Problemetan oinarritutako ikaskuntza (POI), Erronketan oinarritutako ikaskuntza[1], edo Arazo egoeretan oinarritutako ikaskuntza ikaslea erdigunean kokatu nahi duen pedagogia da (batzuetan PBL ingeles akronimoarekin izendatua)[2][3][4][5]. Ikasleek taldeka ikasten dute, modu kooperatiboan irakasleak ekarritako problema ireki edo hertsi baten konponbidea bilatu bitartean. Irakasleak edo irakasleek erronka edo problema bat proposatzen du eta gero, irakaslea ikasleen bidelagun bihurtuko da, betiere ikasleei protagonismo osoa utziz, ikasleen iniziatiba sustatuz eta elkarrekiko laguntza, kooperazioa, bultzatuz. Kontua ez da bakarrik problema konpontzea, kontua da bide horretan ikasleen konpetentziak garatzea. Ikaste prozesuan, ikasleek eduki batzuetaz jabetu beharko dira, elkarri laguntzeko gaitasuna garatu beharko dute, komunikatzeko gaitasuna... Ikasleek balorazio eta ebaluazio kritikoak egin beharko dituzte euren eta kideen ekarpenei buruz, ikasleek behar duten informazioa bilatzeko gaitasuna garatu beharko dute, elkarri lagundu beharko diote guztion helburua lortzeko bidean, misio komun batek, problema bat ebaztea, taldea sortzen lagunduko die.
XX. mendeko 60. hamarkadan agertu ziren metodologia honen lehen aipuak. John Robert Evans Kanadako ikertzaile, kardiologo eta medikuntza irakasleari egozten zaio Problem-based learning terminoaren (PBL akronimoa erabili ohi da, baita euskaraz ere)lehen aipu akademikoa.
Ikaskuntza metodologia hau ikertu denean[6][7] eta beste metodologia batzuekin konparatu denean, oro har, emaitza onak lortzen direla ikusi egin da. Ebidentzietan oinarritutako metodologiatzat hartu da. EAEko Heziberri 2020 egitasmoan programazioak arazo egoeretan oinarrituta egitea aholkatzen da[8][9][10].
Problemetan oinarritutako ikaskuntza aurrera eramateko ikasleak protagonismo osoa hartu beharko dute taldeka antolatu beharko dira. Taldeak ezin dira handiegiak izan. Partaide guztiek rolen bat jokatu beharko dute eta guztiek batera, talde bezala jokatu beharko dute, problema bat konpontze aldera. Ikasleen rola irakasleak bideratua izan daiteke edo ikasleen berezko joerei utz daiteke kontua. Rolak prozesuan bertan alda daitezke. Prozesua bideratu behar da ikasleek ahalik eta hausnarketa sakonen egin ditzaten. Ikasleak metodo zientifikoa erabiltzera bideratu behar dira, metodo esperimentalak, arrazoiketa logikoak, dedukzioak... Ideien zaparradak proposa daitezke, hipotesien formulazioak, bitarteko helburuak, azken helburuak, laburpenak, sintesiak, esperimentuak...
Irakaslearen rola ikasleak animatzea izan behar du, galderak egitea, zalantzak planteatzea, ordezko aukerak aipatzea edo proposatzea... Lidergoa monopolizatu gabe bideratzea. Irakasleak ez du bere jakinduria zuzenean transmitituko, zeharka baizik. Horrek lan handia eskatuko dio problema egokiak planteatzea ez baita erraza eta talde bat bideratzea lidergoa erabat monopolizatu gabe ez baita xamurra. Horrelako lana bideratzeko baliabideak aurkitzea ez da erraza izaten eta testu-liburu tradizionaletan, esate baterako, ez dira baliabideak erraz topatuko.
Ikasteko osagaia | Irakaskuntza tradizionala | Problemetan oinarritutako irakaskuntza |
---|---|---|
Ikasteko giro egokia sortzeko ardura. Ikasteko materialak sortzeko ardura. | Irakasleak sortuko du ikasteko giro egokia. Irakasleak sortu eta kudeatuko ditu ikasteko materialak. | Irakasleak aurkeztuko du egoera bat eta ikasleek bilatu beharko dute hori ikasteko materialak eta ikasteko giroa ikasleek sortu beharko. |
Ikas sekuentziak | Irakasleak sortu eta kudeatuko ditu. | Ikasleek protagonismo osoa izango dute ikasteko bideak sortzen, diseinatzen. |
Problemak eta ariketak noiz landu | Teoria landu eta ikasi eta gero. | Problemek eta ariketek sortuko die ikasleei teoria ikasteko beharra. |
Ikasteko ardurak nork hartuko ditu bere gain | Irakasleak. | Ikasleek. |
Ikaslea: | Hartzaile. | Sortzaile. |
Aditua non | Irakaslea da aditua eta ikasleek irakaslearengandik ikasiko dute. | Irakaslea ikasten ari den taldearen partaide edo laguntzaile rola hartuko du, bidea eta helmugak gehiegi erakutsi gabe. |
Ebaluazioa | Irakasleak erabakiko du zer, nola, noiz ebaluatu. | Ikasleek euren buruak ebaluatuko dituzte, taldekideak ebaluatuko dituzte, prozesuak ebaluatuko dituzte... |
Ikasle batek edo ikasle talde batek testuinguru jakin batean dagoen informazioa lortu eta kudeatu beharko du eginbehar bat burutzeko, problema bat ebazteko, erronka bati aurre egiteko[12]. Arazoa, problema, egoeraren konpontze lana ikaslearentzat edo ikasle taldearentzat ez da errazegi izan behar. Adin horretako gaitasunen araberakoa izan behar du.
Ariketa konplexua izan behar du, ikasleen gaitasunen neurriko oztopo, erronka izan behar du. Erronkari aurre egiterakoan ikasleek ikasi egingo dute. Ikasleek, euren konpetentziak erabiliz, euren konpetentziak garatuko dituzte.
Testuingururik gabeko arlo-edukiak ikastea saihesten da.
Konpetentziak garatzea da helburu eta garapen hori ebaluatzeko bideak topatu behar[13].
Problemak, arazoak edo erronkak ikaslearen testuinguruan sinesgarri gerta daitekeen egoera korapilatsu bat deskribatu behar du. Problemaren deskripzioak problema ebazteko informaziorik garrantzitsuena bideratu behar du, baina beharrezkoa ez den informazioa edo garrantzi eskaseko informazioa ere eskaini daiteke. Problema ebazteko, erronkari aurre egiteko ikasleek aurretik ikasitakoa erabili beharko dute eta arazo egoera konpontze bidean konpetentziak garatuko dituzte, zerbait berri ikasiko dute.