AG Motako Renault-a, Renault Taxi de la Marne edo Marne Taxi bezala ezagutua, 1905 - 1910 urteen artean fabrikatutako "hackney carriage" autoa da. "Taxi de la Marne" izena Lehen Mundu Gerraren hasieran jaso zuen, 1914ko Marneko lehen guduaren ondorioz; Frantziako Armadak Parisko taxiak tropak frontera garraiatzeko erabili zituenean.
1903an Marcel Renault (Renault enpresaren ko-sortzailea) hil ondoren ekoitzitako lehen autoa izan zen, beste lau modelorekin batera. Renaultek Billancourten duen 22.000 metro karratuko muntaketa-plantan produzitu zen.[1]
Autoak alokatzen zituen Parisko enpresa batek 1.500 auto erosi zituen 1905ean, bidaiariak zenbat ordaindu behar zuen automatikoki kalkulatzen zuen asmakizun berri baten ondorioz, taximetroa. 1907rako, Renaultek 3.000 AG Motako automobil baino gehiago saldu zituen, Argentinara, Erresuma Batura eta Estatu Batuetara esportatuz.[1] 1.100 inguru bidali zituzten Londresera, taxiak izateko baita.[1]
Gerra hasi aurretik, Parisen 10.000 taxi baino gehiago zeuden.[2] Hala ere, 1914ko irailerako 3.000 taxik bakarrik jarraitzen zuten lanean, normalean 55 eta 65 urte bitarteko gidariek gidatuta. Taxi horietako asko AG Motako Renault-ak ziren, G7 taxi-konpainiarenak. Jendearen arreta bereganatu zuten Marneko Lehen Guduan zehar, irailaren 6tik irailaren 8ra, egin zuten garraio lanagatik.[2]
Frantziako armadaren 62. Dibisioa Paris kanpoaldeko tren geltoki batera iritsi zen, gudu-eremu nagusitik oso urrun, Marneko Lehen Gudua Mendebaldeko frontearen momentu kritikoenetakoa izan zen, eta ezin zuten hainbeste tropa (6.000 gizon) alde batera utzi, gerra erabakitzen ari baitzen. Frantziako Armadaren ustez, 1.200 taxi behar ziren 6.000 gizonen dibisioa batailara eramateko. Ondorioz, Jendarmeria Nazionalak taxiak bilatu zituen bai Parisen bai Gagnyko herrian.[2] 1914ko irailaren 6an Gallieni jeneralak, Parisko agintari militar gorena, seiehun taxi inguru bildu zituen Hôtel Les Invalidesen, Paris erdialdean, Nanteuil-le-Haudouineko frontera soldaduak eramateko, handik berrogeita hamar kilometrora. Bi talde abiatu ziren irailak 6-7ko gauean: lehenengoa, 350 ibilgailuz osatua, 10:00etan abiatu zen, eta beste 250 ordu bat geroago.[3] Taxien atzeko argiak baino ez zeuden piztuta; gidariei aurretik zeuden taxiaren argiak jarraitzeko agindu zitzaien. Soldaduen artean askok ez zuten inoiz halako automobiletan bidaiatu, eta gertakaria guztiz harrigarria izan zen. Soldaduak haien gauzekin (armak, motxilak...) taxietan sartzen ziren eta, garaikoek gogorarazi bezala "hala nola lo egitea lortzen zuten". [4] Gidariek haien zerbitzuak frantziar armadari pozik eskaini zioten; ibilitako distantziaren ordaina jasoko zutela agindu zen, eta, horren ondorioz, taxi-gidarien arteko lasterketak egin ziren bilketa-puntuetara iristeko, zenbat eta bidai gehiago egin, diru gehiago jasoko zutelako.[5] Taxi gehienak desmobilizatu zituzten irailaren 8an, baina batzuk oraindik frontean jarraitu zuten, zaurituak eta errefuxiatuak eramaten. Taxiek, konpainiaren arauak jarraituz, haien taximetroak beti piztuta mantentzen zituzten. Zin egin bezala, Frantziako altxorrak 70.012 libera ordaindu zituen.[5] Guztira, taxiek 4.000 gizon (bost batailoi) garraiatzen lagundu zuten.[6]
Marneko taxiak 62. dibisioko kideak garraiatzeko erabiltzen ziren arren, bere protagonismo publikoa, neurri handi batean, ahaleginaren bat-bateko izaeragatik izan zen. Guduaren analisian, normalean, taxien papera "marjinala" bezala deskribatzen da.[5] Frantziako 6. Armadaren 150.000 soldaduen gehiengoa tborrokara trenez iritsi ziren. Hala ere, Marneko taxiei buruzko berriek benetako eragina izan zuten Frantziako armadaren eta bertako biztanleria zibilaren morala bultzatzeko.[5][7]