Plesiosaurus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Plesiosauria |
Familia | Plesiosauridae (en) |
Generoa | Plesiosaurus [[Henry De la Beche, William Daniel Conybeare|]], 1821 |
Datu orokorrak | |
Luzera | 3,5 m |
Plesiosaurus (grezieraz πλησίος "antzekoa"; σαῦρος "narrastia") itsas-narrasti genero bat da, Plesiosauria ordeneko espezie tipoa da eta ordenari izena ematen dio. Jurasiko Goiztiarrean bizi izan zen, duela 199,6-175,6 milioi urte artean. Ingalaterra hegoaldean, Lias taldeko kareharrietan hezurdura ia osoak aurkitu dira[1].
Lepo luzea eta buru txikia zituen, dortokaren antzeko gorputz zabala, isats laburra eta hegats zabal luzeak.
Aurreneko hezurdura osoa Mary Anning paleontologo eta fosil biltzaile ingelesak aurkitu zuen 1823ko abenduan[2], Lias taldearen azpiko estratuko Sinemuriar estaieko arroketan[3]. Lepo luzeak animalia arraroaren itxura ematen zion ordea eta bilatzailea ere emakumea izanik ez zioten behar besteko atentziorik jarri eta gezurretazko fosila zela ebatzi zuten hasieran. Georges Cuvier paleontologo frantses famatuak ere faltsutzat jo zuen, baina Geological Society of London elkartean izandako bileraren ondoren bere akatsa onartu behar izan zuen. Mary Anning ez zen eztabaidara gonbidatua izan, garai hartan Geological Society elkarteak emakumeen presentzia onartzen ez zituelako[4]. 1824ko ekainean Cuvier Lyme Regisera joan zen Mary Anning ezagutzera eta 10£-ren truke plesiosauro baten fosila erosi zuen eta Parisera eraman zuen. Discours sur les révolutions de la surface du globe liburuaren hirugarren edizioan plesiosauroa aipatu zuen[5].
Hurrengo urtetan Dorset konderriko Lias taldeko arroketan hezurdura berriak aurkitu ziren[6][7][8], XX. mendearen hasieran harrobi lanak amaitu ziren artean.
Plesiosaurus-a "Noeren uholde aurreko" narrastien artean aurrenekotakoa izan zen aurkitzen eta Viktoriar Aroko Ingalaterran interes handia piztu zuen. Plesiosauroaren aurretik iktiosauroa aurkitua zuen Mary Anning-ek eta hura baino narrasti "modernoagoa" zela iritzita William Conybeare eta Henry De la Beche paleontologoek Plesiosaurus izena eman zioten, "narrastien antzeko" edo "narrastien gertuko" esan nahi du[9].
Plesiosauria ordeneko animalien artean deskribatzen lehenengoa izan zen eta ordenari izena eman zion. Anningen aurkikuntzaz baliatuz Conybearek deskribatu zuen 1824. urtean[10]. Plesiosaurus dolichodeirus izena jarri zion, "lepo luzeduna" esan nahi du[11].
Gaur egun Londresko Historia Naturalaren Museoan Mary Anningen omenezko gela bat dago Mary berak eta Joseph anaiak aurkituriko itsas narrastien fosilak erakusten dituena[12].
Plesiosauria ordeneko gainerako espezieekin konparatuta Plesiosaurus-ak buru txikia zuen. Garezurra estuagoa da luzea baino eta zabalera handiena begien atzekaldean du[13]. Muturra aldiz argi eta garbi triangularra da. Sudurzuloak sudur-hobiak baino gorago zituen eta ez zeuden muturrean, begietatik gertu baizik. Ez dirudi ur-azpiko usaimenerako egokituak zeudenik[13]. Begien orbitak nahiko zirkularrak dira eta garezurraren erdialdean kokaturik daude, eta hauen atzean fenestra supratenporalak daude, antzerako tamainakoak eta hauek ere nahiko zirkularrak. Lau zulo hauen tartean guruin pineala kokatzen zen eta fenestra tenporalen artean gailur estua dago[13].
Barailak "U" itxura du eta 45º-tako angelua osatzen du. Adar biak elkartzen puntua (sinfisia) sendoa da. Sinfisiak bola itxura pixkat badu[13].
Plesiosaurus-aren hortzak orratz itxurako kono sinpleak dira eta zorrotzak dira. Aurrerantz kurbaturik daude, muturrean gehiago, horizontalarekiko 10-15º osatzeraino[13]. Goiko barailan 20-25 hortz daude, azpiko barailak 24[13].
3'5 metrotako luzera hartzen zuen Plesiosaurus-ak[13]. Lepoan 40 orno zituen, aurkituriko fosilek 38-42 arteko bariazioa azaltzen dute. Bularraldean trantsiziozko lauzpabost orno, bizkarreko 21 orno eta sakroko hiru orno zituen. Isatsak 28 orno zituen[13]. Ornoen erdigunea luzanga zen, luzeagoa altuera baino eta zabaleraren antzerakoa. alde ahurrak zituzten, giltzurrunen itxurakoak, eta ertz borobildu eta zimurrak.
Bizkarrezurraren luzera guztian aurkitu dira sahietsak. Zerbikaletan aizkora itxurakoak dira eta bi buru dituztenak. Bizkarraldekoak sendoak eta buru bakarrekoak dira. Sakro aldekoak motzak eta oso sendoak. Isatsekato sahietsek kokapenaren arabera morfologia desberdinak dituzte, zenbat eta aurrerako punta zorrotzagokoak[13].
