Livin' la Vida Loca (euskaraz: Bizitza eroa bizitzen) Ricky Martin Puerto Ricoko abeslariak grabatutako abestia da. Bere bosgarren albumaren parte izan zen, Ricky Martin (1999), ingelesez grabatu zuen lehenengoa. Abestiaren egileak Draco Rosa eta Desmond Childek idatzi zuten, eta azken horrek egin zuen diskoaren produkzioa. Columbia Recordsek 1999ko martxoaren 27an single gisa argitaratu zuen irrati edizioan. Abestia latin pop motakoa da, dance elementuekin, eta salsa, surf eta ska ukituekin[1]. Abestiak emakume jarkiezin, bereziki maltzur eta basati bat du hizpide, muga-mugan bizi dena eta besteak liluratzen dituena bere mundu zoroan sar daitezen. Abestiak musika kritikaren laudorioak jaso zituen, eta haren letra eta erritmo dantzagarria goraipatu zituen. 1990eko hamarkadako pop kanturik onentzat jo zuen Ellek[2], eta Billboardek inoizko kantu latinorik onenen artean sartu zuen[3].