Montereyko badia

Montereyko badia
Motabadia
Geografia
Map
Koordenatuak36°48′N 121°54′W / 36.8°N 121.9°W / 36.8; -121.9
Ur-gorputzaOzeano Barea
Leku geografikoaCentral Coast (en) Itzuli
Hidrografia
Betebidea

Montereyko badia (ingelesez: Monterey Bay) Ozeano Bareko badia bat da, AEBetako Kalifornia estatuaren itsasertzean dagoena. San Frantzisko eta San Jose hirietatik hegoaldera dago, Santa Cruz eta Montereyren artean. Ekialdean Sand City du. Oso ekosistema dibertsoak daude itsas eremu hartan, eta 444 kilometro kostalde babesturik daude 1992tik, Montereyko badiako Itsas Santutegi Nazionalaren barnean.[1]

Juan Rodríguez Cabrilloren espedizioa 1542ko azaroaren 16an iritsi zen badiara, baina Cabrillok emandako izena, Bahía de los Pinos,[2] galdu zen. 1602ko maiatzaren 5etik 1603ko martxora, Sebastián Vizcaíno buru zuen espedizioak xehero aztertu eta izendatu zuen Kaliforniako kostaldea, Mendocino lurmuturreraino. Hari zor zaio badiaren egungo izena, Espainia Berriko erregeordeari, Monterreyko kondeari, eskainia.[3]

Vizcaínok Monterreyko badiaren deskripzio laudoriotsua egin zuen, eta han kokaleku iraunkor bat ezartzea proposatu zion erregeordeari.[3] Mexikora itzuli ostean, Filipe III.a Espainiako erregeari idatzi zion, eta era honetan azaldu zion Monterreyko badiaren bikaintasuna:[4]

« Haize guztietatik gerizan da portua, eta pinu asko daude kostaldean, edozein neurritako itsasontziak mastatzeko, eta baita arteak, haritzak, erromeroa, xaka, Alexandriako arrosak, untxiak, erbiak, eperrak, eta beste mota eta espezie batzuk, Espainiako Sierra Morenan baino gehiago, eta klase desberdinetako hegaztiak. Lur atsegina da, ur onekoa, eta emankorra, zuhaiztiaren mardultasunak erakusten duen bezala, eta haren fruitu batzuk ikusi nituen, batik bat gaztainak eta ezkurrak, handiagoak Espainiakoak baino. »

—Sebastian Vizcainok Filipe III.a Espainiakoari 1603ko maiatzaren 23an idatzitako eskutitza


Baina, 1603ko maiatzean, Filipe III.ak Peruko erregeorde izendatu zuen Monterreyko kondea, eta Mexikoko erregeorde berriak, Juan de Mendozak, baztertu zuen Monterrey okupatzeko egitasmoa.[3] Era horretan, mende eta erdi atzeratu zen Kaliforniako kostaldearen espainiar kolonizazioa. 1770ean, Gaspar de Portolák gotorleku bat ezarri zuen Montereyn, eta Junípero Serrak San Carlos Borromeo misioa fundatu zuen. Misioa Carmelera aldatu zuten 1771n.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Monterey Bay National Marine Sanctuary. montereybay.noaa.gov (Noiz kontsultatua: 2021-1-3).
  2. del Pozo Gutiérrez, Ignacio. La exploración de la costa californiana de Juan Rodríguez Cabrillo. Revista de Historia, 2020ko apirilak 2, revistadehistoria.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-4).
  3. a b c Garikano, Asun. Itsas Esplorazioa: 1533-1685. Basques in California, basquesincalifornia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-4).
  4. Strange, Steven. Antes de Jamestown fue San Agustín de La Florida. Colección Plural Espejo, Academia Norteamericanade la Lengua Española, 2020, anle.us (Noiz kontsultatua: 2021-1-5).
  5. Carmel Mission History. carmelmission.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-7).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]