Luzio Akzio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Pesaro, K.a. 170 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Lehen hizkuntza | latina |
Heriotza | Erroma, K.a. 84 (85/86 urte) |
Familia | |
Aita | ezezaguna |
Ama | ezezaguna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, antzerkigilea eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Luzio Akzio (latinez: Lucius Accius edo Attius) latindar literaturako tragediagile eta erudizio lanen idazle da. Pisauron (Umbria) jaioa K.a. 170an eta circa K.a. 86an Erroman hila.
Pisauro ondoan, Umbrian, adscriptio novorum colonorum baten ondorioz lurrak jaso zituen liberto baten semea zen eta, gerora, Erroman bizitzen jarri zen. Dezimo Junio Bruto Galaikoren kliente izan zen eta honek eraiki zuen Marteren tenplurako inskripzioak idatzi zituen bertsolerro saturniotan. 140an tragedia bat estreinatu zuen Erroman. [1] Pakuvio zaharrari, Tarentoko erretiro lekuan, bere lehen idazlana, Atreo, irakurri omen zion. 135 inguruan Pergamon izan zen garai hartako kultura grekoa hobeto ezagutzeko. Erromara itzulita, Eszipiondarren zirkulutik kanpo mantendu zen baina poeten elkargoan (collegium poetarum) parte hartu zuen eta bere autoritatea handia izan zen[2]. Zizeron gazteak 86-84 artean [3] entzun zuen[4].
Bere famaren erakusgarri dira beste erromatar idazleen aipamenak: Zizeronek bere xarma gogoratzen du[5]; Horaziok bere sakontasuna aipatzen du[6]; Veleio Paterkuloren arabera, bere idazlanak grekoenekin konpara daitezke[7]; Plinio Zaharrak dio Musen tenpluan, poeten elkargoaren egoitzan, oso estatua handia eraikiarazi zuela bere irudiarekin, nahiz eta bera oso txikia izan[8]; Vitruviok dio Akzioren bertsolerroak maite dituzten haiek estiloaren edertasuna baino poeta beraren irudia ikusten dutela idazlanetan[9].
Luzio Akzioren 45 tragedia ezagutzen dira, 700 bertsolerro gutxi gorabehera, eta bi praetexta: Brutus eta Aeneadae. Tragedia erromatarraren antzinako tradizioa jarraitzen du, ez bakarrik ereduak aukeratzerakoan, Euripides tartean, baizik eta troiar gaiagatik zalatesuna azaltzen duelako[10].
Tragediez gain, Annales idatzi zituen; erudizio lanak forma poetikoan: Grakotarren garaian aipatzen den Didascalica izeneko poema didaktikoa, literatura greko eta erromatarraren historia, batez ere dramarena jasotzen duena; Pragmatica literatur teknikaren gainean eta Parerga, idazlan anitzak. [2].