Nectocaris | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Problematica (en) |
Familia | Nectocarididae |
Generoa | Nectocaris Conway Morris, 1976 |
Nectocaris Kanbriar garaian bizi izan zen animalia bat da, gaur egun iraungita dagoena. Espezie bakarra ezagutzen da, Nectocaris pteryx. 530 milioi urte inguru dela bizi izan zen.
Nectocaris izena grekerazko νηκτόν (nekton, "igerilari") καρίς (caris,"ganba") hitzen elkarketatik dator, "ganba igerilaria" esan nahiko luke beraz. Espeziearen bigarren izena grekerazko πτέρυξ (pteryx, "hegoak") izena da.
Charles Doolittle Walcott-ek aurkitu zituen aurreneko fosilak Burgess Shale aztarnategi kanadarrean, 1909 eta 1924 artean egindako espedizio ugarietako batean. Walcottek argazkia atera zion baina Smithsonian Institutuko bilduma batean galduta egon zen 1976an Simon Conway Morrisek aurkitu eta deskribatu zuen arte. Nectocaris izena eman zion[1].
Martin Glaessnerrek 1979an Australiako Emu Bay Shale aztarnategian antzeko fosil bat aurkitu zuen eta gorputz segmentatua ikusirik Vetustovermis ("antzinako zizarea") izena eman zion[2]. Txinako Maotianshan Shales (Chengjiang) aztarnategian aurkituriko fosil bat barearen gisa deskribatu zen, Petalilium[3]. Royal Ontario Museumek hamakadetan aurkitu diren nectocaris fosilak biltzen jarraitu du eta Martin Smith eta Jean-Bernard Caron paleontologoek zefalopodoen taldean sartu zuten 2010 urtean. Honek zefalopodoen sorrera 30 milioi urtetan atzeratuko luke[4].
Nectocaris gorputz zapala zuen 7 zentimetro inguruko animalia zen. Erronbo itxurako gorputz biguna zuen, mineralizatu gabea[4]. Burua txikia zuen. Buruan bi begi zituen eta bi garro flexible eta sifoi bat ateratzen zitzaizkion. Gaur egungo txibien antz handia zuen[4].
Barnealdeko ganbera batean zakatz pare bat zituen. Ganbera muskulu indartsuek inguratzen zuten[5]. Gorputzak bi hegats ditu, zeharkako barrak dituena[4].
Fosil handiak eta txikiak aurkitu dira, handienak laukoitzak izanik. Arren eta emeen fosilak izan daitezkeela uste da[5].
Animalia igerilaria dela uste da, hegatsen bidez mugitzen zena, eta beharra izanez gero sifoiaren bidez propultsatu zitekeena. Ikusmen ona zuela uste da, gaur egungo Nautilusen antzekoa. Harraparia izango zela pentsatzen da, garroak erabiliko zituen harrapakina ehizatzeko. Sarraskijalea ere izango zen.