-N
CAS zenbakia58-89-9
ChemSpider10481896
Reaxys1907337
Gmelin32888
ChEBI2179629
ChEMBLCHEMBL15891
RTECS zenbakiaGV4900000
ZVG26380
DSSTox zenbakiaGV4900000
EC zenbakia200-401-2
ECHA100.000.365
MeSHD001556
RxNorm1388
Human Metabolome DatabaseHMDB0014575
UNII59NEE7PCAB
NDF-RTN0000146530
KEGGD00360 eta C07075

Lindanoa edo γ-hexakloroziklohexanoa edo gammahexanoa konposatu organiko da, C6H6Cl6 formula duena organokloratuen familiakoa. Hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomeroetako bat da. Hauts zuria da, oso toxikoa, eta intsektizida gisa erabili da[1][2].

Poluitzaile organiko iraunkorra da eta Stockholmeko hitzarmenak fabrikatzea eta erabiltzea debekatu zuen salbuespen batekin: giza osasunerako farmazia-produktuak, adibidez buruko zorriak eta hazteria kontrolatzeko, bigarren mailako tratamendu gisa[3].

Historia eta erabilerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lindanoa intsektizida gisa 1940ko hamarraldian hasi zen erabiltzen[4].

Espektro zabaleko intsektizida denez (berdin-berdin balio du intsektu fitofagoak edo lurzoruan bizi diren intsektuak akabatzeko zein animalien edo gizakion parasitoak hiltzeko), lindanoa asko erabili izan da nekazaritzan, basozaintzan, albaitaritzan eta giza osasunaren arloan. Batik bat, lurzoruak, haziak (zekaleak, koltzaren haziak, linaziak...) eta arbolen hostoak tratatzeko usatu izan da, baita zurezko objektuak intsektu xilofagoetatik babesteko, azienda eta etxeko abereei parasitoak kentzeko edota etxeko hainbat intsekturen kontra ere[5].

Horrez gain, zorrientzako eta hazteriarentzako tratamendurako ere erabili da, xanpu eta lozio formarekin.

Estimatzen da 1950 eta 2000 urteen artean 600.000 tona lindano sortu zirela munduan, eta hortik gehiena abeltzaintzan eta nekazaritzan erabili zen

Lindanoa bentzenoa kloroz tratatuz oxigenorik gabeko ingurune batean eta eguzkiaren argia baliatuz sintetizatzen da.

Emaitza HCHren isomero-nahastea da. Lindanoa separatzeko erreakzio-nahastea metanol/azido azetiko nahaste batez tratatzen da zeinetan alfa-HCH eta beta-HCH disolbatzen diren[6].

Lindanoa toxikoa da eta izaki bizidunetan metatzeko joera handia du, kontzentrazioa katea trofikoan gora joan ahala handitzen delarik.

Dosi handitan hartuz gero, lindanoak buruko mina, ahulezia, nekea, ezinegona, insomnioa, beherakoa, goragalea, oka egitea eta sukarra eragiten ditu, besteak beste. Esposizio handiagoek ataxia eta konbultsioak eragin ditzakete eta kasurik larrienetan, koma, birika edema, bihotz-kolapsoa eta heriotza ere eragin ditzakete. Lindanoaren lurrinak edo lindanoak berak begiak, sudurra, eztarria eta larruazala narrita ditzakete.

Toxikotasun kronikoari (dosi txikiekiko esposizio jarraiak sortutako efektu toxikoei) dagokionez, lindanoak gibel- eta are-arazoak (hepatitis kronikoa, pankreatitis kronikoa), giltzurrun-arazoak, arazo hormonalak eta ginekologikoak (hilerokoan edota obarioen funtzioan), odol-arazoak (anemia aplastikoa) eta nerbio-sistema zentraleko arazoak eragiten ditu. Fetoengan ere eragina izan dezakeela uste da

Ingurugiro-arriskuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lindanoa konposatu apolarra denez, lipodisolbagarria da, hau da, gantzetan erraz disolba daitekeen konposatua da. Gainera, oso astiro biodegradatzen da eta oso egonkorra da ingurune-baldintza normaletan. Ondorioz, lindanoa oso erraz metatzen da bizidunengan eta oro har, ingurunean[3].

Lindanoa ingurugirora isurtzeak osasun- eta ingurune-arazo larriak sortzen ditu, bizidunengana heldu eta katea trofikoetan metatzen baita. Esate baterako, aziendek poluitutako lurretan larratuz gero, poluitutako belarra jan lezakete eta era horretan, Lindanoa azienda horien haragi edo esnera hel daiteke; haragi edo esne hori kontsumituz gero.

Lindanoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lindanoaren produkzioa eta horren hondakinen kudeaketa arazo larria izan da Euskal Herrian.

Euskal Herrian bi enpresek ekoitzi dute lindanoa historikoki: Barakaldoko Bilbao Chemicals eta Asuako Nexana Industrias Quimicas[5].

