Pontxo

Maputxeak eta gautxoak, pontxoa jantzita, Txilen, XIX. mendean.
Argentinako pontxoa.

Pontxoa (kitxuatik: punchu, "pontxo"; edo mapudungunetik: pontro, "burusi") Hego Amerikako janzki tipikoa da. Diseinu sinpleko berokia da, lauki luzearen formako oihal astun eta sendo zati batean datzana, erdialdean buruarentzako zulo bat egina duena. Oihala gorputzean libre erortzen uzten da, muturrak besoak erraz mugitu ahal izateko moduan jarrita.

Jatorria Andeetan du, eta eskualdeko amerindiarren ohiko janzkeraren zati da. Kreoleek ere hartu dute. Bere sinpletasunagatik, jantzi militarretara ere gehitu da gaur egun, material iragazgaitzez eginda.

Argentinan, guarda lotuko diseinuko pontxoak ere erabiltzen dira, ezinbestekoak diseinu eta kultura tradizionalari dagokionez. Hauek, panpa edo maputxe eta inka guardekin egiten dira, azken hauek, Belen hirian irudikatuak, Catamarcako probintzian.

Probintzia bakoitzak pontxo eredu berezi bat du, adibidez: gorriz tindatutako pontxoa, Martín Miguel de Güemesen heriotzagatik dolu ikurtzat ertzetan lerro beltzak dituena, Saltako pontxoa izenaz da ezaguna; pontxo marroia, berriz, Jujuyko probintziako gautxoen pontxo bereizgarria da.

Kolonbian, Paisa eskualdeko eta Boyakako klima epeleko eskualdeetako janzkera tipikoaren zati da, bai eta Cundinamarcako ipar-ekialdeko eskualdeetakoa ere. Haren erabileraren jatorria, Tenzako Harana izeneko eskualde kundiboyakatarrari lotua dago.

Perun, pontxoa, txuiloa bezala, mendizerrako biztanleen artean ohiko erabilerako janzkia da. Cuzcokoa kolore alaiengatik nabarmentzen da; eta iparraldeko kostaldeko txalana, dotoretasunagatik. Gainera, janzki hau, herrialdeko eskualde bakoitzeko pertsonaia sinbolikoen janzki tipikoa da, hala nola Ayacuchoko morotxukoa eta Arequipako montoneroa.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]