Pikaia | |
---|---|
Kanbriar | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Generoa | Pikaia [[|]] |
Pikaia Kanbriar garaian bizi izan zen animalia kordatuen genero bat da, gaur egun iraungita dagoena. Espezie bakarra ezagutzen da, Pikaia gracilens. Duela 513 et 505 milioi urte artean bizi izan zen[1].
Burgess Shale aztarnategi kanadarrean 1911 urtean Charles Doolittle Walcott paleontologoak aurkitu eta deskribatu zuen Pikaia[2]. Kanadako Alberta probintzian kokaturik dagoen Pika mendiaren omenez ezarri zion izena fosil berriari.
Pikaiak gorputz segmentatua duela ikusita Walcottek antzinako anelido gisa identifikatu zuen. 1979 urtean Simon Conway Morris-ek berriz aztertu eta notokordaren zantzuak ikusi zizkion eta kordatuen taldean sartu zuen. Ornodunen arbaso zaharrena zatekeen eta horregatik ez zen erabat onartua izan, kutikula agertzen baitu, ornodunetan ohikoa ez dena[3]. 1999 urtean Txinako Maotianshan Shales aztarnategian Myllokunmingia aurkitu zen, are eta zaharragoa zen kordatua, eta 2007an R. K. Bambachek kordatuen taldean kokatu zuen Pikaia[1].
Dagoeneko Pikaia-ren ehun fosiletik gora aurkitu dira Burgess Shalen.
Gaur egun existitzen den Branchiostoma zefalokordatuaren antzeko animalia izango zela pentsatzen da[4].
3'8 zentimetroko luzerako animalia izan zen, handiena 5'5 cm-koa aurkitu bada ere. Buru txikian antena edo garro pare bat zituen, gaur egungo mixinearen antzera. Ez zaio begirik aurkitu fosiletan. Burutik gertu dozena bat luzakin pare zituen, zakatzak izan zitezkeenak.
Gorputza luzea eta zapala zuen, hosto baten itxurakoa. Muskulu blokeek (miotomoek) bertikalki segmentatuta egotearen itxura ematen zioten eta zigi-zaga mugitzen ziren igeri egiteko[5]. Gorputzaren amaieran hegatsen aztarnak aurkitu zaikio[5].
Itsas hondoaren gainean poliki mugituko zela uste da[6], aingirak egiten duen antzera[7], eta uretan zeuden elikagaiez elikatuko zen[1].