Melchior Broederlam

Melchior Broederlam

ganberako margolari

Bizitza
JaiotzaYpres, 1355
HerrialdeaHegoaldeko Herbehereak
HeriotzaYpres, 1410 (egutegi gregorianoa) (54/55 urte)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
MugimenduaPrimitibo flandestarra

Melchior Broederlam (Ypres, 1350 aldean - Ypres, 1409 ondoan) flandriar margolari gotikoa izan zen, nazioarteko estiloko artista goiztiarrenetako bat.

Bizitza eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Melchior Broederlamen bizitzaz gutxi argitu da. 1381etik aurrera, Ypresen lan egin zuen, Filipe II.a Borgoinako dukearen gortean. 1387tik aitzina gelazaina izan omen zen, eta 1391tik aurrera gorteko margolari bihurtu zen. Erretratuak eta jantzien diseinuak egiteaz gain, Hesdingo jauregiaren apainketaz arduratu zen. Parisen ere lan egin zuela esan da.

Dijonen gordetzen dira Broederlamen lan bakanetako bi, 1394tik 1399ra bitartean pintatu zituen aldare baten alboetako bi erretaulak. Batean Deikundea eta ikustaldia daude irudikaturik, eta bestean Tenpluko aurkezpena eta Egiptoko ihesaldia.

Biak eskema berbera errespetatuz eginak dira: ezkerraldean eraikuntza edo esparru arkitektonikoa ezarri zuen, eta eskuinaldean paisaia irekia edo mendia. Pietro eta Ambrogio Lorenzettiren espazio errepresentazioarekin alderatuta, Broederlamen margolanek xalo samarrak dirudite: eraikuntzek panpinen etxeak ematen dute, eta paisaietako xehetasunak proportzio gabeak dira, pertsonaiekin alderatuta; baina, beste aldetik, garai hartako iparraldeko margolanetan baino askoz sakontasun itxura handiagoa sortzen du. Modelatuaren fintasunak eragiten du efektu hori: forma biribilduek eta itzal ilunek sortzen duten argi eta aire sentsazioak ahaztarazten ditu eskala edo perspektiba akatsak.

Nazioarteko estiloaren beste ezaugarri bat ere oso nabarmena da Broederlamen pinturan: xehetasunak errealismo handiz tratatuak daude. Loreak zehatz-mehatz margotuak dira, astotxoak benetakoa ematen du, eta San Josefen irudiak nekazari xume baten itxura eta ibilera ditu, Andre Mariaren edertasun aristokratikoarekin gehiago kontrastatzearren, beharbada.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Melchior Broederlam Aldatu lotura Wikidatan