Newari edo Newa herria (nepal bhasaz नेवार) Nepalgo Katmandu ibarreko zibilizazioaren sortzaileak dira. Aintzinatik bertan bizi izan dira eta etorkinek beren hizkuntza eta ohiturak ikasi izan dituzte. 2001eko zentsoaren arabera 1.245.232 newari daude Nepalen eta horietatik 825.000 pertsonek beren hizkuntza den nepal bhasa hitzegiten dute. Herrialdeko seigarren etnia handiena dira.
Newar eta Nepal hitz berdinaren aldaera fonetikoak dira. Batzuen ustez Nepal izena Newar hitzaren sanskritizazioaren ondorioz sortu zen, beste batzuen ustez Nepal da aurreneko hitza eta erabilerak Newar bihurtu zuen.
Newariak Katmandu populatu zuten etnia izanik, hiriaren historiarekin newariena ere kontatzen da.
Newari geheinak hinduistak dira (%84) baina budistak ere badaude (%16). Hiru hiri nagusien artean Patan da budistena, bi estupa baititu, eta aldiz Bhaktapur beti hinduista izan da.
Katmanduko ibarrean UNESCO zazpi eremu izendatu ditu Gizateriaren Ondare, baina 2500 tenplotik gora daude, beraz etnia eraikitzailea izan zela esan daiteke. Ibarretik kanpora ere tarteka egon izan ziren eta beraien aztarnak aurki daitezke Pokhara edo Bandipurren esate baterako. Merkatari newariak Nepaletik ere atera izan dira, batez ere Indiako Darjeelingera, Sikkimera eta Bhutanera.