Sorbalda ingurua ez da ongi ezagutzen. Lepauztai fusionatuek, eskapula hezurrek eta korakoide luzeek osatzen zuten. Hegats luzeak zituen, metro erdi ingurukoak[14]. Arraunaren itxura zuten eta bakoitzak hiru hatz oso zituen, bakoitza falange kopuru handiarekin. Fosil batzuetan azalaren inpresioak aurkitu dira eta badirudi hegatsek azal leuna zutela. Plesiosaurus helduen kasuan atzeko hegatsak laburragoak ziren baina ale gazteek ez dute halako desberdintasunik agertzen.
Hegatsek ez dute artikulaziorik agertzen eta beraz zurrunak izan beharko ziren, arraun egiteko egokiak[11]. Lehorrean eraginkortasun txikia izango zuten ordea eta ez zen animalia mugitzeko gai izango. Horregatik pentsatzen da plesiosauroa ez zela lehorreratuko, gehienez ere ur azaletara inguratuko zela[14].
Plesiosaurus-aren dieta bibalboek eta itsas-barraskiloek osatzen zuten gehienbat, baina belemniteak eta arrainak ere jango zituela pentsatzen da. Lepo luzea behatu ondoren, azpian zeukan ur zutabeko harrapakinak hartuko zituela edota sedimentu bigunetan ezkutatzen ziren moluskuak harrapatuko zituela uste da, arrainjale petoak ziren beste itsas-narrastiei nitxoa libre utziz[15]. Dena dela "U" itxurako baraila eta hortz zorrotzak arrainak harrapatzeko egokiak zirela ere ikusi da[16].
Hegatsak arraun gisa erabiliko zituen, gaur egungo itsas lehoiek egiten duten antzera[17], eta burua lema izango zen harrapakina ehizatzera zihoanean. Hegatsak aldi berean mugituz gero abiadura handia hartzeko gai zen eta indibidualki mugituz gero biraketa azkarrak egingo zituzten[18]. Isatsa oso laburra zenez ez zuen erabilgarritasun handirik izango. Lepo luzeak turbulentziak eragingo zituela pentsatzen da[19] eta abiadura azkarra lortzeko beharrezkoa izango zuen erabat zurrun eta aurrera begira mantentzea. Horregatik inoiz proposatu izan da harrapakinaren atzetik joan beharrean zain gelditzen zela hura gerturatu eta harrapatzeko.
Itsas sugeek egiten duten antzera Plesiosaurus-a uretan erditzen zela uste da[20]. Plesiosauro gazteak estuarioetan biziko ziren eta heltzerakoan itsaso zabalera aldatuko ziren[21].
Europan fosil kopuru handiak aurkitu dira. Garai hartan Europa uhartedi bat zen eta plesiosauroa itsasertzean bizi zen, bai eta estuariotan ere[18]. Pliosauridoak, polikotilidoak, iktiosauroak, mosasauroak, krokodilazeoak eta marrazoak biziko ziren garai hartako itsasoetan[15].
1824ko deskribapenaren ondoren Richard Owenek 1840 eta 1865ean hainbat lan argitaratu zituen[8] baina paleontologoek ez zuten plesiosauroen inguruan interes handirik azaldu eta ale berriak aurkitu ahala saski-naski handia sortu zen. Ehundaka ale deskribatu ziren mundu guztian zehar laginaren tamaina eta alearen kalitatea kontutan hartu gabe.
G. W. Storrs-ek 1997an holotipoekin egindako azterketek erakutsi zuten Plesiosaurus dolichodeirus-a haren generoko espezie monotipikoa dela[13]. Izendatu izan ziren gainerako plesiosauro espezie guztiak (adibidez; P. brachypterygius, P. guilielmiiperatoris eta P. tournemirensis) genero berrietan sailkatu behar izan ziren, Hydrorion, Seeleyosaurus eta Occitanosaurus hurrenez hurren.
Benson et al. taldeak 2012an egindako azterketen ondoren honako kladograma osatu zuten[22]:
Ingalaterra hegoaldeko Lias taldean (Jurasiko Goiztiarra), Sinemuriar estaiean, plesiosauroen ale ugari aurkitu dira[1]. Dorset konderriko Lyme Regis eta Charmouth eskualdeeak bereziki aberatsak izan dira itsas narrastien fosiletan[13] eta Plesiosaurus dolichodeirus aurrenekotako aurkikuntzatako bat izan zen. Garaiko estratoetan fosil ugarienetakoa da gainera[13]. Ammoniteen araberako zonifikazio klasikoak ahalbidetu du plesiosauroen ale bakoitzaren kokapen estratigrafiko zehatza jakitea.
Jules Verne idazle fantastikoak Lurraren bihotzeraino liburuan (1864) dagoeneko aipatzen du plesiosauroa. Iktiosauroarekin egiten du borroka eta hark burua kentzen dio[23].
Hainbat dokumentaletan ere agertu izan da, esate baterako BBC katearen Planet Dinosaur saileko laugarren atalean[24] eta National Geographic erakundearen Sea Monsters filmean[25] . Hive Studioek animazio birtualak ere egin zituzten ABC Science saileko "CRUDE" dokumentalean[26].
1970. urtean When dinosaurs ruled the Earth filmean agertu zen beste hainbat dinosaurorekin batera[27]. 1975-eko Denborak ahaztu zuen lurraldea filmean Plesiosaurus bat U-boot itsaspekoa erasotzen ikusten da[28]. 1984an Carnosaurio filmeko (Harry Adam Knight) protagonistetako bat da[29]. Bideo-joko ugaritan ere agertu izan da, esate baterako hauetan: Turok[30], Zoo Tycoon[31] eta Minecraft[32].