Bilbao Chemicalsek 1947an hasi zuen hexakloroziklohexanoaren isomero-nahaste bat (HCH) produzitzen. 1953. urtean berriz, gamma isomeroa nahastetik bereizten hasi zen eta lindanoa soilik merkaturatzen hasi zen. 1987a arte jardun zuen horretan

Lindanoa produzitzeko prozesuan, produktu komertzialaren eta hondakinen arteko ratioa 1:9koa. Hortaz, gamma isomeroa bereizten hasi zenetik hondakinak asko emendatu ziren eta Barakaldoko pabilioietan metatzen zituzten hasiera batean. Gerora, nonahi isuri zituzten. Bilbao Chemicalsek jarduna eten zuen Barakaldoko pabilioietan 4.500 tona lindano puru utzi zuten. Produkzioak iraun zuen bitartean, 66.000 tona hondakin isuri zirela uste da.

Nexana Industrias Quimicas enpresak antzeko garapena izan zuen. 1952an hasi zen enpresaren jarduera eta 1974 arte intsektizida gisa saldu zen HCH teknikoa ekoiztu zen bertan. Urte horretan berriz, gamma isomeroa bereizten hasi ziren Nexanan ere. 1982an itxi zen enpresa eta ordurako 18.400 tona lindano ekoiztu ziren eta 7.000 tona kontrolik gabe isuri ziren enpresaren inguruetan.

HCH eta lindanoaren bidezko poluzioa bereziki Bizkaian gertatu da. Eusko Jaurlaritzak IHOBE enpresa publikoaren bidez kudeatu du arazoa.

1993an Eusko Jaurlaritzak lindano hutsa eta HCH poluitutako lurzoruak gordetzeko aldi baterako biltegi bat antolatu zuen. Era berean, Jaurlaritzak bi segurtasun-biltegi antolatu zituen 1996 eta 2002 artean Argalariokoa Barakaldon eta Loiukoa[7]. Bertan, 27 tokietako lur poluituak gorde ziren. Argalariokoak 340.000 m3 lur poluitu gordetzen ditu eta Loiukoak 113,718 m3. Bi toki hauek zaintzapean daude oraindik eta lixibiatuak tratatu egiten dira[8].

Lindano puruzko hondakinak Bilbao Chemicalsen pabilioietan bertan tratatu ziren, BCD (Baseek katalizatutako deskonposizioa) izeneko teknologia baten bidez berariaz eginiko planta batean.1999 eta 2001 artean 3.211 tona tratatu ziren[5][8][9].

Herritarren kezkak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Jaurlaritzak 1995ean Argalarioko segurtasun-biltegia eraikitzeko hartutako erabakiak ez zen kontrakotasunik gabekoa. Bizilagunek, erakunde ekologistak, udal batzan ordezkatutako alderdi politikoetako batzuk kontra agertu ziren[10][11]. Eragile horiek kezka erantzuna emateko Eusko Jaurlaritzak IHOBEren bidez bi urrats eman zituen. Batetik, eraikuntza-lanen jarraipenerako batzorde bat eratu zen non Jaurlaritzaren teknikoak, udal batzaren ordezkariak, erakunde ekologisten ordezkariak eta bizilagunen elkarteko ordezkariak juntatzen diren[12]. Bestetik, ingurugiro-hezkuntzarako zentro bat ireki zen non herritarrak, eskola-umeek eta interesa zuten guztiak informazioa lor zezaketen[8].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
  2. (Ingelesez) PubChem. «Lindane» pubchem.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
  3. a b Stockholm Convention on Persistent Organic Pollutants. https://pops.int/default.aspx.
  4. Peacock, F. C.. (1978). Jealott's Hill : fifty years of agricultural research, 1928-1978. Bracknell : Imperial Chemical Industries, Plant Protection Division ISBN 978-0-901747-01-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
  5. a b c d Kaltzada, Pili & Larrañaga, Jon. (1996-02-01). «LINDANOA, Kaosaren eta irtenbidearen artean» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
  6. Muller, F et als. (1999). Acaricides. Ullmann's Encyclopedia of Industrial Chemistry 7th ed.. John Wiley & Sons.
  7. Berro, Irune. (2002ko garragarrilaren 18). Azkenengo lindano kamioia. Euskaldunon egunkaria, 2 or..
  8. a b c (Ingelesez) Vega, Milagros; Romano, Dolores & Uotila, Elina. (2016). Lindane (persistent organic pollutant) in the EU. Europako Parlamentua, 38-40 or..
  9. Garcia,, Luis Karlos. (1997ko urriaren 1a). Ormazabalek dioenez 1998ko maiatzerako bukatuko dal lindanoa tratatzeko planta. Euskaldunon Egunkaria, 11 or..
  10. Eguzki Barakadoko lindanoaren erreferendumaren aurka. Euskaldunon Egunkaria, 9 or..
  11. Barakaldoko udalak egin behar zuen erreferenduma bertan behera uztea nahi du orain alkateak. Euskaldunon Egunkaria, 11 or..
  12. «Lindanoak eragindako kutsaduraren aurrean jarduteko erakunde- eta gizarte-ekintzarako mahaia bildu da» https://www.ihobe.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]