Lip dub (ingelesez, lip, "ezpain"; dub, "itzuli", "nahastu") musikazko ikus-entzunezko mota bat da, Interneteko sare sozialen zabalkundearekin batera arrakasta nabarmena izan duena, gazte talde handien parte hartzea eta harremana eskatzen baitu. Ikus-entzunezkoaren audio gisa abesti ezagun bat harturik, eta bideokamera mugikor bat harturik, filmatzaileak ibilbide bat egiten du eraikin batean barrena (unibertsitate batean askotan), ibilbidean zehar topatzen diren gazteek abestiaren hitzak ezpainez (lip) jarraitu eta dantzaz antzeztu egiten duten bitartean. Filmatutako bideoa Youtube edo antzeko webguneen bitartez zabaltzen da. Lip dub ikus-entzunezko zenbaitek mundu mailako arrakasta lortu dute. Arrakastatsu izateko baldintzak naturaltasuna, benetakotasuna, parte hartzea eta dibertsioa aipatu dira.
Vimeoren sortzailea izan zen hitza erabiltzen lehenengoa. Bere etxera zihoala Endless Dream izeneko abestia entzuten ari zen eta abesten. Bere kamararekin bere burua grabatu eta etxera iritsita abestia jaitsi zuen mp3 batean, bideoarekin sinkronizatu eta Vimeora igo[1]. Bere testuak hala zioen:
« | Etxera bidean nihoan nire aurikularretan abestia entzun eta nire burua kantuan grabatzen nuela. Etxera iristerakoan iMovierekin ireki eta abesti orijinalaren MP3a jarri nion, bideoarekin sinkroniatzeko. Ba al dago horretarako izenik? Ez bada nire proposamena da lip dubbing deitzea. | » |
Hala ere badira bera baino lehenago antzeko ideiak garatu dituztenak, izenik jarri gabe. Adibidez Spice Girls taldeak bideoklipa egin zuen ideia bera erabilita. Batzuen arabera, hala ere, abeslarien bideoklip ofizialek ez dute balio, baizik eta afizionatuek eginikoek bakarrik.
2008an Alemanian "University LipDub" webgune eta taldea sortu zuten. Egin zuten lehen bideoak ia 300.000 ikustaldi izan ditu Vimeon, eta beste hainbeste YouTuben. Hala ere Quebecen eginiko bideoa da munduko ikusiena[2]. 2 ikaslek egin zuten, hainbat ikaskideren laguntzarekin kontatu eta CNNk egun batzuetara eskaini zuen telebistan.[3]
Historiako lip dubik handiena Katalunian egin zen, Vicen, independentzia aldarrikatzeko. 5.700 lagunetik gora bildu ziren Obrint Pas taldearen "La Flama" abestiarekin[4]. Bideo hori argitaratu zen egun berean Euskal Herrian antzeko bat egitea proposatu zuten blog batean.
Lip dubak toma bakar batean hartzen dira, travelling estiloa emanez, eta atentzioa denbora guztian pertsona batetik bestera igarotzen da. Tom Johson Web 2.0an adituaren arabera lip dub on batek honako ezaugarriak izan behar ditu: