Markook (ogia) | |
---|---|
ogi eta janari | |
Historia | |
Jatorria | Siria |
Markook (arabieraz: خبز مرقوق), baita ere khubz ruqaq, shrak, khubz rqeeq, mashrooh eta saj ogia[1], Ekialde Hurbilean eta Arabian egiten den ogi zapal mota bat da.
Ogi ailisa da, hau da, legamiarik erabili gabe egiten dena. Saj izeneko metalezko plantxa ganbil batean egiten da markook ogia.
Markook izena arabierazko raqiq (رقيق) hitzetik dator. Honek "hauskorra" esan nahi du[2].
Markook ogiaren aurreneko aipamena X. mendekoa da. Ibn Sayyar al-Warraq sukaldariaren liburuan ruqaq izenaz ageri da eta ogi ailis handia eta papera antzekoa dela dio[3].
Jatorria Sirian du baina gaur egun Sortaldeko herrialdeetan eta Arabiar penintsulan hedaturik dago.
Gustaf Dalman alemaniar orientalistak Palestinan deskribatu zuen markook ogia XX. mendearen hasieran. Hark esan zuen buztinezko labean egiten zela eta batzuetan altxatzeko legamia pixka bat erabiltzen dela[4].
Pita ogiarekin konparatu izan da baina markook ogia finagoa eta zabalagoa da.
Markook ogia 60 cm inguruko diametroa duen ogia da, papera bezain fina, ia zeharrargia[5]. Legamiarik erabili gabe puzten da orea, irina, ura eta gatza baino ez baita erabiltzen. Atseden jartzen uzten zaio eta ondoren zati borobilak hartu, zapaldu eta zabaldu egiten da geruza oso fina egin arte. Azkenik saj plantxatik pasatzen da, buelta eta buelta baino ez[6].
Saltzeko orduan tolestu eta poltsatan sartzen da.
Otorduetan lagungarri erabiltzen da eta markooka bera zuzenean ere jaten da, digeritzen erraza baita. Hainbat jaki tradizionaletan ezinbestekoa da, mansaf eta xawarma jakietan esate baterako[4].