Geologian, narrasdura mantua arroka masa handi batek alderantzizko faila baten gainetik duen mugimendua da; 2[1] edo 5 km[2][3] baino handiagoa da hasierako kokalekuarekiko. Konpresioa nagusi deneko eremuetan eratzen dira batez ere, hau da, kolisio kontinentaletan eta subdukzio eremuetako plaka zamalkatzailean. Zamalkadurak dira kontinente-lurrazala loditzeko egitura eraginkorrenak, eta lurrazaleko laburdura-proportzio horizontal izugarriak xurgatzen ditu. Narrasdura mantuetan ematen den zamalkaduraren angelua baxua izaten da normalean. Zamalkadurak eragiteari uzten dionean, eskala handiko toles etzan, faila planoaren zizailatzea[4], horseak, leiho tektonikoak edo klippeak gerta litezke.
Narrasdura mantu terminoa frantsesetik dator (frantsesez: nappe de charriage). Mahai-zapi batek bultzada bat jasatearen ondorioz sortzen diren tolesak esan nahi du.
Alpeetako, Karpatoetako eta Balkanetako mendikateen bereizgarriak narrasdura mantuak dira[5][6]. XIX. mendetik aurrera geologoek eskala handiko zamalkadurak dituzten zenbait zonalde aurkitu dituzte. Hauetako batzuk paleontologia irizpidetzat hartuta bereiztu izan dira. Narrasdura mantu terminoa, Marcel Alexandre Bertrandek garatu zuen. Alpeetako historia tektonikoa azaldu zuen eta nappe de charriage moduan identifikatu zuen. Arnold Escher von der Linthek eta Albert Heimek Glariskok arinago Alpeetan egindako ikerketak berrinterpretatu zituen Marcel Alexandre Bertrandek. Escher eta Maurice Lugeonen lanetan ere nabaria da haren eragina[7]. Zenbait urte beranduago, Charles Lapworthek Eskozia ipar mendebaldean ikertu zuen oso ondo ikusten den Moine izeneko narrasdura mantua. Beranduago, Lugeonek Eskozian lortutako informazioa Karpatoetako mendikateen egitura tektonikoak interpretatzeko erabili zuen.
Narrasdura mantuak hainbat modutan klasifikatu daitezke euren eraketako ezaugarriak adierazteko. Zamalkadura arrunt batean, geruzapenarekiko paralelo dituen aldeak (lauguneak) eta geruzapena zeharkatzen dituzten segmentuak (arrapalak) daude. Hiru arrapala mota daude: frontala, zehiarra eta albo arrapala. Arrapala frontalak, desplazamenduarekiko perpendikular ageri dira eta ugarienak dira. Hainbat toles, zamalkadura sekundario eta duplex dituzte egitura bereizgarritzat. Narrasdura mantuetan mugimendua eragiten duen alderantzizko faila nagusiaren gainazalari, decollement (geruzapenarekiko paralelo) edo zamalkaduraren “sole fault” esaten zaio. Desplazamenduarekiko zehiar edo paralelo kokatzen direnean arrapalak, albo-arrapalak edo arrapala zehiarrak dira. Segmentuok erraz bereiz daitezke, norabidea eta garraioaren norabidea paraleloak direlako. Albo arrapalen plano bertikala, “tear-fault” modura ezagutzen da eta eremu desberdinen arteko mugimendu diferentziala xurgatzen dute. Mota honetako egiturarik ezagunenak, Apalatxeetan Pine mountaineko zamalkadurarekin lotutako Jacksboro eta Russel Fork tear failak dira. Bestalde, narrasdura mantuak substratuarekin duen lotura-guneari, sustrai-eremu edo “root area” esaten zaio.
Zamalkatutako lurraldea higatu egiten bada azaleratzen denean, maiz ezin daiteke jakin zamalkadura emergentea izan ote den, hau da, lurrazaleraino iristen ote zen edo ez. Ondorioz, bi mota bereiz daitezke: