Oswaldo Guayasamín

Oswaldo Guayasamín

Bizitza
JaiotzaQuito1919ko uztailaren 6a
Herrialdea Ekuador
 Kolonbia
HeriotzaBaltimore1999ko martxoaren 10a (79 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)José Clemente Orozco
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, eskultorea, marrazkilaria eta artista bisuala
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Find a Grave: 14844775 Edit the value on Wikidata

Oswaldo Guayasamín (Quito, 1919ko uztailaren 6a - Baltimore, Estatu Batuak, 1999ko martxoaren 10a) ekuadortar pintore eta eskultorea izan zen.

Quitoko Arte Ederretako Eskolan pintura eta eskulturako ikasketak egin zituen. Ikasketak amaituta, museoz museo ibili zen pintura unibertsaleko maisu handiak aztertuz. Gero, Latinoamerikako herrialdeetan barrena egin zuen bidaia batean, indiar gizarte zapaldua ezagutzeko aukera izan zuen, eta harrezkero, hura izan zuen bere koadroetako gai nagusia. Bi urtez luzatu zen bidaia horretan, hiru milatik gora marrazki egin zituen. Marrazki horietan oinarrituta Huacaynan (Negar-bidea) saila egin zuen, ehun eta hiru koadro, hiru ataletan banatuta: indiarrak, mestizoak eta beltzak. 1955ean Espainian izan zen lehen aldiz, Bartzelonako Hispaniar Amerikar Artearen III. Bienalean parte hartzeko, eta pinturako lehen saria irabazi zuen El ataúd blanco (Hilkutza zuria) obrarengatik. 1957an Hego Ameriketako margolari hoberenaren saria irabazi zuen Sao Pauloko Bienalean. 1960an Kuban izan zen Fidel Castroren koadro bat egiteko, eta Martiriak saila margotu zuen, Batistaren gobernuak egindako sarraskietan oinarrituta. 1961ean Hiraren aroa saila margotzen hasi zen: 250 koadro guztira, bost milatik gora marrazkitan oinarrituta. Obra horrekin berari bizitzea egokitu zitzaion garaiaren ankertasuna eta injustizia islatu nahi izan zuen, eta horretarako mundu osoan zehar bidaiatu zuen, kontzentrazio-esparruak eta Hiroshimako hiria bisitatuz, besteak beste. Lan nagusiak: Espainiarren konkistari buruzko fresko bat Ekuadorko kultura-etxerako (1948); beirazko mosaiko bat Caracasko Centro Bolivarren fatxadarako; Amazonas ibaiaren aurkikuntza murala Quitoko Gobernu Jauregirako (1958); Gizonaren eta kulturaren historia murala Ekuadorreko Unibertsitate Zentralerako (1958); Espainiari eta Hispanoamerikari eskainitako mural bana (120 metro) Madrilgo Barajasko aireporturako (1982); Bizi naizen artean beti izango zaitut gogoan saila, munduko ama guztiei eskainia; 360 metroko mural bat Ekuadorko Legebiltzarrerako (1988); 1942tik aurrerako europar inbasioaren biktimei omenaldia monumentua (1992); Egunero gosez hiltzen diren haurrei eskainitako murala, UNESCO erakundearen Parisko egoitzaren sarrerarako (1992).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]