Greziar mitologian Praxitea (antzinako grezieraz πραξιθέα, Praxithea, "ekintzaren jainkosa" esan nahi duena) zenbait pertsonairen izena da.
- Praxitea naiadea, Ozeano eta Tetisen alaba bat. Apolodoro Atenasekoaren arabera, Praxitea Eriktonio Atenasekoarekin ezkondu zen eta honekin Pandion I.a izeneko seme bat izan zuen.
- Praxitea, Frasimo eta Diogeniaren alaba, azken hau Zefiso ozeanidaren alaba. Erekteo I.a Atenaseko erregearekin ezkondu zen eta honekin Zekrope II.a, Pandoro, Metion, Tespio, Eupalamo, Sizion, Orneo, Prokris, Kreusa, Merope, Ktonia eta Oritia izan zituen seme-alaba bezala.
- Praxitea Demofonte sutan erretzen ikusi zuen emakumea izan zen, oihu egin zuen eta Zeleo eta Metaniraren semea erreta hil zen. Demeter arduratzen zen Demofonte hazteaz, eta gauetan sutan jartzen zuen hilezkor bihurtzeko.
- Praxitea, Tespiadeetako bat, hauek Tespio eta Megamederen 50 alabak zirelarik. Heraklesekin bere seme Nefo izan zuen.