Marrella | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Marrellomorph (en) |
Ordena | Marrellida |
Familia | Marrellidae |
Generoa | Marrella [[|]] |
Marrella Kanbriar garaian bizi izan zen artropodo bat da, gaur egun iraungita dagoena. Kanadan dagoen Burgess Shale aztarnategian dagoen fosil ugariena da, dagoeneko 25.000 ale bildu dira[1]. Espezie bakarra ezagutzen da, Marrella splendens.
Charles Walcott naturalistak Burgess Shalen aurkitu zuen aurreneko fosila izan zen, 1909ko abuztuaren 30ean[2], eta 1912an jaso zuen izen ofiziala. "Parpailadun karramarroa" bezala identifikatu zuen eta trilobite arraro bat zela esan zuen. Urteak pasa ondoren trilobiteen taldean sartu izan zen baina 1971 urtean Harry B. Whittingtonek klase berri bat sortu zuen, Marrellomorpha[3], ez baitzituen zehazki betetzen ez trilobiteen, ez kelizeratuen eta ezta krustazeen ezaugarriak ere[4]. Marrellak antena gehiegi eta hanka gutxiegi ditu trilobitea izateko eta krustazeoekin konparatuta ez ditu ahoaren ondorengo hiru hanka pare klasikoak.
Marrella animalia txikia da, 2 cm baino ez ditu neurtzen. Ezkutu zefaliko bat du atzerantz tolesturiko bi adar pare dituena. Burutik bi antena pare ere ateratzen zaizkio, pare bat luzea eta flexiblea eta beste parea motza eta sendoa. Gorputzak 24-26 segmentu ditu eta bakoitzak bitan banaturiko apendize parea ditu; goiko adarra arnasa hartzeko zakatza da eta beheko adarra lokomoziorako erabiltzen duen hanka. Toraxaren amaieran telsonaren funtzioa duen botoi itxurako egitura bat du.
Ez da argitu oraindik mineralizatu gabe egonda ezkutu zefalikoko adarrak nola mantentzen zituen zurrun.
Difrakzio sarearen teknika erabiliz, badirudi Marrellak dizdira irisatua zuela, eta beraz animalia koloretsua izan zela[5].
Marrella animalia bentikoa zen, hau da, itsaso hondoetan ibiltzen zen, eta sarraskijalea zen[4]. Aurkitu den fosil batek azala mudatzen ari den unea erakusten du[6].